Europako Batasuneko ohiko banaketa hankaz gora jarri du gasaren eskasiak. Euroaren krisiarekin eta koronabirusarekin laguntza eskatu zuten hegoaldeko herrialdeen txanda da orain «nein» esateko, ez dutela beraiek ordaindu nahi iparraldekoek energia estrategian egindako akatsak. Gaur bilduko dira EBko gobernuburuak, desadostasunak alde batera utzi eta datorren neguan gasaren kontsumoa %15 murrizteko neurriak adosteko.
Ezohiko bilera da Europar Kontseiluarena, eta horrelakoetan ohikoena izaten da bilera goizaldeko ordu txikietara arte luzatzea. Halakorik gertatuko dela ziurtatzerik ez dago, baina akordioa lortzea neketsua izango dela erakusten dute orain arteko adierazpen publikoek.
Europako Batzordeak zabaldu zuen jokoa joan den asteazkenean, bere proposamena plazaratu zuenean. Hasieran estatu kide guztiak derrigortu nahi zituen gas kontsumoa %15 murriztera, baina ikusi zuen proposamen horrek ezingo zuela aurrera egin, Errusiako gasaren mendekotasunik txikiena duten estatu kideak ez zeudela prest sakrifiziorik egiteko, beren hornidura bermatuta dagoelako.
Beste aldean, Alemania. Planaren alde mintzatu da, eta gogorarazi du Errusiako gasaren kuota %55etik %26ra murriztu ahal izan duela azken hilabeteetan.
Akordioa lortu nahian, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eskaini zuen borondatezkoa izatea %15eko murrizketa, eta soilik derrigorrezkoa izatea baldin eta EB osorako alerta maila erabakiz gero.
Proposamen horren aurka ozen mintzatzen lehena Espainia izan zen, EB osoan Errusiako gasaren mendekotasun txikienetakoa duen estatua. Iaz inportatutako gasaren %8,7 iritsi zen handik; aurten %8ra jaitsi da kuota hori, baina azken asteetan berriro gora egin du —%12 maiatzean—, biltegiak betetze aldera Errusiako hainbat gasontzi iritsi baitira Bilboko portura. Espainiaren hornitzaile nagusiak Aljeria (%42,8, iaz), AEBak (%42,8) eta Nigeria dira (%11,5).
Madrilek argudiatu du bere kontsumoa gutxitzeak ezer gutxi lagunduko diola Alemaniari, hara gas asko bidaltzeko azpiegiturarik ez dagoelako, eta bere industriari kalte handia egingo liokeelako; hark kontsumitzen duen gasaren erdia eta laurdena bana dute energia sektoreak eta etxeetako kontsumoak.
Gaur egun, Euskal Herria zeharkatzen duten bi gasbide txiki dira Iberiar penintsularen eta kontinentearen gainerako herrialdeen arteko lotura bakarrak: Euskadour, eta Zuberoa eta Nafarroa zeharkatzen dituena. Pirinioak Katalunian zeharkatuko lituzkeen Midcat gasbidearen proiektua berriro hartu dute, baina urteak beharko dira egiteko.
Proposamen bigunagoa
Espainiaren ezezkoari batu zitzaizkion hegoaldeko beste hainbat —Portugal, Malta, Grezia—,eta Bruselak bere proposamena are gehiago bigundu behar izan du. Azken zirriborroan, kontsumoa apaltzea borondatezkoa da, eta herrialde bakoitzaren ezaugarriak aintzat hartuko dira salbuespenak egiteko. Salbuespen horiei kopuru batzuk ematea izango da gaurko bileraren gakoetako bat. Gasaren kontsumoa %15 murriztu nahi ez dutenei eskatuko diete arazoak izan ditzaketen beste herrialde batzuk hornitzen laguntzeko.
Madrilek argudiatu du jada ari dela horretan, eta azken asteetan jasotzen duen gasaren %20 beste herrialde batzuetara doala, batez ere Portugalera eta Frantziara.
Gainera, derrigorrezkoa izateko bidea zailagoa izango da: bost estatu kidek eskatu beharko dute alerta egoera, eta kideen gehiengoak onartu beharko luke.
Hegoaldekoen txanda
Gas kontsumoa %15 apaltzeko proposamena adostu behar dute gaur EBko gobernuburuek. Hegoaldekoek izkin egin nahi diote murrizteko aginduari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu