Gizartean diskriminazioa gertatzen dela uste dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamar herritarretik zortzik, eta batez ere honako hauek pairatzen dutela aukera berdintasunik eza: baliabide gutxi dituztenek, gutxiengo etnikoek eta emakumeek. Herritarrek eremu guztietan atzematen dituzte diskriminazio egoerak, baina uste dute bereziki nabarmena dela etxea alokatzeko, lanpostu bat lortzeko eta lantokian ardura postu bat eskuratzeko garaian. Ikuspegi immigrazioaren behatokiak egindako inkesta bateko datuak dira horiek, honako lan honetan jasoak: Aniztasuna eta diskriminazioa Euskadin: diskriminazioaren inguruko jarrerak eta pertzepzioak.
Irune Ruiz Ikuspegiko kideak ikerlanaren aurrerapen bat aurkeztu zuen immigrazioari eta integrazioari buruz EHU Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako jardunaldietan. Gizarteak aniztasunari buruz dituen «jarrerak eta pertzepzioak» neurtu dituzte txostenean, baina Ruizek argi utzi du ez dutela «errealitate objektibo» bat islatu. Nolanahi ere, gizartean diskriminazioa zenbatekoa den jakiteko arrastoa ematen du Ikuspegiren ikerketak, herritarren iritzietan oinarrituta.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 1.200 biztanleren artean egin dute inkesta, otsailetik uztailera bitartean. Eta, inkestaren datuei erreparatuz gero, ondorio argia atera daiteke, Ruizen esanetan: «Herritarrek diskriminazioari buruz duten pertzepzioa handia da». Hamar lagunetik zortzik uste dute gizartean aukera berdintasunik ez dela egoten etxebizitza alokatzeko, ez eta lanpostu bat lortzeko orduan ere. Ardura postu bat lortzeko garaian ere bazterkeria egoten dela uste dute hamarretik zazpik. Hirutik bik uste dute, gainera, legeak ez zaizkiela gisa berean aplikatzen herritar guztiei, eta hirutik batek uste dute denei ez zaiela modu berean bermatzen zerbitzu publikoetarako sarbidea. Herritarren erdiek, gainera, argi dute etnia edo arraza dela diskriminaziorako arrazoi nagusia: horrela uste dute galdekatuen %49k. Haien ustez, ijitoa, musulmana edo atzerritarra izatea «kaltegarria» izan daiteke etxebizitza bat alokatzeko edota lanpostu bat eskuratzeko. Baina Bazterkeria beste kasu batzuetan ere ohikoa izaten dela uste dute herritarrek, txostenak agerian utzi duenez: %42k iritzi diote buruko gaitzen bat dutenek ere diskriminazio egoerak bizi dituztela.
Ardura postu bat lortzeko orduan, berriz, emakumeek jasaten dute diskriminazioa batez ere, galdekatuen %48k uste dutenez. «Kristalezko sabaiaren pertzepzio kolektiboa baieztatzen dute datuok», dio Ikuspegiko ikerlariak.
Herritarren aurreiritziak eta pertzepzioak dira azterketaren ardatza, baina biztanleek bizi izandako esperientziei ere egin diete tartea. Datuek agerian utzi dutenez, galdekatuen artean honako hauek dira diskriminaziorako biderik ohikoenak: emakume izatea (%11k jasan dute), adina (%7), eta jatorria edo herritartasuna (%6). Generoen arteko arrakala ere handia da kasu horietan: izan ere, emakumeak gizonak baino «nabarmen baztertuagoak» sentitu dira. Hara emakumeen erantzunak: emakume izate hutsagatik sentitu dute diskriminazioa %18k, adinagatik %8k, haurdun egoteagatik %2k.
Ijitoak, arazo
Ikuspegik aztertu du herritarrek zer jarrera duten gizarteko aniztasunaren aurrean, «elkarbizitza» nolakoa den jakiteko. Galdera bat egin dute: «Zenbateraino irudituko litzaizuke deserosoa zure auzoan honelako pertsona bat edukitzea?». Emaitzek erakusten dute hiru kolektibo hartzen direla nagusiki elkarbizitzarako arazo gisa: ijitoak, musulmanak eta migratzaileak. Inkesta erantzun dutenen erdientzat(%50), izan ere, ez litzateke deseroso izango auzoko bizilagunak pertsona ijitoak izatea; edo, beste era batera esanda, ijitoak deserosoak ez direnik ez dute esan galdekatuen %50ek. Herritar musulmanen kasuan, ez litzateke deseroso izango galdekatuen %68rentzat, eta migratzaileen kasuan, %72rentzat. Portzentaje horien atzetik daude buruko gaixotasunak dituztenak, transexualak edo transgeneroak, gayak, lesbianak edo bisexualak, eta desgaitasun intelektualaren bat dutenak.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren artean diskriminazio jarrerak izaten dira esparru askotan, baina datuek erakusten dute ez dela apenas salaketarik aurkezten. Diskriminazioa sentitu dutenen artean, izatez, salaketa jartzen dutenen proportzioa oso txikia da: %5. Salaketarik ez jartzeko arrazoiak ere aztertu ditu Ikuspegik, eta erantzunak «kezkatzeko modukoak» direla azaldu du Ruizek. Izan ere, galdekatuen erdiek uste dute diskriminazio egoera bat salatzeak ez duela ezertarako balio, eta %15ek pentsatzen dute bazterkeria egotea «normala eta ohikoa» dela. Datuok «oso larriak» direla iritzi dio Ikuspegiko arduradunak, diskriminazio ekintzen «naturalizazio» bat gertatu delakoan.
Txostenaren emaitzak ez ditu ustekabean hartu Ikuspegiko arduradunak. Ruizek aitortu du espero zituztela horrelako erantzunak, baina oraindik aztertzeko dutela COVID-19aren izurriak eta horri lotuta indarrean jarritako neurri murriztaileek nola eragin duten herritarren pertzepzioan. «Krisialdi egoeretan ohikoa izaten da gizarteak inguruarekiko ikuspegi kritikoagoa izatea».
Herritarren erdiek uste dute arraza diskriminaziorako bide izaten dela
Ikuspegik egindako inkesta batek dioenez, herritarrek uste dute diskriminazioa ohikoa dela etxe bat alokatzeko eta lanpostu bat lortzeko. Ohartarazi dute bazterkeria kasuen %5 baino ez direla salatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu