Espainiak urte bateko praktikaldia ezarri nahi du irakasle izateko

Kongresuko tramitazioa geratzen bada ere, ministroen kontseiluak aurkeztu duen hezkuntza lege berriak LOMCE indargabetuko du. Zelaaren arabera, «proiektu baten lehen pieza da» proposamena

JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
joxerra senar
2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Iaz, garai honetan, lege proiektu bera aurkeztu zuen Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroak; baina Pedro Sanchezek bozak aurreratu zituenez, bertan behera geratu zen. Bigarren ahaleginean, atzo, Espainiako ministro kontseiluak hezkuntza lege berriaren aurreproiektua onartu zuen. Funtsean, LOMCE lege polemikoa indargabetuko du, eta aurreko egoerara itzultzea proposatzen du. Dena den, berritasunen artean dakar irakasle hasiberriek urtebeteko praktikaldia egin beharko dutela. Zelaaren arabera, legea «hezkuntza proiektu oso baten lehen pieza da; denontzako kalitatea du helburu, eta hezkuntza sistema eraldatuko du».

Oraindik bide luzea geratzen zaio onartua izateko. Lehenik eta behin, Kongresura eramango dute: hango hezkuntza batzordean, luze jo dezake eztabaidak, eta zuzenketa bidez hasierako proposamena aldatu daiteke. Ministroen kontseiluaren osteko agerraldian, Zelaak «oso-oso garrantzitsutzat» jo du hezkuntza sistemak ikasleen arteko berdintasuna bultzatzeari, eta horregatik nabarmendu du helburu nagusia ikasleak eurak direla: «Nahi dugu ikasleen artean bereizketarik ez egotea, ez hezkuntza sisteman sartzen direnean, ez eta irteten direnean ere. Ezin daiteke haur bat bereizi arrazoi soziekonomikoengatik edo bestelakoengatik».

Irakasleen formakuntzari begira, Espainiako Gobernuak nahi du irakasle berriek derrigorrez urtebeteko tutoretzapeko praktikak egin behar izatea, «egoki gainbegiratuta». Behin legea indarrean sartzen denean, gobernuak urtebeteko epea izango duneurriok erkidegoekin eta hezkuntza komunitatearekin garatzeko. Zelaaren arabera, berrikusten ari dira jada haur eta lehen hezkuntzan aritzeko behar dituzten graduak eta bigarren hezkuntzan aritzeko egun behar diren masterrak.

Halaber, curriculuma berritu nahi du Hezkuntza Ministerioak: «Curriculumak gaitasunean oinarritu behar du gehiago: gauzak egiten jakitea da funtsezkoa, eta ez oinarritzea hainbeste jakintza entziklopedikoan, memorian». Zelaaren arabera, LOMCEk alor horretan gehitu zituen edukiak kendu, eta beste batzuk eransteko asmoa dute. Adibidez, ikasgai guztietan txertatu nahi dute garapen iraunkorraren gaia. Era berean, EAEko 1992ko dekretu batean ezarritako figura Madrilen aplikatu nahi du Zelaak: curriculuma etengabe gainbegiratzeko institutu bat eratzeko asmoa du, zeinak erkidegoetako gobernuekin batera lan egingo duen. Alor hori ondorengo dekretuetan garatuko dute.

Jose Ignacio Wert ministro ohiak bultzatutako LOMCE legeak errebalidak ezarri zituen, eta polemika handia eragin zuten hezkuntza komunitatean. DBH eta Batxilergo amaieran jarri nahi zituzten, eta titulua lortzeko giltzarria ziren; ez zituzten inoiz martxan jarri, hala ere, sortutako polemikagatik. Zelaak legetik ezabatu nahi ditu orain.

Beste bi aldaketa esanguratsu ere badira: erlijioak ez du baliorik izango espediente akademikoan, eta Batxilergoan hautazkoa izango da. Gainera, balio zibikoen eta etikoen hezkuntza ezarriko dute lehen eta bigarren hezkuntzan. Era berean, testuak ezartzen du maila errepikatzen dutenei laguntza berezia ematea eta Batxilergoa ikasgai bat gainditu gabe bukatzeko aukera aipatzen du—errepikatzea neurri baliogabea dela diote azterketa ugarik—.

Madrilen esku, %55

2006ko LOE legean bezala, beste hizkuntza ofizial bat duten erkidegoetan —kasurako, Nafarroa eta EAE— Madrilek edukien %55 zehaztuko ditu, eta Nafarroako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak gainerako %45. Egun, LOMCEk ez du ehunekorik zehazten, baina Hezkuntza Ministerioak ezartzen du zein diren enborreko irakasgaiak.

Horri lotuta, euskal hezkuntzari eragin diezaiokeen beste proposamen bat ere bada Zelaaren testuan: irakats hizkuntza ezar tzea erkidegoen esku utzi nahi du, eta proposatu du ikastetxeek neurriak hartzea ikasleek hizkuntza ofizialetan «beharrezko maila» badutela egiaztatzeko. Alegia, eskolek bermatzea euskaraz eta gaztelaniaz maila egokia dutela ikasleek. Horrek eragin handia luke euskararen irakaskuntzan; izan ere, gaur egungo azterketen arabera, ia ikasleen erdiek euskaraz ez dute lortzen «eskatutako gaitasuna».

Itunpeko ikastetxeen kasuan, aurreproiektuak zehazten du ikasleak sexuaren arabera banatzen ez dituzten zentroek izango dutela lehentasuna. Sexuaren arabera banatzen dituztenen kasuan, hezkuntza proiektua azaldu eta berdintasunean hezteko zer neurri hartzen dituzten zehaztu beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.