Solarisek beste bi kontratu handi lortu ditu: 160 milioi euro guztira

CAF taldeko konpainiak 130 autobus elektriko saldu ditu Varsovian, eta beste 90 Berlinen. Orain bi aste, 192 milioi euroko kontratua lortu zuen Milanen, eta sektoreko lider bihurtzen ari da

CAF taldearen Solaris etxeko Urbino autobusa, Varsovian ibiliko direnak. CAF.
xabier martin
2019ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Urrezko hizkiz markatuko dute aurtengo uztaila Beasaingo CAF konpainian, Solarisek Europako bi kontraturik handienak lortu baititu autobus eletrikoen sektorean. Bete-betean asmatzea izan da CAFentzat joan den urtean Polonian egindako erosketarekin autobusen merkatuan sartzea; argi utzi dute hori Solarisek hil honetan eskuratutako kontratuek. Uztailaren 10ean, Europan jokoan zen autobus kontraturik handiena eskuratu duela jakinarazi zuen CAFek, 192 milioi euroko balioarekin. Eta orain, berriz, beste bi kontratuk itxi dute uztail biribila. Lehena Polonian egin du: Varsoviarako 130 autobus elektriko egingo ditu (100 milioi euro); bigarrena, Alemanian: Berlinera beste 90 ibilgailu bidaliko ditu (60 milioi euro).

Poloniako MZA operadorearen 130 autobus elektrikoen kontratua zen ibilgailu elektrikoen arloan Europan egindako lizitazioen artean garrantzitsuenetako bat, Milangoa adjudikatu eta gero. Varsoviarako hautatutako Solaris autobusak hemezortzi metroko Urbino modelokoak dira, eta 300 kilometroko autonomia izango dute. 2020. urtean entregatzea aurrez ikusi dute.

«Solaris harro dago autobus elektrikoak hornitzeko kontratu esanguratsu hau irabazi duelako», esan du Javier Callejak, Solaris Bus & Coach SA enpresako zuzendariak. «Urte asko daramatzagu zero igorpeneko ibilgailuen garapenean oinarritutako estrategian, eta, MZArentzako eskari garrantzitsu horri esker, gai izango gara elektromugikortasun arloan Europako lider gisa dugun posizioa sendotzeko».

130 Urbino elektrikoek 150 kWh-ko gaitasun mailako Solaris High Power bateriak izango dituzte. Bateria horien energia elektrikoa entxufe motako karga estazioen eta pantografo bidez kargatuko da. 400 kW baino gehiagoko potentzia duten karga bizkorreko estazioak hiriko hainbat lekutan zabalduko dituzte. Hemezortzi metro luze diren autobusetan bidaiariak garraiatzeko edukiera handia izango da. Aire girotua, bidaiarientzako informazio sistema osoa eta USB karga atakak izango dituzte. Ibilbidean gailu mugikorrak kargatu ahal izango dituzte erabiltzaileek, gainera. Autobusak zero igorpenekoak izango dira, betiere. Solarisek mila hiri autobus baino gehiago entregatu dizkio Varsoviari urteotan, eta zerbitzua ematen ari dira hirietako sarean.

Alemaniako kontratua

Era berean, BVG Berlingo garraio publikoa kudeatzen duen enpresak Solaris etxeko ibilgailuak hautatu ditu Alemaniako hiriburuan zerbitzua emateko. Zehatzago esanda, hamabi metro luze diren 90 autobus elektrikoren operazioa adostu dute. Kontratuaren balioa 60 miloi euro baino gehiagokoa da, eta hainbat fasetan banatu dute. Lehen autobusa urte honen amaieran entregatuko dute, eta gainerakoak hiru epetan banatuko dituzte: 29 ale 2020ko lehen hiruhilekoan, 30 ale 2020ko bigarren hiruhilekoan, eta azken 30 aleak 2020ko laugarren hiruhilekoan.

Solaris autobus elektrikoek hamasei herrialdetako 50 hiritan eskaintzen dute zerbitzua, eta, 2011. urtean era horretako lehen unitateak hornitu zituztenetik, dagoeneko hamar milioi kilometro baino gehiago egin dituzte. «Horri guztiari esker, Solaris eta CAF Taldea autobus elektrikoen Europako fabrikatzaileen artean lidergoan dago», esan du CAFek, ohar baten bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.