Artxibatu egin dute urriaren 12ko ekintzagatik abiaturiko auzibidea

Nafarroako hamabi gaztek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten otsailean, baina ez dute epaiketarik izanen, azkenean. 1978ko «erregimenaren» aurka borrokan segitzeko deia egin dute

Ikerturiko gazteetako batzuk, atzo, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Joan ziren polizia etxera, deklaratu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean, baina, azkenean, ez dute epaiketarik izanen. Espainiako Auzitegi Nazionalak erabaki du koroaren aurka egiteagatik ikerturiko hamabi gazteen aurkako auzibidea artxibatzea, eta ezerezean gelditu da auzia, beraz. Eman dizkie buruko minak, ordea: joan den urriaren 12an Sortuk antolatuta Iruñean egindako ekintza sinboliko batengatik eduki dituzte ikerketapean Nafarroako hamabi gazteak, eta otsailaren 9tik 12ra deklaratu behar izan zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean —telematikoki egin zuten, Nafarroako Auzitegi Nagusitik—. Atzo eman zuten auzibidearen itxieraren berri, Iruñean egindako agerraldi batean, eta, «kriminalizazioaren» aurkako dinamikaren hasieran erran bezala, atzo berriro ere adierazi zuten ez direla «isilduko»: «Erabat sinetsita gaude adierazpen askatasuna gauzatzea dela askatasun hori lortzeko modua, eta horixe berresten dugu. Gaur eta bihar». Espainiako «erregimenaren» aurka eta eskubide zibil eta politikoen alde jarraituko dutela ohartarazi dute gazteek.

Urriaren akaberan polizia etxera deklaratzera deitu zituztenetik jaso duten elkartasuna eskertu zuten atzoko agerraldian: «Adierazpen askatasunak, eskubide zibil eta politikoek eta parte hartze zein kritika politikorako askatasunak jokoan jarraitzen duten honetan, halako erasoei aurre egiteko elkartasunaren garrantzia azpimarratu nahiko genuke». Eragile politiko, sindikatu eta herri mugimendu ugarik eman diete hilabeteotan atxikimendua, hain zuzen.

Gazteek oroitu dutenez, urriaren 12an Ernaik eta Sortuk Hego Euskal Herrian independentzia aldarrikatu eta «erregimenaren zutabe den» monarkiaren aurka egiteko Ezer ez ospatzeko lelopean antolaturiko dozenaka ekintzetako bat izan zen Iruñean antolaturikoa: «Eragile antirrazista ezberdinekin elkarlanean, monarkia espainola salatzeaz harago, Kolonen figura ere erabili eta Espainiako Estatuaren izaera koloniala salatu genuen. Herrialde ezberdinetako musika eta dantza taldeekin, Felipe VI.aren eta Kolonen figurei soka jarri eta tira egin genien. Erori egin ziren». Gazteen hitzetan, «argia» zen bidali nahi zuten mezua: «Erregimenaren adierazpen nagusia eta oinarria den monarkia ere» eror zedila.

«Erregimen horren defendatzaile sutsu eta aktore» diren Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari, ordea, ez zitzaien «gustatu» ekintza, gazteen arabera: «Protesta ekitaldia bera mehatxu ezberdinen bidez baldintzatzen saiatu ziren». Navarra Suma alderdiaren eta «hainbat komunikabideren» jarrera oroitu dute, haien hitzetan migrante elkarteenganako «mehatxuak eta diskurtsoa» zabaldu baitzituzten.

«Ez da berria»

Gazteen erranetan, «ez da berria» Espainiako Estatuko «hainbat boterek» adierazpen askatasunarekiko daukaten «kontzepzioa», «ezaguna» baitute: «Herri honetan urte luzeetan pairatu dugu». Salatu dutenez, ulerkera horren arabera ezin zaio kritika politikorik egin «erregimenari», eta «disidentzia politikoak» ez du adierazpen askatasunik praktikan; bertzela, «jazarri eta kriminalizatu» egiten baitute: «78ko erregimena zalantzan jartzen duen oro makineria polizial, mediatiko eta judizial osoaren jo puntuan dago. Are gehiago kritikaren helburua monarkia ukiezina bada eta kritika hori independentismotik baldin badator».

Gazteen ustez, ordea, «78ko erregimena krisian» dago, «Espainiaren kalitate demokratikoa ezbaian», eta haren «batasuna kolokan». Horren aurka «gehiengo sozial zabalek eta ahalduntzeak» ekarriko dituzte «eskubide guztien babesa, bermea eta demokrazia», gazteen ustez, eta, horretarako, «nafar ezkertiar orori» deia egin diete «herrien, askatasunen eta eskubide sozialen kartzela den erregimena eraisteko ahaleginetan indarrak batzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.