Azken egunotan, migratzaileak pilatzen ari dira Irunen (Gipuzkoa). Iritsitako gehienak otsailean joan ziren Kanaria uharteetatik Iberiar penintsulara, eta muga zeharkatu eta Frantziako Estatura pasatzea dute asmo, migrazio ibilbidearekin jarraitzeko. Ordea, oztopo garrantzitsu batekinegiten dute topo: itxita dago muga, eta zorrotzak dira kontrolak.
Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak emandako azken datuen arabera, guztira 98 pertsonak igaro zuten igande gaua Irungo eta Hondarribiko aterpetxeetan, tartean lau adingabe. Hain zuzen, Irungo Belaskoenea auzoko aterpetxean 58 pertsonak pasatu dute gaua; 30 lagun artatu zituen Irungo erromesen aterpetxeak, eta Hondarribikoak, berriz, beste hamar. Larunbat gauean, 106 migratzaile zeuden aterpe horietan. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak atzo adierazi zuen gauean hainbat migratzaile saiatu zirela muga zeharkatzen, baina batzuek itzuli egin behar izan zutela. «Mugimenduak egon dira gau osoan».
Migratzaileen iritsierari erantzuteko, Eusko Jaurlaritzak kontingentzia planaren bigarren fasea aktibatu zuen larunbatean, eta iheslariei aterpea emateko espazio berriak atondu zituen. Legarretak argitu zuen «kalean inor ez uztea» dela helburua. Jaurlaritzaren arabera, guztiek jaso dituzte arropa, maskarak, jatekoa, edatekoa eta higiene pertsonalerako kit bana, eta inork ez du gaua kalean igaro. Hala, pixkanaka, mugako migratzaileen jarioa «ohiko mailara» itzultzen ari dela jakinarazi zuten atzo. Legarretak adierazi zuenez, Jaurlaritzaren helburua «erantzun egokiak» ematen jarraitzea izango da, eta, horretarako, «elkarlana» da bidea.
Ehun migratzailetik gora iritsi dira egunotan Irunera, gehienak ostiralean, eta horrek iheslariei aterpea emateko zerbitzuak indartzera behartu zuen Jaurlaritza. Muga itxita egoteak eta kontrol zorrotzek ere aterpetxeak betetzea ekarri dute, eta migratzaile ugari pilatu dira Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan, Europa iparralderanzko bidean. Pandemiak ere izan du eragina. Irungo Belaskoenea auzoko aterpetxeak ehun bat lagunentzako lekua izan ohi du, baina, COVID-19aren izurriaren harira hartu beharreko neurrien eraginez, murriztuta zeukan ohe kopurua. Horiei «ohiko baliabideekin» erantzun ahal izan diela azaldu zuen Legarretak.
Gari Garaialde Irungo Harrera Sareko kideak egoeraren analisia egin du: «Muga pasatu nahian datoz, eta ezer ez daukaten hiri batera iristen dira, bertan gelditu nahi ez duten toki batera. Fisikoki ez daude gaizki, baina betiko ezjakintasun hori dute». Egoerak «kezkatzen» dituela onartu du, eta muga zeharkatzeko debekua dela medio posible dela egoki kudeatzeko zaila den jende kopuru bat pilatzea: «Seguruenik, denbora batean egon beharko dute hemen, egonean, beren migrazio ibilbidea etenda, aurrera ezin jarraituta». Frantziako Poliziaren jarrera ere salatu du: «Debekatua dute pasatzea; orduan, harrapatzen badituzte, itzuli egiten dituzte. Hendaiarako edo Baionarako bidean hartu, eta berriro Irunera sartzen dituzte. Gehienetan, mugara eraman eta bertan uzten dituzte».
Jaurlaritzak asteburuan jazotako «ezohiko» egoerari emandako erantzunaren inguruan, Garaialdek adierazi du «nahiko azkar eta ondo» mugitu direla: «Erantzun bat eman du, eta ez da gutxi». Jakinarazi du duela bi asteko asteburuan lagun asko iritsi zirela, eta, ezin izan zutenez muga pasatu, joan den asteburuan eta astean zehar etorritako guztiekin «kolapsatu» egin dela Gurutze Gorriak kudeatzen duen Irungo aterpetxea. «Asteburuan, gehienek egin dute lo atondutako aterpeetan. Gehienek esaten dut, badagoelako Jaurlaritzak markatzen dituen irizpideak betetzen ez dituen jendea».
Legarretak nabarmendu zuen «pandemiaz eta mugimenduari ezarritako mugez harago» migrazioaren fenomenoak existitzen jarraitzen duela. Artolazabalen esanetan, migrazioaren arazoa Europa osoan dago: «Egiturazko arazoa da, eta erantzun bateratua eman behar zaio». Bestalde, nabarmendu du Espainiako Estatuarekin koordinazio eta komunikazio handiagoa izatea komeni dela migratzaileak hobeto artatzeko.
Kanarietan, egoera zaila
Juan Carlos Lorenzo Kanarietako CEAR erakundeko kidearen arabera, egun zaurgarriak diren kolektiboak bakarrik ari dira Kanarietatik lekualdatzen, ez gehiago. «Horiek dira baimentzen ari diren bakarrak». Kanarietako egoera «larria» dela adierazi du, eta beste neurri batzuk eskatu ditu. CEAReko kideak azpimarratu du martxan jarri behar dela migratzaileak lekualdatzeko prozesua, bestela jendea zentroetan atxikita dagoela, «lurralde ultraperiferiko batean, eta inolako aukerarik gabe». «Migratzaileak uhartean blokeatuta daude, eta ezin dute jarraitu euren migrazio ibilbidearekin».
98 migratzailek igaro dute gaua Hondarribiko eta Irungo aterpetxeetan
Lapurdira zeharkatu eta Frantziako Estatura pasatzea da etorkinen helburua. Eusko Jaurlaritzak esan du «ohiko mailara» itzultzen ari dela migratzaileen jarioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu