Koronabirusa

124 COVID-19 eri daude ZIUetan, hilaren hasieran halako bi

Osakidetzak eta Osasunbideak 2.924 positibo atzeman dituzte. Koska bat jaitsiko dute Hegoaldean 3. dosia hartzen hasteko adina: 40 urtera. EH Bilduk ume konfinatuak zaintzeko laguntzak eskatu ditu

Arantxa Iraola - Uxue Rey Gorraiz
2021eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
«Marka» gaindituko zela iragarri zuen atzo goizean Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik, inoiz baino COVID-19 kasu positibo gehiago jakinaraziko zirela. Eta Osakidetzako datuetan halaxe izan zen: 2.272 kasu atzeman zituzten herenegun egindako azterketetan, eta marka bat ezarri. Osasunbidean 652 izan ziren denera. Batuketa eginda, horra: 2.924 izan ziren Hego Euskal Herri osoan. Justu abenduaren 11n gainditu zen markatik koska bat behera geratu zen zifra: 2.962 izan ziren orduan. Datuek, oro har, erakusten dute izurriaren transmisioa oldartuta dabilela, eta osasun sistema publikoak nekez ari direla. Bada nabarmentzeko beste datu bat; hamalau eguneko intzidentzia metatua milatik gorakoa dela jakinarazi zuen atzo lehen aldiz Osakidetzak: 1.042. Gipuzkoan 1.528 da, Nafarroan 1.271, Araban 1.087 eta Bizkaian 715. Erietxeetan ere igartzen dira goraldiaren ondorioak.Abenduaren hasieran, ZIUetan 59 COVID-19 paziente zeuden Osakidetza eta Osasunbideko erietxeetan. Orain, halako bi: 124.

Lehendik ere justu ari dira osasun sistemak; Osakidetzak eta Osasunbideak bertan behera utzi behar izan dituzte hainbat ebakuntza, egun duten «presioari» erantzuteko, eta egoerak ez du hobera egiteko itxurarik. Erietxeetan, 535 COVID-19 paziente daude guztira; abenduaren hasieran, 371 ziren. Hala, positiboen ehunekoak ez du ematen esperantzarako motibo handirik, herenegun Osakidetzak eginiko testen %13,7 izan baitziren positibo, eta Osasunbideak eginikoen %14,5.

Zabaldu egin da Hego Euskal Herrian hirugarren dosia hartzen ahalko dutenen adin taldea ere. Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak eta erkidegoek batzarra izan zuten atzo, eta oniritzia eman zioten 40 urtetik gorakoak hirugarrenez COVID-19aren aurka txertatzeari. Orain arte, soilik 60 urtetik gorakoentzat eta Janssen txertoaren dosia hartutakoentzat onartua zegoen hirugarren zizta Hegoaldean. Edonola ere, adin muga 40 urtera apaldu arren, Osasun Publikoko Batzordeak galdegin du adinaren arabera zehaztu daitezela lehentasunak, hau da, txertaketa kanpainaren ordena: 50 eta 59 urte artekoekin has daitezen nahi du batzordeak.

Behin horiek txertatuta, zaharrenetatik hasi, eta, apurka, gazteagoak ziztatzea nahi dute. Halaber, oroitarazi dute oraindik badirela txertorik hartu ez dutenak ere. Horien txertaketa lehenesteko eskatu dute, eta arta zaurgarrienei emateko.

Halaber, beste erabaki bat ere hartu zuten atzo Osasun Ministerioak eta erkidegoek egin zuten bileran: COVID-19aren kontrako txertoaren hirugarren zizta emanen diete 60 urtetik behera izan eta aurretik hartutako bi dosiak AstraZeneca botika etxearenak dituztenei. Talde horretan direnak osasun langileak edo premiazko zerbitzuetan lanean dihardutenak dira, batik bat. Horiek guztiak bigarren dosia hartu eta hiru hilabeteko tartea igarotzen denean hasten ahalko dira hirugarren dosia hartzen.

Neurri eskean

Hala ere, txertoarekin bakarrik ezingo zaio aurre egin izurriari, eta eskeak badira bestelako neurriak ere aintzat hartzeko. EH Bilduk atzo, adibidez, «presazko» laguntzak eskatu zituen konfinatuta dauden umeak zaindu beharrean dauden familientzat. Nerea Kortajarena legebiltzarkideak gogoratu zuen laguntza batzuk eman zirela izurriaren lehen faseetan, alarma egoeraren abaroan, eta horiek berreskuratu egin behar direla. Jakinarazi zuen Gizarte Politiketako Sailari helaraziko diotela eskea, «zuzenean»,era izan dadin lehenbailehen bideratzeko. «Eusko Jaurlaritzak ezin du geratu besoak gurutzatuta», adierazi zuen Kortajarenak. Laguntzak bideratzeko bide «arinak» eskatu zituen.

Bestetik, ez dago argi Eguberri giroko ekitaldiak egingo diren. Bilera egin zuten atzo Donostia, Bilbo eta Gasteizko alkateek Gotzone Sagarduirekin, eta ekitaldi horiek egiteko zer aukera dauden aztertu; sailburuak esan zuen azken hitza udalek izango dutela, baina «zuhurtasunez» jokatzea komeni dela.

Nafarroan, Osasunbideko zuzendari Carlos Artundo ere batzartu zen Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkariekin: esan zien baimenduko dituztela Olentzeroren eta Errege Magoen desfileak, «segurtasun neurriak berma daitezkeen kasuetan»; hala nola ikusleen arteko tartea eta maskaren erabilera bermatua badago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.