Donald Trumpek AEBetako agintaritza eskuratu eta Txinako produktuei gerra deklaratu zienetik, hodei beltz batek estali du nazioarteko ekonomia, baina negoziazio aldi gogor baten ostean, Washingtonek eta Pekinek sinatu dute haien arteko merkataritza gerra geldiarazteko akordioaren «lehen fasea». Atzo irudikatu zuten hori Trumpek eta Liu He Txinako lehen presidenteordeak, Etxe Zurian. Dena den, bi herrialdeen arteko konpromisoak mugatuak dira: menia hauskor bat sinatu dute, hitz egiten hasi aurretik arazo zirenetako asko konpondu gabe utzi baitituzte.
86 orri dituen akordioaren zati batzuk baino ez dituzte ezagutarazi, eta AEBetako komunikabideen arabera, ez dute osorik zabalduko. Oro har, Txinak gehiago irekiko dizkie bere merkatuak AEBetako produktuei, bereziki lehen sektorekoei, energiaren alorrekoei —gasa eta petroleoa—, manufakturei eta sendagaiei: bi urtean 200.000 milioi dolarreko erosketa osagarriak egitera konprometitu da Pekin. Erosketa horiek AEBen KPIaren %0,2-0,3ko hazkundea ekarriko lukete, Bloomberg agentziak eginiko kalkuluen arabera.
Trukean, AEBek erdira murriztuko dituzte —%7,5era— Txinako produktuei ezarritako muga zerga batzuk —heren bati ingururi—. Hala ere, zerga gehienak mantenduko dituzte, eta gehiago ezartzeko aukera ez dute baztertu, Pekinek akordioaren baldintzak bete ditzan eta akordioaren hurrengo negoziazio fasean «egiturazko gaiak» jorra ditzan, AEBetako Ogasun idazkari Steven Mnuchinek azpimarratu duenez. «Modu bat da Txinak negoziazio mahaian jarrai dezan».
Pekin, berriz, konprometitu da yuan edo renminbi diruaren balioa «modu artifizial» batean ez jaistera; mekanismo hori erabili izan du AEBetan saltzeagatik ordaindu beharreko tarifak konpentsatzeko. Uko egin dio, halaber, hara doazen AEBetako konpainiak behartzera beren teknologiak transferitzera, baina ez beste era batera produktu horiek kopiatzera. Mnuchinek azaldu duenez, Washingtonek jabego intelektualaren lapurretari buruz eginiko kexak aztertuko dituzte datozen negoziazioetan — horietarako datarik ez dute jarri—.
Testuak, halaber, ez du zibersegurtasunaren inguruko konpromisorik jasotzen —sarean dauden datuen kudeaketari buruzkoak, esaterako—, AEBek eskatu bezala. Horrez gain, bere ekonomiaren egituran aldaketa sakonagoak egiteko eskaerak ere ez ditu aintzat hartu Pekinek; adibidez, sektore estrategikoentzako diru laguntzak murriztearena; bereziki, altzairugintzan eta eguzki energiaren industrian.
Garaipen «politikoa»
Akordioak eten egingo ditu azkenengo ia bi urteetan bi herrialdeen artean izandako tentsioak eta mehatxuak, nazioarteko ekonomiari eragin diotenak. 2016ko hauteskunde kanpainan Trumpek hitzeman zuen gogor egingo zuela Txinako produktuen kontra, eta agintera iritsi zenean negoziatzaileei eskatu zien bi herrialdeen arteko merkataritza ituneko baldintzak berridazteko, indarrean zeudenak AEBetako industria eta enplegua suntsitzen zituztela argudiatuta. Atzo sinatutako akordioa «garaipen politikotzat» jo du Trumpek.
Adituen arabera, epe motzean AEBentzat izan daiteke onuragarriagoa ituna, eta, bereziki, Trumpentzat. Azaroan abiatuko dute hura berriz aukeratzeko prozesua. Ekonomikoki, baldintza berriekin esportazioak areagotzea espero dute AEBek, eta Txinarekin duten merkataritza defizita murriztea. Baina mehatxuek eta merkataritzaren ikuspegitik sortutako ziurgabetasunek zama astuna utzi dute herrialdeko ekonomian: prezioek gora egin dute, eta enpresen inbertsioak atzeratu egin dira, besteak beste. Era berean, eszeptizismo handia dago elkarrizketen hurrengo faseen inguruan.
«Elkarrekin konpontzen ari gara iraganean egindako akatsak, eta segurtasun juridikoa eskaintzen ari gatzaizkio etorkizunari», adierazi du Trumpek akordioa sinatzeko ekitaldian. Liu Hek, berriz, Xi Jinpingen gutun bat irakurri du: hitzeman du Txinak bete egingo duela sinatutakoa, eta azpimarratu du akordioa «onuragarria» izango dela bi herrialdeentzat eta «munduarentzat».
Analisten arabera, epe luzera, Txinari egin diezaioke mesede gehiago. Gatazkak iraun duen denboran Pekinek lortu du desazelerazioari aurre egitea pizgarrien bitartez, baina ez aurreko urteetako mailan. Akordioarekin ekonomia suspertu nahi du, kanpoko produktuei —AEBetakoak, baina baita beste herrialde batzuetakoak ere— eta inbertsiogileei ateak gehiago zabalduz.
Menia hauskor bat
Washingtonek eta Pekinek merkataritza itunaren lehen fasea sinatu dute. AEBek zergak murriztuko dituzte, eta Txinak 200.000 milioiren erosketak egingo dizkio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu