Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kontsumitzaileen estatutu berria egin nahi du; egun indarrean dagoena duela hamabost urte baino gehiago onartu zuten, eta sailean uste dute geroztik gauzak asko aldatu direla, eta lege berria beharrezkoa dela. Baina sailak prestatu duen aurreproiektuan ez dago berritasunik kontsumitzaileen hizkuntz eskubideen inguruan, eta orain arteko legerian dagoena jaso besterik ez du egiten.
Oraingo lege esparruan, administrazio publikoa behartuta dago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herritarrei aukeratzen duten hizkuntza ofizialean zerbitzua ematera, Euskararen Legeak ezartzen duenez. Hori jasota geratzen da aurreproiektuan. Arlo pribatuan, berriz, enpresek ez dute herritarren hizkuntz eskubideak errespetatzeko beharrizanik, «doktrina konstituzionalak ezartzen duelako ezin dela hizkuntzarik inposatu», sailaren aholkulari juridiko Asunta de la Herranek azaldu duenez.
Hortaz, arlo pribatuan, kontsumitzaileen hizkuntz eskubideen babesa «sustapenaren eta diru laguntzen bidetik» gauzatzen da, eta beharrizan batzuk ezartzen dira zenbait kasu berezitan, saltoki handietan edo zerbitzu publikoa eskaintzen duten zenbait enpresatan, esaterako. Dena dela, De la Herranek gogorarazi du 2012an legean egindako aldaketen ondorioz, hizkuntz eskubideen arloa «zigor esparrutik kanpo» dagoela kontsumoari dagokionez eta, hortaz, hizkuntz eskubideak errespetatzen ez dituzten enpresa pribatuetan ez dela zigorrik aurreikusten.
Lege egitasmoaren aurkezpena erdara hutsez egin zuten atzo. Han esan zutenez, «kontsumo ohituretan izandako aldaketei» erantzun nahi diete, Sonia Perez Ezkerra sailburuaren arabera, eta «egoera txarragoan, mendekotasunean, babesik gabe edo diskriminatuta dauden kolektiboak» aintzat hartu nahi ditu bereziki.
Aurreproiektuak aldaketak izan ditzake, orain Eusko Legebiltzarreko gainerako taldeekin eta sektoreko eragileekin hitz egin eta ekarpenak jaso behar dituztelako. Sailak espero du legea 2020ko erdialdera onartu ahal izatea.
2012ko aldaketa
Kontsumitzaileen estatutuaren eta hizkuntz eskubideen gaia polemika iturri izan zen 2011ko amaieran eta 2012ko hasieran. Orduan, PSE-EEren eskuetan zegoen Jaurlaritza, eta Patxi Lopez zen lehendakaria. Kontsumitzaileen estatutuan agertzen ziren saltoki handiek bete beharreko hizkuntz eskakizunak, bai eta eskakizun horiek ez betetzekotan isunak jartzeko aukera ere. Baina PSE-EEk, PPren eta UPDren babesarekin, legea aldatu zuen, hizkuntz eskubideen urraketek zigorrik izan ez zezaten.
Garai hartan, PSE-EEk esan zuen aldaketa horrekin Juan Jose Ibarretxeren gobernuaren garaian galdutako «oinarrizko adostasuna» berreskuratu egin zutela. PPk eta UPDk, berriz, urrunago joan nahi zuten, eta zigorren arloa ez ezik, betekizunena ere bertan behera utzi nahi izan zuten; horregatik, «ausardia falta» leporatu zioten orduan PSE-EEri.
Baina euskalgintzan ezinegon handia sortu zuen neurriak, eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak euskaldunen «babesgabetasuna» salatu zuen. Aldaketarik ezean, badirudi oraingo aurreproiektuak ez duela egoera hori konponduko.
Euskararen arloan ez du aldaketarik kontsumo legearen egitasmo berriak
Jaurlaritzak kontsumitzaileen estatutu berria egin nahi du, oraingoa 2006koa delako. Hizkuntz eskubideen arloan legea bere horretan utzi dute, saltoki pribatuetan ezin delako hizkuntzarik «inposatu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu