Kanporaketak dilindan

Lauak enpresak 156 langile kanporatuko ditu Hazparneko lantegietan. Kezkati mintzatu dira bi behargin, eta zuzendaritzaren jarrera itxia salatu dute

Lauak taldearen lantegi bat, Hazparne eta Aiherra arteko mugan, artxiboko irudian. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Langileen ia herenak kanporatuko ditu Lauak aeronautika enpresak Euskal Herrian dituen lantegietatik; denetara, 156. Bistan denez, kezka eragin du berriak langileen artean. Haietako birekin mintzatu da BERRIA. Kanporaketen ezpata buru gainean dute biek, eta anonimo gelditu nahi izan dute. Plan soziala abiatu du zuzendaritzak, eta herenegun jakinarazi zuenez, azaroan hasiko da kanporaketekin. Bi langileek ez dakite azarotik goiti enpresan segituko duten ala ez, eta «injustizia» bat pairatzen ari direla esan du bietako batek. Lauak taldeak Hazparnen du egoitza (Lapurdi), eta herri horretan hiru lantegi ditu, eta haietako batek Aiherrako lurretan (Nafarroa Beherea) du pabiloi bat.

«Hemendik urte bukaerara, kasik 200 pertsona gutxiago izanen ditugu enpresan. Anitzek badute kreditu bat ordaintzeko, beste hainbestek haurrak hezteko. Ez dute berehala lanik topatuko, hegazkingintza krisi bete-betean delako. Garaia ez da erraza, ez», deitoratu du lehenak. «Gogorra izanen da», trenkatu du besteak.

Koronabirusaren krisiak gogor jo du aeronautika. Munduan %55 egin du behera hegazkinez bidaiatzen duten bidaiarien kopuruak, eta Euskal Herriko industrian kalte nabarmenak eragiten ari da hori. ITP Aero eta Aernnova izan dira kaleratzeak iragarri dituzten sektoreko lehen euskal enpresak, eta orain batu zaie Lauak. Oraingoz ez da iragarpenik sektoreko enpresarik handienean, Angeluko Dassaulten.

Zuzendaritza jomugan

Oraingoz, mobilizaziorik ez dute iragarri langileek. Izan ere, sindikatuek ez dute ordezkaririk Lauak enpresan. «Injustizia bat da. Sindikatuak hor egongo balira hobeki defendituko ginen. Baina zuzendaritzaren jarrera ikusirik, zerbait egin edo erraten badugu badakigu ondorioak pairatuko ditugula goiz ala berant...», salatu du batek. Zuzendaritzaren jarrera gaitzetsi du: «Nor ausartuko zaio nagusiari jazartzen? Nehor ez. Entseatu izan direnak badu aspaldi ez direla gehiago hor».

Bigarrena ez da hain franko mintzatu: «Egoera biziki zailada. Ez dakigu nor kanporatua izanen den eta nor ez... Baina ez dugu gauza handirik egiteko, ezin dugu deus ere ez egiten segitu», deitoratu du. «Testuinguru berezia da, hegazkingintza berriz abiatu behar da, nahi eta nahi ez».

Frantziako Gobernuak 15.000 milioi euro jarriko ditu industria aeronautikoa salbatzeko. «Estatuak Airbus eta AirFrance hobetsi ditu diru laguntzak emateko, baina enpresa txikiagoak pixka bat aparte utzi ditu. Azkenean, enpresa lodi horiek ere kanporaketak eginen dituzte. Diru laguntza horiek gaizki banatuak dira», beharginetako baten arabera. Bigarrenak: «Prestatzen duen sosa Estatuari itzuli beharko zaionez, enpresarentzat arrisku handia da diru laguntza hartzea».

Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroak aitortu du sektoreko 100.000 lanpostu inguru kolokan daudela, hau da, hirutik bat. Lauak enpresaren kasuan bederen, bete da iragarpena. Bi langileek argi dute: Lauak-en gertatuko dena «hasiera baizik ez da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.