Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k euskara batua sortzeko prozesuan egindako lana definitzeko Jean Louis Davantek erabili zuen modua ekarri du gogora Sagrario Alemanek (Etxaleku-Nafarroa, 1952): arraunlaria, kapitainaren aulkian. Alemanek euskalgintzaren hainbat ekimenetan topatu zuen Txillardegi. Egin zuen lan guztia oraindik ere behar bezala aitortu ez zaiolakoan dago.
Euskara batuaren eraikuntzari Txillardegik egindako ekarpena nabarmena izan zen. Zuk zer azpimarratuko zenuke horretaz?
Ezinbesteko lana egin zuen eta horrek garrantzi handia izan du euskara batua iraunarazteko, garatzeko eta sustatzeko. Euskara batuaren 50. urteurrenaren harira Euskaltzaindiak egin zuen jardunaldi batean Jean Louis Davantek esan zuen batasunaren behar hori idazle gazteen artean oso nabaria zela, eta hori dela-eta, sona zuen pertsona bat behar zela iniziatiba hartzeko. Bere hitzetan, arraunlari bat jarri zen kapitainaren aulkian, eta horrek ederki islatzen du Txillardegiren izaera. Ekintzailea zen, ekimena hartzen eta erabakiak hartzen zituena.
50 urte eta gero itzal batzuk ageri dira egun euskara batuarentzat, batzuek euskalkiko lehiakide gisa hartu dutelako. Nola ikusten duzu zuk?
Euskara batua hasi zen Txillardegik egindako proposamenarekin, eta hortik abiatuta Mitxelenak egindako moldaketekin. Idazle gazteek oinarri horiek hartu, eta eredua aldatzen joan da geroztik, baina batasuna bukatu gabe dago. Gaurko gazte askok ez dute bide hori ezagutzen. Jakina, bide horrek hutsuneak eta akatsak ere baditu. Segur aski, ez-ezagutza horrek dakar ongi ez ulertzea hartu diren zenbait erabaki. Horrekin batera, gaur egun ikusten dira zona batzuetan batuaren eta euskalkiaren arteko borroka batzuk, eta hori izan liteke ez delako ongi ulertu batek eta besteak jokatu beharreko papera. Txillardegik dibulgazio lan handia egin zuen, eta lan horrekin ere segitu beharra dago.
Gau eskoletako mugimenduko kide izan zara luzaroan. Nolako itzala izan zuen Txillardegik euskaltegien lan horretan?
Euskara batua nahitaezkoa zen eragin nahi bagenuen ikastolen mugimenduan eta helduen euskalduntze eta alfabetatzean. Batasunak ekarpen handia egin zuen arlo horretan ere, eta irakasleok formakuntza behar genuen, arlo didaktikotik, eta baita hizkuntzaren aldetik ere. Iruñean Patxi Altunaren metodoa erabili genuen, eta didaktika arloan lagundu zigun, baina Txillardegik euskara batua zertan den azaltzeko egindako lan horrek ere ekarpen handia egin zuen. Gogoan dut Txillardegiren Euskal gramatika nobela bat bezala irakurri nuela. Horrez gain, azpimarratzekoak izan ziren bere hitzaldiak, artikuluak, azterketa matematikoak... Horrek denak ikaragarri lagundu zigun gure prestakuntzan, eta aldi berean animatu ere bai, zeren hark zioen moduan, erdaldun bakar batek hamar laguneko talde bat erdalduntzen baitu. Horrek ematen zion gure lanari bultzada bat, jabetzen ginelako zeregin garrantzitsua zela ahalik eta jende euskaldun gehiago egitea. Euskalgintzaren ikuspegi orokor bat behar genuela, alfabetatzea, euskalduntzea, komunikabideak, literatura, hizkuntza paisaia... Euskararen edozein arlotan aritu ahal izateko alfabetatzea beharrezkoa zelako ikuspegi hori garatzen lagundu zigun ere.
Herri ikuspegiari dagokionez, Txillardegik ezin zuen ulertu Euskal Herriaren eraikuntza euskararen ardatzetik at. Nola eragin zuen horrek zuen garaiko euskalgintzako kideengan??
Gure belaunaldian bazen jende franko euskararen bidez iritsi zena politikara, eta euskara ikusten genuen ardatz bezala politikan edozein pauso emateko. Beste batzuentzat euskara ez zen horren garrantzitsua. Beraz, uste dut Txillardegiren teoria hauek oso erabakigarriak izan zirela alderdien jokabideetan ere.
Alderdietan eragin egin behar zela zioen.
