Argindar konpainia publiko bat sortzea aztertzen ari da Espainiako Gobernua

Kontzesioa bukatu zaien zentral hidroelektrikoak sartuko lituzke enpresa publiko horretan. Tarifa arautuan aldaketak egiteko aukera ere aipatu du

Azken astean, argindarrak egunero hautsi du bere prezio gorenaren marka. JUAN CARLOS HIDALGO /EFE.
Iker Aranburu.
2021eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Argindarraren prezio igoera etengabeak orain arte baztertutako bide batetik tira egitera bultza dezake Espainiako Gobernua: konpainia publiko bat sortzera. Teresa Ribera Trantsizio Energetikoko ministroak iragarri du aztertzen ari direla zentral hidroelektrikoekin enpresa publiko bat sortzea, behin horiek kudeatzen dituzten enpresa pribatuen kontzesioa bukatzen denean. Konpainia elektrikoen patronalaren proposamenari jarraikiz, tarifa arautuan aldaketak egiteko aukera ere aipatu du, prezioa egonkorragoa izan dadin.

Berez, konpainia publiko bat sortzeko erresistentzia ez da Espainiako Gobernu osoarena, haren osagai nagusiarena baizik: PSOErena. Bazkide txikiak, Unidas Podemosek, enpresa publikoaren sorrera defendatu du azkenaldian, eta, Ione Belarra idazkari nagusiaren bitartez, txalotu egin du Riberaren iragarpena.

Behin urtegiak eta zentralak eginda daudela, argindarra sortzeko modu merke bat da hidroelektrikoa, energia iturri berriztagarria eta doakoa duelako. Baina azken asteetan kontsumitzaileen elkarteek ohartarazi dute konpainia elektrikoek ez dutela garbi jokatu zentral hidroelektrikoekin, eta gasaren prezioan eskaini dutela horietatik lortutako argindarra. Hidraulikoa ez baita, eolikoa edo fotovoltaikoa bezala, sortu ahala kontsumitu behar den energia bat, erregula daitekeen emari batek sortutakoa baizik.

Ulertzen denez, konpainia hidroelektriko publiko bat sortuko balitz, prezio merkeak eskainiko lituzke pool edo handizkako merkatuan, eta horrek azken prezioa merkatuko luke.

Lege aldaketa, martxan

Edonola ere, horrelako enpresa publiko bat sortzeko eta zentral kopuru esanguratsu bat haren esku izateko, urteak beharko dira. Eta urteak agian ez, baina hilabeteak beharko dira ziur aski Espainiako Gobernuak argindarraren prezioak jaisteko asmoz proposatutako lege proiektua indarrean jartzeko: zerutik eroritako irabaziena. Horrela deitzen zaie zentral hidroelektrikoek eta nuklearrek jasotzen duten sariari, kostu txikiekin gasaren prezioa eskuratzen dutelako.

Dagoeneko indarrean den neurria, berriz, BEZaren jaitsierarena da. Megawatt-ordua 65 eurotik gora dagoen egunetan, BEZa %21etik %10era jaitsi du Madrilek, eta horrek asko lagunduko du merkatu arautuan dauden herritarren —ia %40— faktura ez asko igotzen hurrengo hilabeteotan.

Halaber, Espainiako Gobernuak aldi baterako eten du argindar konpainiek ordaintzen duten %7ko zerga berezia.

Espainiako Gobernuak badu beste aukera bat mahai gainean; tarifa arautua bera erreformatzea. Aelec argindar ekoizle handien patronalak eskatu zuen erreforma hori herenegun, eta prezio finkoagoak dituen tarifa bat proposatu zuen. Hau da, merkatu librean dauden hamarretik sei horiek ordaintzen dutenaren antzekoagoa —eta orain arte, kasu gutiz gehienetan, garestiagoa dena arautua baino—.

Ribera ministroak ontzat hartu du patronalaren eskaera aztertzeko eta gorabehera gutxiago dituen tarifa arautu bat sortzeko aukera. Aukeratu ditzakeen formulen artean aipatu ditu tarifaren kopuru finkoa handitzea eta aldakorra mugatzea. Edonola ere, Trantsizio Energetikoko ministroak adierazi du 2013an tarifa arautua sortu zutenetik hura erabili dutenek prezio merkeagoak ordaintzen dituztela merkatu librean daudenek baino.

Bruselaren ezezkoa

Europako Batzordeak estatu kideei gogorarazi die tarifa arautu horren bidez argindarra merkatu ahal zaiela herritar zaurgarrienei. Haren iritziz, ez dago handizkako merkatua aldatzeko inolako arrazoirik, uste baitu gaur egungo sistemak ongi funtzionatzen duela.

Espainiako Gobernua ez da iritzi berekoa, eta horregatik deitoratu du Bruselak merkatua erreformatzeari ezetz esan izana. Riberaren iritziz, sistema zaharkitua dago, eta kontsumitzaileei kalte egiten die, ez dielako ematen aukerarik energia berriztagarrien kostu txikiagoez baliatzeko, eta guztia energia garestienaren prezioan ordaintzen dutelako, hau da, gasaren prezioan.

Gasaren garestitzeak ez ezik, CO2 isurketa eskubideen prezio gero eta handiagoek ere ekarri dute argindarra garestitzea, baina EBk ez du asmorik horiek gutxitzeko, energia iturri garbiagoetara igarotzeko tresna bat baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.