Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk lehen aldiz sinatu dute aurrekontuen inguruko hitzarmen bat, eta haren «garrantzi politikoa» nabarmendu du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak: «Benetako borondatea dagoenean, posible da ezberdinen arteko akordioak lortzea». Hala, adostutakoa kontuen esparrura mugatu dela onartu arren, gehitu du akordioek «beti» ateak irekitzen dituztela. Era berean, EAJrekin itunak egiteko prest agertu da EH Bilduko eledun Maddalen Iriarte, «horiek pertsonen bizi kalitatea hobetzen badute».
EAJren eta PSE-EEren gehiengoa dela medio, EH Bilduren abstentzioa ez zen ezinbestekoa aurrekontuak onartzeko. Hartara, bi aldeen arteko negoziazioa «hizki handiz» idatzitako politika izan da, Azpiazuren arabera. «Euskadik elkarrizketa behar du», esan du, eta gehitu akordioak nahi horri erantzuten diola. Sailburuak, Jaurlaritzaren «eskuzabaltasuna» nabarmentzeaz gain, EH Bilduri ere eman dizkio eskerrak, «eginiko ahaleginagatik».
Hura definitzeko, «albiste on bat» eta «akordio positibo bat» esamoldeak erabili dituzte, hurrenez hurren, EAJko Bizkai Buru Batzarreko buru Itxaso Atutxak eta legebiltzarreko bozeramaile Joseba Egibarrek. Herri Irratian eginiko elkarrizketa batean, Atutxak gaineratu du «ilusio handia» egin diola «ezker abertzaleak beste urrats bat» egiteak eta «akordio instituzional handia adosteari izan dion beldurra» atzean uzteak: «Iragartzen du konplizitate bat izango duela EAJrekin eta PSErekin, urtea bukatu arte gutxienez». Egibarrek, berriz, «akordioaren bidea» ireki dela nabarmendu du, eta «jarraipena» eskatu dio EH Bilduri, adostasunak aldundietara eta udaletara zabaltzeko. EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegiren hitzak gogora ekarrita, Egibarrek azaldu du ezkerreko koalizioak akordioarekin hartu duela noizbait legebiltzarreko gehiengoa eskuratzeko hartu beharreko «arriskua».
Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak koalizioari bidalitako mezua, berriz, atzera begirakoa izan da: «Bakoitzak ikusiko du zer baldintzak eragin dion iraganean posible izan ez zena orain hala izateko». Bide beretik, PSEko idazkari nagusi Eneko Anduezak «bere iraganari jarritako osoko zuzenketa» gisa definitu du EH Bilduren jarrera. Hark sozialisten rola ere nabarmendu du, «eztabaida identitarioak baztertzeko» ezinbestekotzat jo duena: «EH Bilduk eta EAJk euren indarrak subiranotasunaren bidean batzea erabakitzen badute, PSE da hori ez gertatzeko berme emailerik onena».
Oso bestelakoa da, baina, EH Bilduren analisia. Iriarteren esanetan, koalizioa «akordioetara iristeko prest» dago eta egon da, «urteetan errepikatu izan duten arren ezinezkoa zela». Horren adibidetzat jo du azken hilabeteko akordio sorta: Eusko Legebiltzarrean abstenitzeaz gain, Espainiako eta Nafarroako gobernuek 2022rako aurrekontuak aurrera ateratzea ahalbidetuko dute. Izan ere, Iriartek aurrekontu akordiotik nabarmendu duen ezaugarrietako bat da «gobernu hau eta, bereziki, EAJ mugitzea» lortu izana, haiek «atea ireki» izana: «Lortu dugu Jaurlaritza honek bere jarrera immobilista alde batera uztea eta EH Bildurekin akordioak lortzeko bidea irekitzea».
Kanpoan geratu diren indar politikoen artean, Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaile Miren Gorrotxategik koalizio subiranistaren «marketin ariketatzat» jo du akordioa, kontuetan «funtsezko aldaketarik» lortu ez dutelakoan. Hala, gehitu du EH Bilduren asmoa jeltzaleen espazioa hartzea dela:«EAJren lehentasunezko bazkide izatea erabaki du». PPko eledun Carlos Iturgaizen esanetan, berriz, akordioaezkerreko subiranistak «zuritzeko» beste urrats bat da, helburu duena «independentzia lortzeko estatus berri bat» eratzea.
Jaurlaritzak eta EH Bilduk egin izan dituzte akordioak aurrez ere, maila apalagokoak izan diren arren. Esaterako, irailean, Natura Ondarea Kontserbatzeko Legea adostu zuten bi aldeek, gobernuak EH Bilduren 48 zuzenketa onartu ostean. Kontrara, EAJk eta PSE-EEk ingurumen administrazioaren lege proposamenari aurkeztutako zuzenketek eragindako erreakzioak erakutsi berri du oraindik arrakala dagoela gobernuaren eta oposizioko alderdi nagusiaren artean.
Aurrera begira, Hezkuntza Legearen ingurukoez hitz egiteko eseriko dira bi aldeak. Izatez, EAJk eta EH Bilduk irailean hasi zituzten elkarrizketak, eta, PSE-EErekin batera, etorkizuneko hezkuntza sistemaren inguruko txosten bat ahalbidetu zuten —Elkarrekin Podemos-IUk ere babestu zuen hura—. Jaurlaritzak 2023rako iragarri zuen lege berriaren onarpena, baina Urkulluk urtebete aurreratu zuen data. Hala, legebiltzarreko alderdiek datorren urtean izango duten erronka nagusietako bat izango da.
Era berean, EH Bilduk mahai gainean jarri nahi ditu zerga politikan eta zahar etxeen kudeaketan aldaketak egiteko beharra eta ikus-entzunezko sektorea indartzekoa ere; hirurak aipatuak dituzte aurrekontuen inguruko negoziazioetan. Ez ezkerreko subiranistek, ez jeltzaleek ez dute aipatu, ordea, estatus politiko berriaren inguruko eztabaida.
Lortutakoarekin pozik
Bi aldeek asteazkenean jakinarazi zuten 253 milioi euroren hainbat zuzenketa txertatuko dizkiotela 2022rako aurrekontu proiektuari, baita adostasun politikoak lortu dituztela ere enpleguari, I+G+B inbertsioei eta etxebizitzari dagokienez. Azpiazu eta Iriarte «pozik» agertu dira lortutakoarekin. Ogasun sailburuaren hitzetan, kontuak «hobetzeko» eta «gizarteko kohesioa mantentzeko» balio izan du akordioak. EH Bilduko eledunaren arabera, «eragin zuzena» izango du herritarrengan: «Gure lehentasuna herritarren ongizatea eta bizi kalitatea dira, eta horretan oinarrituta hartu dugu abstenitzeko erabakia».
Bi aldeek, ordea, ez dute bat egiten aurrekontuen balioaz hitz egitean. Jaurlaritzarentzat, «garrantzi estrategikoa» dute, «pandemiak eragindako egoera latzari erantzuteko». Oposizio buruarentzat, berriz, ez dira «herriak behar dituen aurrekontuak».
Ezker abertzalea 2002an abstenitu zen azkenekoz aurrekontuen inguruko bozketa batean. Erabaki hark modua eman zuen Juan Jose Ibarretxeren gobernuak kontuak aurrera ateratzeko. EAk, berriz, gobernutik babestu zituen aurrekontuak azken aldiz, 2008an.
Akordioen atea ireki dute
Azpiazuk Eusko Jaurlaritzaren eta EH Bilduren arteko adostasunen «garrantzi politikoa» nabarmendu du. Iriarte hitz egiteko prest agertu da, «pertsonen bizi kalitatea hobetzeko» bada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu