Haurrekiko hizkuntza praktikak aldarazi nahi ditu Topaguneak

Ariketa sozial bat aurkeztu du erakundeak, umeen eredu diren helduen artean euskararen erabilera sustatzeko. Hilaren 22tik abenduaren 5era egingo dute, gutxienez 80 herritan

Haurren aurrean helduok heldu ariketa sozialaren sustatzaileak egitasmoaren aurkezpenean, atzo, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Julen Aperribai.
2021eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Euskaraldian sustatutako hizkuntza praktikak «arau sozial» bihurtzeko asmoari helduta, ariketa sozial berri bat egingo du Euskaltzaleen Topaguneak: Haurren aurrean helduok heldu.«Umeen erreferente eta gertuko diren helduen arteko hizkuntza portaeretan eragitea, eta euskararen erabilera areagotzea» izango du helburu egitasmoak. 80 herri baino gehiago daude izena emanda, oraingoz. Atzo aurkeztu zuten Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak; Goia Urkijo egitasmoaren koordinatzaile eta Topaguneko kideak; eta Arrate Gisasola Ebete aholkularitzako kide eta egitasmoko parte hartzaileak.

Azaroaren 22an hasi, eta abenduaren 5era arte iraungo du ariketa sozialak. 0 eta 12 urte arteko haurrekin harremana duten helduei begirakoa izango da: gurasoak, hezitzaileak, lagun helduak, zaintzaileak eta umeekin egoten diren bestelako senideak. Haurrekiko harremanean ez ezik, euren arteko mintzaldietan ere sustatu nahi du euskara egitasmoak, horrek, era berean, belaunaldi berriak «hizkuntza praktika berriak normalizatu eta barneratzera» eramango dituela iritzita. Helduak eta haurrak elkartzen diren inguru informaletan eragin nahi du Topaguneak, batez ere; hala nola parkeetan, plazetan eta eskoletako atarietan. Halaber, etxeko ohituretara ere heldu nahi du.

Arau sozialtzat hartutako premisa bat indartu nahi du ariketak, eremu horietan guztietan: «Euskaldunok euskaldunokin euskaraz egiten dugu». Arau horri jarraikiz, hiru portaera egonkortu nahi ditu Topaguneak: solaskideek euskara dakiten kasuetan euskaraz egitea; lehen hitzak euskaraz egitea, baita ezezagunekin zein euskaraz ulertzen duten ezagunekin ere; eta euskaraz hitz egiten ez duten baina ulertzeko gai diren mintzakideekin euskarari eustea, baita elkarrizketa elebidunetan ere.

Helduek egin beharreko ariketa izango da, eta, horrenbestez, haiei egokituko zaie eguneroko hizkuntza praktikei erreparatzea eta euskara horietan txertatzea. Ariketa soziala egin aurretik, nola egin pentsatzeko eskea egin zien Urkijok parte hartuko dutenei: «Eskatuko diegu pentsa dezaten norekin alda ditzaketen hizkuntza ohiturak parkean, eskola inguruan edo umeekin egiten dituzten bestelako ekintzetan; baita kide horiei elkarrekin ariketa egitea proposatzea ere».

«Euskararen erabileran aurrerapausoak emateko», belaunaldi gazteek hizkuntza erabiltzea beharrezkoa dela uste du Topaguneak, eta, horretarako, helduen «eredugarritasunari» erreparatzea beharrezkotzat jo du. Izan ere, hizkuntza ez ezik, «hizkuntza erabiltzeko gizarte arauak» ere barneratzen dituzte haurrek, erakundearen arabera. Umeen hizkuntza ohiturak «erabilera sozialaren ereduetan» ispilatzen direla azaldu zuen Gisasolak: «Erabilera sozialaren eredurik ez badago, haurrek, hizkuntza ikasi bai, baina ez dute hartan jardungo. Euskara egoera eta testuinguru guztietan ohikoa dela sumatu behar dute haur eta gaztetxoek, etorkizunean beraiek ere hala jokatzea nahi badugu». Sarritan, haurrek helduengandik «mezu kontraesanezkoak» jasotzen dituztela nabarmendu zuen, euskaraz egiteko eskatzen dieten berberek ez baitute egiten. Egoera hori adibide batekin ilustratu zuen Amonarrizek: «Ume batzuk erdaraz ari dira beraien artean. Guraso bat hurbiltzen da euskaraz egiteko esatera, eta umeak erantzuten dio gurasoetara jolasten ari direla».

Ikastetxeekin nahikoa ez

Haurrak euskaraz hazteko eta hezteko ikastetxeen lana ezinbestekotzat jo arren, helburu hori hezkuntza arautuaren bidez soilik ezin dela lortu gogorarazi zuen Amonarrizek: «Askotan esan dugun bezala, eskola ez da nahikoa. Haurrek euskaraz egingo badute, eskolatik kanpoko eremuetan ere euskaraz egin behar dute: euskaraz dakiten gurasoekin, etxeetan, aisialdian, beraiei zuzenduriko zerbitzu eta ekintzetan».

Era berean, euskararen erabileraren aldeko dinamikak «sektorez sektore, herriz herri eta auzoz auzo» aktibatu beharraz aritu zen Amonarriz, eta azpimarratu zuen asmo horri erantzutea ere badela atzo aurkeztutako egitasmoaren xedea. «Topagunean oso garbi dugu euskararen biziberritze prozesua, batez ere, eraldaketa sozialeko prozesua dela», adierazi zuen.

Egitasmoa indartzeko, Amonarrizek berak eta Paula Kasares soziolinguistak hitzaldiak emango dituzte hainbat herritan, datozen egunetan. Bestalde, hilaren 30ean, Iñaki Eizmendi gizarte hezitzailearekin batera hizlari ariko dira biak Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean, orduan ere helduek haurren aurrean izan ohi dituzten hizkuntza ohiturak hizpide hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.