Koronabirusa

Ordiziako positiboekin lotutako 48 kasu zenbatu dituzte dagoeneko

Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da Gipuzkoako herri horretan, eta tabernetako jarduna mugatu egingo dute. Hauteskunde Batzordea gaur elkartuko da egoera aztertzeko

Kalean, herritarrak maskara jantzita, atzo, Ordizian. JUAN HERRERO / EFE.
Arantxa Iraola Jon Ordoñez Garmendia Irati Urdalleta Lete
2020ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Nekane Murga Osasun sailburuak atzo jakinarazi zuen Ordizian egunotan koronabirus kasuak detektatzeko egin dituzten 1.692 testetan 28 positibo atzeman dituztela, eta izurriaren oldarraldi horri dagozkion 48 kasu daudela denera. «Gaur [atzo] beste 350 test inguru egingo ditugu», adierazi zuen: «Agertuko dira kasu gehiago». Hala ere, azaldu zuen oraindik ez dela inor agertu osasunez larri dagoena.

Arduratuta daudela onartu zuen Jaurlaritzako ordezkariak, eta Ordizian, esaterako, derrigortu egingo dutela maskaren erabilera: «Kalean eta espazio itxi publikoetan beti erabili beharko da». Taberna gune batean izan zuten sorburua kasuok, eta, horregatik, «aisialdi eremuarekin» lotutako neurriak ere hartuko dituzte, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratutako aginduan ageri denez. Ostatuek bezeroen erdiak besterik ezingo dituzte hartu, barran ezingo da ezer hartu, eta jendeak eserita egon beharko du tabernetan. Terrazetan, halaber, zorrotz kontrolatu beharko dira distantziak. Horiez gainera beste neurririk ez dutela hartuko esan zuen: «Konfinamendurik ez da behar».

Ordiziako elkarte eta antzekoetan ere bete beharko dira tabernetarako ezarri dituzten neurriak. Ordutegia ere ezarri diete denei: 23:30erako itxi beharko dituzte. Gazteen lokalei dagokionez, halakoetan ezingo da inor ibili. Ordiziako udal ordezkariak ostalariekin elkartu ziren atzo, neurri horiek azaltzeko.

Bilera egin zuten asteartean Jaurlaritzako agintariek inguruko beste hainbat udaletako ordezkariekin ere, baina, oraingoz, muga horiek ezarriko dituen araubidea Ordizian bakarrik bete beharko dela adierazi zuen Murgak. «Neurriak Ordiziara mugatuko dira; beharrezkoa ikusten bada, zabaltzea ez da baztertzen». Oraingoz beste herrietan «nabarmentzeko moduko transmisiorik ez» dagoela esan zuen, ordea. Bileran, Ordiziakoekin batera, Beasaingo, Lazkaoko eta Idiazabalgo ordezkariek parte hartu zuten. Kezkatuta daude herri horietan ere izurriak inguruetan zer oldarraldi izango ote duen. Horren adierazle izan daiteke gaurko deitu duten COVID-19aren jarraipen batzordea. Asteartean egon ez ziren hainbat herrik ere parte hartuko dute gaurkoan. Hain zuzen, Osasun Sailak eta Segurtasun Sailak ez ezik, Ordiziako, Legorretako, Itsasondoko eta Tolosako (Gipuzkoa) udaletako ordezkariak bileran izango dira, baita Osakidetza ere.

Igandeko bozetara begira, Hauteskunde Batzordea gaur bilduko da egoera aztertzeko eta erabakiak hartzeko. Prebentzio neurriak ezarrita daudela azaldu zuen Osasun sailburuak, eta ez dela eragozpenik egongo Ordizian botoa ematera joateko.

Pertsonak bakartzeko hotel bat irekita daukatela esan zuen, eta lekuak badirela libre. «Hotel horrek asteak daramatza martxan. Orain arte tokia egon da. Betetzen bada, gehiago ireki beharko dira. Etxean bakartu ezin direnei beti ematen zaie aukera hara joateko». Bizkaian dagoela zehaztu zuen.

Datuak eguneratzean guztira azken orduetan beste 31 kasu zenbatu dituztela onartu zuen Murgak; hemeretzi Gipuzkoan, zortzi Araban eta lau Bizkaian. Nafarroan apalagoak dira zenbakiak: beste lau kutsatu atzeman dituzte. Beraz, 35 kasu berri izan dira Hego Euskal Herrian. Hori maiatzaren 19tik egun batean izandako positibo kopururik handiena da —39 izan ziren orduan—. Murgak beste bi pertsona hil direla esan zuen; Nafarroan, aldiz, ez zuen beste heriotzarik iragarri.

Dena dela, Murgak esan zuen soilik Ordizian dagoela «aparteko neurriak» hartzeko moduko kasu kopurua: gainerakoetan aski dela oinarrizko prebentzio neurriekin jarraitzea. Biztanleria osoari ohartarazi zion, hala ere, gaiarekin adi ibiltzeko: «Herritar guztien laguntza behar da birusa ez transmititzeko».

Beste taberna bat itxita

Atzo goizean beste taberna bat itxi zuten Ordizian, orain arte itxi dituztenekin zerikusirik ez duen beste bat, laugarrena, beste kale batean. BERRIAk jakin duenez, horko zerbitzari batek positibo eman du, eta igandeaz geroztik harekin harreman zuzena izan dutenei konfinatzeko eskatu diete. «Positibo ahula» dela esan dio BERRIAri tabernaren jabeak. Erantsi duenez, zerbitzari horri esan diote posible dela Ordiziako fokua sortu aurretik egotea kutsatuta. Langilea etxean dago, osasunez ondo.

Positibo eman duen langilea asteburuan ez zen lanean izan, eta astelehenean lau orduz aritu zen lanean maskara jantzita. Tabernako sukaldariarekin jardun zen, eta hark negatibo eman du PCR proban. Tabernaren jabea atzo joan zen probak egitera, eta taberna ixtea erabaki zuen, bere kabuz.

Eragina inguruan ere

Ordizian ez ezik, inguruko herrietan ere nabaritzen ari da fokua. BERRIAk jakin duenez, Beasaingo CAF enpresan, esaterako, erabaki dute aldi baterako «aurreko fase batera atzera» egitea. Eragina izango du langileen egunerokoan: bilerak egiteko gelak itxi, eta telematikoki egin beharko dituzte; dutxak itxiko dizkiete, eta jantokiko lokalak ere bai...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.