Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak onartu egin du euskal preso bat Euskal Herriratzea, hiru euren bizilekuetatik gertuago dauden espetxeetara eramatea eta bat lekualdatzea. Juan Carlos Herrador, Lierni Armendariz, Unai Fano, Josu Arkauz eta Gorka Loran dira gerturatutakoak. Herrador eta Armendariz Kantabriako Duesora eramango dituzte; Fano, Basaurira; Arkauz, Valladolidera; eta Loran, Dueñasera, Palentziara.
Arkauz 1991n atxilotu zuten, eta 2015ean bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Murtzian dago (820 kilometrora), eta espetxeko Tratamendu Batzordeak onartu du hura Valladolidera lekualdatzea (335 kilometrora).
Loran, berriz, Algecirastik (1.100 kilometro) Dueñasera (310 kilometro) gerturatuko dute. 2003an atxilotu zuten, eta hogei urteko zigorra betetzen ari da; beraz, 2018ko abenduan bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Espetxe Erakundeen arabera, Loranek espetxe legeria onartu du, eta, beraz, idazkaritza nagusiak ontzat jo du hura bigarren gradura igarotzea eta Andaluziatik Palentziara eramatea.
Armendariz 2001ean atxilotu zuten, eta 30 urteko zigorra ezarri zioten; 2023ko uztailean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Kasu horretan, Espetxe Erakundeek adierazi dute hark ere onartu duela espetxe legeria, eta konpromisoa hartu duela erantzukizun zibila ordaintzeko. A Laman zegoen, Pontevedran (Galizia), Euskal Herritik 740 kilometrora, eta Duesora eramango dute (170 kilometro).
Herradorri, berriz, 2009an ezarri zioten hemeretzi urteko zigorra, eta datorren urteko ekainean beteko ditu hiru laurdenak. Espetxe legeria onartuta, Ocaña I-etik (520 kilometro) Duesora gerturatuko dute.
Azkenik, Fano 2008an atxilotu zuten, eta hogei urteko zigorra ezarri zioten. 2023ko irailean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Sorian dago (260 kilometrora), bigarren graduan; gradu berean jarraituko du, baina idatziz aitortu du eragindako kaltea. Basaurira lekualdatuko dute.
Espainiako Gobernuan PSOE dagoenetik, 2018ko ekainetik, 46 euskal preso gerturatu eta hamahiru Euskal Herriratu dituzte; ekainaren 20tik hogei dira hurbildutako presoak.
Sindikatuak, elkartuta
Bestalde, ELA, LAB, UGT, ESK, Steilas, LKN, CNT, EHNE, Hiru eta Etxalde sindikatuek atzo berrekin zioten bestelako espetxe politika baten alde hilean behin egin ohi zuten mobilizazio dinamikari. Bilboko Plaza Eliptikoan elkartu ziren, Konponbide garaia da. Orain presoak lelopean. Bertan izan ziren, besteak beste, Mitxel Lakuntza, Garbiñe Aranburu eta Raul Arza, hurrenez hurren ELAko, LABeko eta UGTko idazkari nagusiak, eta Espainiako Gobernuari eskatu zioten «salbuespeneko» espetxe politika amaitzeko.
Bost preso, gertuago
Fano Euskal Herriratu dute, eta Herrador, Loran eta Armendariz, hurbildu; Arkauz Valladolidera eraman dute. Mobilizazioei ekin diete sindikatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu