Euskaltzaindia. 'Euskararen gramatika'

«Sendoa eta erreferentziala»

Euskaltzaindiak 'Euskararen gramatika' aurkeztu du. Gramatika Batzordeak landu du, 2011tik, eta 1980ko hamarkadatik EGLU liburukietan jasotako edukiak moldatu eta eguneratu ditu

Miren Azkarate, Adolfo Arejita eta Jesus Mari Makazaga euskaltzainak, atzo, Durangon, Euskararen gramatika-ren aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Durango
2021eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Euskararen gramatikaren arauak, azalpenak eta adibideak bildu, osatu eta sakondu ditu Euskaltzaindiak, eta Euskararen gramatika izenburupean argitaratu ditu. Lan mardula da: 2.000 orrialde baino gehiago dauzka, bi liburutan eta 43 ataletan banatuta. Euskaltzaindiaren obra garrantzitsuenetako bat da: Gramatika Batzordea 2011tik ibili da horretan buru-belarri. «Gramatika benetan sendoa da; nahiko genuke erreferentziala izatea datorren hamarkadan», adierazi zuen atzo Miren Azkarate euskaltzain oso eta Gramatika Batzordeko kideak, Durangon (Bizkaia). Izan ere, azokan egin zuten gramatikaren bigarren aurkezpena, eta bertan kontsultatzeko eta erosteko moduan izan da azken egunotan.

Hamar urtez aritu da Gramatika Batzordea argitalpena prestatzen, baina aspaldi hasi zen gramatika lantzen. 1980an sortu zuen Euskaltzaindiak lantalde hori, eta 1984an argitaratu zuen EGLU edo Euskal Gramatika: Lehen Urratsak sortaren lehen liburukia, perpaus bakunei buruzkoa; beste sei publikatu zituen 2011ra arte: aditzari, lokailuei eta juntagailuei buruzko bana, eta mendeko perpausei buruzko hiru. «Hori guztia izan da lan honen oinarria», azaldu du Jesus Mari Makazaga Gramatika Batzordeko idazkariak. «Baina, aldi berean, lan hau ez da EGLU liburukien laburpen edo batuketa soila», zehaztu du Azkaratek.

Izan ere, biek nabarmendu dute lan egiteko modua asko aldatu dela azken hamarkadetan, eta horrek prozesuan eragin duela. Batetik, baliabide eta corpus gehiago dagoelako egun. «Hutsuneak bete ditugu, akatsak zuzendu, eta testuak berregokitu», azaldu du Makazagak. «Eta talde lanean egina da: ez da batzordekide bakoitzak egindako txostenen metatze bat; bileretan eztabaidatutako gramatika bat da».

Inguruko hizkuntzetako gramatikari buruzko erreferentzia gehiago ere badaudela erantsi du Azkaratek: «Asko azpimarratu nahi izan dugu euskararen XXI. mendeko gramatika dela hau. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan aurrerapen handiak egin ziren hizkuntzalaritzan, eta, hala, egungo gramatikek hitz egiten dute argumentuez, paper tematikoez, aditzen sailkapenaz, adjektibo sailkatzaile eta tematikoez... Benetan XXI. mendean gramatika duin eta homologagarri bat egiteko, hizkuntzalaritzan errotutako kontzeptu horiek guztiak barneratu behar ziren».

Azkaratek esplikatu du ahalik eta modu ulergarrienean jartzen saiatu direla informazio hori guztia: «Barne lotura eta erreferentzia asko jarri ditugu, Euskaltzaindiaren arauak azpimarratu egin ditugu, eta adibide ugari erabili ditugu». Amaieran, gainera, ehun orrialdetik gorako gai aurkibide bat erantsi dute, bilaketak errazteko: «Hizkuntzalariek edo euskal filologoek aterako diote etekinik handiena, baina beste askok ere topa dezakete informazio zehatza; adibidez, bait- menderagailuaren erabileraz, gai aurkibidean kontsultatuz».

Eta badira aldeak 1984ko lehen arauetatik Euskararen gramatika-ra. EGLUren lehen hiru liburukietan jasotakoa moldatu dute batik bat; besteak beste, aditzei, izen sintagmei eta hitz ordenari buruzkoak. Adibide bat jarri du Azkaratek: «Aditzak sailkatzeko, nor, nor-nork eta halakoak erabili izan ditugu, baina orain beste kategoria batzuk ezarri dira: aditz trantsitiboak, intrantsitiboak, intrantsitibo ergatibodunak, psikologikoak... Horrek ez du esan nahi ikastean ezin denik nor-nork erabili, baizik eta halako lan batean beste formulazio teoriko bat behar zela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.