Zioen alderdietan lan egin behar zela barnean. Alde horretatik, uste dut militante anitz ari zela lanean alderdiek euskara ardatz har zezaten politikan, baina baita ere benetan haiek euskalduntzeko egunerokotasunean. Halaber, uste zuen alderdiek eragile izan behar zutela administrazioan eta gizartean, euskararen presentzia handitzeko eta hizkuntza politika eraginkorrak martxan jartzeko. Inoiz nolabaiteko tentazioa izan genuen batzuek alderdi euskalduna sortzeko, baina aldi berean ikusten genuen bidea ez zela indarrak sakabanatzea eta zatiketa gehiago sortzea... Alde horretatik uste dut horregatik sortu zela Euskal Herrian Euskaraz ere.
Topo egin zenuen EHEren sorreran eta ibilbidean harekin. Nolakoa izan zen Txillardegik egin zion ekarpena?
Ahal zuen guztia egiten zuen politikan eragiteko eta euskararen presentzia handitzeko. Nafarroako Euskararen Legea onartzekotan zela, jardunaldi batzuk egin ziren Iruñean, eta han egon zen. Manifestu bat atera zen, eta horrek balio izan zuen legearen inguruan eztabaida eta gogoeta sortzeko. Txillardegik teorizatu ere egin zuen, baina ekintzailea zen, eta eragile izan zen mugimendu askoren sorreran. EHEren ibilbidea jarraitu zuen barruan egon ez zenean ere. Gogoan dut 2000ko hamarkadan egin zela EHEren batzar bat eta han berriz elkartu ginela, eta gogoan dut poztu zela 1979an piztutako suziri hori gazteek hartu zutelako.
Aralarri atxikimendua azaldu zion, ezker abertzalearen zatiketa gogoko ez zuen arren. Aralarko sortzaileetariko bat izanik, nola bizi izan zenuen garai hura?
Berak pentsatzen zuen ETAk eman behar zuela menia bat. Gogoan dut Aralar sortzeko eman genuen pausoa txalotu zuela, eta esaten zuela ausardia erakutsi genuela. Hasieran esaten zuen berak pauso hori ematea ez zuela ikusten, oso pertsona nabarmena zelako. Gero bai eman zuen. Kritikoa izan zen. Ongi ikusten ez zituen gauzak, gutxiengoan izanik ere, adierazi egiten zituen. Min ematen zion Aralar bozetara aurkezteak eta ezker abertzalea zatiturik egoteak, baina, aldi berean, obsesio moduan bizi zuen alderdiek bizi zuten ezker joera «marxista-leninista», bere hitzetan esatearren. Batasuna jarrera hori izaten ari zela zioen.
Askok uste dute Euskaltzaindiak ez ziola behar bezala aitortu egindako lana. Zer iritzi duzu horri buruz?
Beretzat oso mingarria izan zen bereziki 1980ko hamarkadan gertatu zen egoera hori. Min hori barruan eraman zuen, nahiz eta geroztik Euskaltzaindiaren barruan lanean jarraitu. Horri dagokionez, berriki Davantek gogorarazi zidan kontu bat. Jendeak uste du bere izendapena atzera bota zela ezkertiarra zelako, baina Davantek uste du gehiago izan zela laikoen eta erlijiosoen arteko norgehiagoka bat. Apaizek (bik izan ezik) haren izendapenaren aurka egin zuten, eta laikoek haren alde egin zuten. Proposatutako hurrengo bi alditan bere oniritzirik gabe egin zen. Ohorezko izateko deitu zitzaionean, jadanik ez zitzaion interesatzen.
Txillardegiri liburutegi baten izena ematea eskatzen ari dira Donostian. Merezi du horrenbeste, ezta?
Intelektual ikaragarria izan zen. Uste dut gutxi ditugula tamaina horretakoa, nahiz eta ekintzaile ere izan zen. Egin zituen lanak soziolinguistikan, hizkuntzalaritzan, literaturan... Lan horrek guztiak merezi du, gutxienez, liburutegi bat. Eta Donostian izateak badu zentzurik, zeren berak erakutsi zuen donostiartasun hori. Euskara batuaren ekarpen handi hori inportantea izan zen euskararendako. Koldo Mitxelena izan bazen euskara batuaren beste aita-edo, hark badu kultur zentro baten izena; eta, beraz, liburutegi batek Txillardegi izena eramatea behar-beharrezkoa da. Zorra kitatzeko polita litzateke.
Bihar: Txillardegi eta literatura
Jarraitu irakurtzen: Txillardegiren heriotzaren X. urteurrena testu bilduma
Txillardegiren heriotzaren X. urteurrena (II). Sagrario Aleman.
«Arraunlari bat jarri zen kapitainaren aulkian»
Euskara batua sortzeko ezinbesteko lana egin zuen Txillardegik. Haren proposamena aintzat hartuta garatu zuen Euskaltzaindiak batasunerako bidea. Sagrario Aleman euskaltzainak haren «hurbiltasuna» azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu