Mobilizazioak indar pixka bat galdu du, baina sindikatuek ez dute etsi

Erretretaren erreformaren aurkako 11. protestan ere milaka lagun batu dira Baionan. Ostegunerako hamabigarrenera deitu dute, Frantziako Kontseilu Konstituzionalaren ebazpenaren bezperan

Purple block izeneko emakumeak, erretretaren aurkako hamaikagarren manifestazioan, atzo, Baionan. PATXI BELTZAIZ.
Iker Aranburu - Garazi Aduriz
2023ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Nekea bai, baina etsipena ez. Erretretaren erreformaren aurka aurretik izandako hamar mobilizazio egunek Frantziako Gobernua makurrarazi ez dutela ikusi duten arren, 11. aldiz kalera atera ziren atzo milaka lagun Baionan, eta ehunka mila Frantzian. Manifestazioek, oro har, aurrekoek baino jende pixka bat gutxiago bildu dute, baina sindikatuek ez dute etsi, eta hamabigarren protesta egunera deitu dute ostegunerako. Hurrengo eguna, ostirala, egun erabakigarria izango da erreformaren aurkako mugimenduarentzat, egun horretan emango baitu legeari buruzko ebazpena Frantziako Kontseilu Konstituzionalak.

Egun hori iritsi bitartean, mobilizazioei eustea da sindikatuen xedea, eta gaur hasiko diren eskolako oporrek erreformaren aurkako haserrea ez itzaltzea. Baionan, behintzat, ez da gertatu. Xingar feria hasi zen atzo Lapurdiko hiriburuan, baina hura ez zen kaleak bete zituen egitasmo bakarra. Intersindikalak 15.000 pertsona batu zirela esan zuen, eta Poliziak 5.000 zenbatu zituen.

Mobilizazioa giro lasaian iragan zen, eta bezperan sindikatuetako buruek Elisabeth Borne lehen ministroarekin egindako bilera antzua izan zen aipagaietako bat. «Ez genuen deus espero bilkura horretatik, eta, beraz, ez gara asegabeturik atera; hala ere, garrantzitsua zen joatea, erakutsi behar baitzen intersindikala legea atzera botaz gero prest dagoela gobernuarekin hitz egiteko, eta blokeatzea gobernuarengandik datorrela», azaldu zuen Bartelemi Mottay FSU sindikatuko kideak.Mottayk oroitarazi zuen 2006an Frantziako Parlamentuak CPE lehen enplegatze kontratuaren legea onartu eta hamar egun geroago indargabetu zuela Kontseilu Konstituzionalak.

Patricia Gloryk (CGT) nabarmendu zuen Baiona inguruan bereziki trenbideetako langileak eta energia sektoreetako langileak daudela greban, eta LABeko kide asko ere hala direla gaineratu zuen Argitxu Dufau sindikatu abertzaleko arduradunak. Onartu zuen, ordea, haientzat egoera gero eta zailagoa dela. «Hala ere, sindikatu antolatuak gara, eta erresistentzia kutxa bat daukagu gure afiliatuentzat».

Dufauk greba mobilizazioek sortzen duten tentsioa «atxikitzeko prest» direla esan zuen, eta «nahi duten» beste sindikatuekin antolatzen direla ekonomia blokeatzeko xedez ekintzak egiteko. «Baldintzak sortu eta mantentzen baditugu, irabaziko dugu».

Grebalariei dagokienez, Hezkuntza Ministerioak esan zuen ostegunean irakasleen %8 zirela greban, baina FSU sindikatuak %20ra igo zuen kopurua lehen hezkuntzan. Beste langile publikoen artean, %4 eta %6 artean izan ziren.

Erreferenduma ere gogoan

Parisko manifestazioan 400.000 lagun bildu ziren, CGTren arabera. Sindikatu horretako idazkari berriak, Sophie Binetek, iragarri zuen «edozein gerta ere» mobilizazioak jarraituko duela erreforma bertan behera utzi arte.

Haren alboan, Laurent Berger CFDT sindikatu erreformistako buruak aldarrikatu zuen mobilizazioak «herritarren babesa» duela oraindik, eta azaldu zuen ez duela auzitan jarriko Konstituzionalaren epaia, «gustukoa izan ala ez».

Sindikatuek badute beste arrazoi bat Kontseilu Konstituzionalari begira egoteko: haren esku dago onartzea ekinaldi partekatuko erreferenduma. Ezkerreko parlamentariek egin dute eskaera, eta Konstituzionalak onartuko balu, hurrengo urratsa izango litzateke hautesleen %10en sinadura lortzea; guztira, 4,87 milioi sinadura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.