Datozen bi asteak erabakigarriak izango dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza itunaren oinarriak finkatzeko. Hilaren 18an, legebiltzar taldeek hezkuntza itunaren zirriborroari egindako zuzenketak bozkatuko dituzte Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza lantaldean; ordura arte, beraz, alderdiek hamabost egun izango dituzte dokumentuaren inguruan ahalik eta akordio zabalena erdiesteko. Hezkuntza ituna eztabaidatzen ari den Eusko Legebiltzarreko lantaldeak bilera egin zuen atzo, eta hezkuntza lege berrirako oinarrien tramitazioak beteko dituen prozedura eta egutegia zehaztu zituen, aho batez.Erabaki zutenez, martxoaren 18ko bozketatik onartzen den txostenari behin betiko oniritzia emango zaio hilaren 28an, Hezkuntza Batzordean. Azken txanpan sartuko da orduan hezkuntza hitzarmenaren tramitazioa. Izan ere, apirilaren 7an osoko bilkura egingo da Eusko Legebiltzarrean, eta bertan onartuko dute behin betiko testua. Hain justu, Eusko Jaurlaritzak testu horretan jasotako oinarriak erabiliko ditu EAEko Hezkuntza legearen proiektua ontzeko.
Joan den ostiralean amaitu zen hezkuntza eragileek eta alderdi politikoek hezkuntza itunerako dokumentuari zuzenketak aurkezteko epea. EAJk eta PSE-EEk batez ere euskarari, euskal kulturari eta hezkuntza publikoari lotutako puntuetan proposatu dituzte aldaketak; EH Bilduk, euskara ardatz izatean eta eskola publikoaren garrantzian, eta Elkarrekin Podemos-IUk, berriz, sare publikoa sistemaren erdigunean jartzera bideratu ditu zuzenketa gehienak.
EH Bildu prest agertu zen atzo hezkuntza hitzarmenaren inguruan «herri akordio» bat lortzeko. Pello Otxandiano koalizioko programa zuzendariak adierazi zuen hezkuntza sistemak «egiturazko eraldaketak» behar dituela, litekeena delako«kolapso» baten atarian egotea, eta gainerako taldeei ohartarazi zien egoera horretan «arduraz» jokatu beharra dagoela. Haren ustetan, EH Bilduk ez ezik, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk ere egon beharko lukete akordioan: «Ezin dugu aukera hau galtzen utzi». Koalizioko kidearen iritziz, hezkuntza itunak hiru elementu kualitatibo jaso beharko lituzke: legearen garapen programatikoa, segregazioaren kontrako ituna eta eskola planifikazioaren inguruko konpromisoak.
Hezkuntza hitzarmena «fase erabakigarrian» sartu dela iritzi dio EH Bilduk, eta, hargatik, koalizioaren mahai politikoak gaiaz arduratuko den talde negoziatzaile bat izendatu du. Otxandianok, Maddalen Iriarte legebiltzar taldeko eledunak eta Ikoitz Arrese legebiltzarkideak osatuko dute talde hori. «Gure esku dagoen guztia egingo dugu akordioa lortzeko», esan zuen Otxandianok.
Elkarrekin Podemos-IU, berriz, prest agertu da itunaren inguruan ados jartzeko, baldin eta «konpromiso zehatzak» jasotzen baditu eskola publikoaren alde eta segregazioaren aurka. Miren Gorrotxategi bozeramaileak kritikatu du itunaren zirriborroa «anbiguetate handikoa» dela, eta ez duela neurri zehatzik jasotzen. «Hezkuntza publikoaren alde gaudela esan dezakegu, baina konpromiso zehatzak behar ditugu».
Protesta bilkura
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak elkarretaratzera deitu zuen atzo goizean Eusko Legebiltzarraren atarian, Hezkuntza akordioan, publikoa ardatz leloa hartuta. Plataformako kideek ohartarazi zuten ez zutela legea ontzat joko sare publikoari erabateko lehentasuna ematen ez bazaio: «Akatsa litzateke egungo sistema duala zilegi jotzea. Euskal eskola publikoak legearen erdigunean egon behar du».
Alderdiek bi asteko epea dute hezkuntza itunaren oinarriak finkatzeko
Hilaren 18an zuzenketak bozkatuko dituzte, eta apirilaren 7an legebiltzarreko osoko bilkuran onetsiko dute ituna. EH Bilduk «herri akordio bat» eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu