Sorturen kongresu prozesuan, Nazio Kontseiluak aurkeztutako Herrigaia txostenaren eta Lurrari Lotuz osoko zuzenketaren artean botoa emateko asteburua izan dute Sortuko kideek. Zuzendaritzaren proposamena nagusitu da: 7.936 kidek eman zezaketen botoa, eta 4.164k bozkatu dute; horietatik %71k (2.948) babestu dute Herrigaia, eta %22k Lurrari Lotuz (919). %7k (297) zuri bozkatu dute. «Herrigaia hastapenetik eraikuntza kolektiboa izan da. 500 buruz buruko elkarrizketaren, dozenaka herri batzarren eta udaran egindako bi Nazio Topaketen emaitza, eta hala izango da aurrerantzean ere», zabaldu du Nazio Kontseiluak ohar batean.
Eztabaida prozesuak aurrera jarraitzen du. Abenduaren 5era arte Herrigaia-ri zuzenketa partzialak egiteko aukera dago, eta abenduaren 17tik 19ra bozkatuko dituzte. 2017ko urtarrilean egin zuen Sortuk azken kongresua, eta oraingoa aurtengo urtarrilean egitekoa zen: pandemiaren ondorioz, ordea, urtebetez atzeratu zuten. 2022ko urtarrilaren 22an bukatuko da, eta zuzendaritza berria ere orduan aurkeztuko dute.
Onartutako txostenak «botere metaketari» ematen dio garrantzia: «Indarrak metatu eta artikulatu behar ditugu, subjektu eraldatzailea eraikitzeko, gehiengoak osatzeko bokazioarekin».Herrigaia-ren ustez, «prozesu subiranistak behar du gehiengo sozial bat, maila elektoral eta instituzionalean adieraziko dena, instituzioen boterea prozesuaren zerbitzura jarri ahal izateko. Eta gehiengo horren aktibazioa ere eskatzen du, antolakuntza eta mobilizazio iraunkorra». Gainera, Herrigaia-rentzat, EH Bildu eta EH Bai dira «ezkerreko subiranismoaren erreferentzia politiko instituzionala», eta haiei dagokie «protagonismo nagusia, indarrak bildu eta artikulatzeko». Herri mugimendua «euskal jendartearen emantzipaziorako tresna estrategikoa» litzateke, eta «sakoneko aldaketak eragin eta alternatibak eraikitzeko bidean funtsezko zeregina» luke.
'Herrigaia' aukeratu dute
Sorturen kongresuan botoa eman dutenetatik %71k Nazio Kontseiluak proposatutako txostenari eman diote babesa. Abenduaren 17tik 19ra egongo da zuzenketa partzialez botoa emateko aukera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu