Maria Txibitek Siemens Gamesari eskatu dio bi milioi euro itzul ditzala

Nafarroako Gobernuak 12,7 milioi euro eman zizkion enpresari 2007tik 2015era bitartean, ikerketa eta garapeneko eta enplegu arloko laguntzen bidez. Txibitek enpresari egotzi dio akordiorik ez egotea

Asteartean, Iruñea erdiguneko errepidea moztu zuten SIemens Gamesako langileek. VILLAR LOPEZ / EFE.
Joxerra Senar - Paulo Ostolaza
2020ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak gogor gaitzetsi zuen Siemens Gamesaren jokabidea, atzo: «Agoizko lantegia ixtea deslokalizazio bat da, argi eta garbi». Horregatik, Nafarroako Gobernuak enpresaren aurkako neurriak har ditzakeela iragarri zuen. 11 urte soilik ditu Siemens Gamesaren Agoizko plantak. Nafarroako Gobernuak esku hartu zuen lantegia han kokatzeko, eta ordutik igarotako urteetan hainbat laguntza publiko jaso ditu konpainiak. Txibiteren arabera, ordea, lantegia ixten badute, laguntza horiek jasotzeko baldintzak betetzeari utziko dio Siemens Gamesak, eta horregatik eskatuko dio jasotako laguntzetatik bi milioi euro itzultzeko.

Txibitek ez du zehaztu zenbaten laguntzak jaso dituen gaurdaino Siemens Gamesak. Iragan legealdian, enpresak iragarritako 107 langileren kaleratzeak ikusirik, EH Bilduk gobernuari galdetu zion ea ordura arte zenbat laguntza jaso zituen. Erantzun ziotenez, 2007tik 2015era 12.679.136,7 euro jaso zituen, batik bat ikerketa eta garapeneko zein enplegu eta inbertsioko laguntzetan. Informazio horren arabera, enpresak laguntza gehien 2007tik 2010era arteko epean jaso zituen (7.370.994,81 euro, zehazki). Hain zuzen ere, 2010ean iragarri zuen Gamesak Altsasuko lantokiaren itxiera, eta urtebete lehenago Agoizkoa ireki zuen.

Kenkarien gaineko galdera

Siemens Gamesak itxiera iragarri ondotik, uztail hasieran, EH Bilduk berriro ere galdetu zion gobernuari ea azken hamar urteetan zer laguntza jaso dituenSiemens Gamesak, eta zenbat erabili dituen Agoizko plantarako. Halaber, taldeak informazioa eskatu zuen kenkariez eta azken hamar urtetako sozietate zergaren aitorpenaren zenbatekoez. 2017ko abenduan, antzeko eskaera bat zela-eta, zerga arloko datuak «isilpekoak» zirela zehaztu zuen Mikel Aranburu orduko Ogasun sailburuak.

Asteazkenean, langileen batzordea Nafarroako Gobernuko ordezkariekin bildu zen, baina amaieran atsekabetuta azaldu ziren: «Egin duen ekintza batek berak ere ez du funtzionatu, eta, oraindik, ez digu proposatu enplegua mantentzeko aukerarik». Gobernuak ezintasuna erakutsi duela azpimarratu zuten.

Atzo, Maria Txibitek nabarmendu zuen hasieratik babestu duela langile batzordea: «Dena den, badakit egoera oso zaila bizitzen ari direla, duela hiru hilabete dena ondo baitzihoan». Gainera, gaitzetsi egin zuen Siemens Gamesaren jokabidea, «langileekin ez delako zintzoa izan eta ez dielako eman egoeraren berri».

Akordio bat egin ez izanaren erantzukizuna enpresari egotzi zion, «ez duelako negoziatu nahi izan». Txibiteren esanetan, hainbat konponbide jarri dizkio mahai gainean Siemens Gamesari egoera bideratzeko: «Gure esku zegoen guztia egin dugu, eta ez gaitu langileen enpleguak soilik kezkatu, baita itxierak Agoitz inguruan izango duen eraginak ere».

Horri lotuta, alkatearekin ere hitz egin duela aipatu zuen Txibitek, eta datozen urteetan eskualde horren eta Nafarroa osoaren garapena eta lurralde oreka mantentzeko planen berri eman diola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.