Koronabirusa

Azken zazpi egunetan 939 COVID-19 positibo atzeman dituzte Hegoaldean

Gora egin du hamalau eguneko positiboen batezbestekoak. Ospitaleratutako gaixo kopurua %41 apaldu da hila hasi zenetik: orain 97 dira. Bildarratzek adierazi du ikastetxeetako egoera ona dela

Arantxa Iraola - Uxue Rey Gorraiz
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak utzi egin zion COVID-19aren gaineko datuen egunean eguneko azterketa egiteari, eta astean behingo jakinarazpena iragarri zuen; beraz, atzo zen gaitzaren eboluzioari erretratu bat egiten ahalegintzeko egun egokia, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuen asteko txostena plazaratu baitzuen Osakidetzak. Nafarroak oraindik egunero ematen ditu bilakaera epidemiologikoaren inguruko datuak, eta, bi administrazioek argitara emandako datuei begira, atzo argitu ahal izan zen azken zazpi egunetan 939 positibo atzeman dituztela Hegoaldean. Herenegun, 85 kasu atzeman zituen Osakidetzak, egindako testen %3,7. Nafarroan 38 izan ziren: testen %5. Positiboen hamalau eguneko batezbestekoari begira, Hegoaldean, oro har, gorako koska bat ikus daiteke: hain zuzen ere, lehengo astearen hasieran 111,2 zen, eta atzo 123,5.

Arinduta daude, oro har, Euskal Herri osoan izurriaren aurkako prebentzio neurriak, eta aparteko garrantzia du datuen atzean ikusten den eboluzioa antzemateak. Positiboen intzidentzia tasa metatuan, adibidez, gorako joera bat bada Osakidetzak emandako datuetan, beste gorako koska txiki bat: aste hasieran 55,4 zen, eta, orain, 63,64. Hilaren 6ra arte 60ko langatik behera egon zen tasa hori, baina 12tik aurrera gora ari da. Osasun agintariek nabarmendu izan dute garrantzitsua dela tasa muga horretatik behera egotea egoera kontrolpean izate aldera. Herrialdeka, bada aldea. Apalenetik handienera, horra zer-nolakoa den egoera atzo emandako datuetan: Araban, 46; Nafarroan, 49,7; Bizkaian, 60,9, eta Gipuzkoan, 73,1.

Atzoko zenbaketaren arabera, Osakidetzako eta Osasunbideko erietxeetan 97 pertsona daude COVID-19ak jota; horietako 32 ZIUetan. Urriaren 1ean, 167 ziren: bada aldea. COVID-19 duten gaixoen kopurua %41,9 apaldu da hila hasi zenetik. Hainbat astean beherakada argia izan zuen transmisioak, eta pentsatzekoa da horren ondorioa dela erietxeetako eboluzioa. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak esan du zortzi pertsona hil direla gaitzaren ondorioz iragan zazpi egunetan.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, bere aldetik, esan du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskoletako egoera ona dela. Nabarmendu du iaz garai honetan ehun ikasgela itxita zituztela gaitzaren ondorioz, eta orain lau soilik direla. «Zeharo desberdina da egoera».Neurriak arintzen hasteko asmorik ez dutela adierazi du, hala ere: «Zuhur jardun behar da». Bigarren hezkuntzan, egoera arras aldatu du txertaketak: 12 eta 19 urte arteko nerabe eta gazteen %81 txertatuta daude egun Hego Euskal Herrian. Txertaketan ehunekorik apalenak 30-39 eta 20-29 adin tarteetan daude: hain zuzen ere, %74,9 eta %76,9 dira txertatutakoen ehunekoak adin tarte horietan.

Gripearen aurkako txertoa

Osakidetzak atzo abiatu zuen gripearen aurkako txertaketa. 70 urtetik gorakoei era emango zaie txerto horrekin batera COVID-19aren aurkako txertoa ere hartzeko, baldin eta azken dosia duela sei hilabete edo lehenago hartu bazuten. Gripearen aurkako txertoa 65 urtetik gorakoei, osasun langileei, pertsona zaurgarriekin lan egiten duten zaintzaileei eta aurrez beste patologiaren bat dutenei jarriko diete lehenik. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak jakinarazi duenez, berriz, Osasunbidea datorren astelehenean hasiko da gripearen kontrako txertoa jartzen, hilaren 25ean. Kanpainak abenduaren 2ra arte iraunen du aurten, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kanpainaren urrats berberak eginen dituzte Nafarroan ere. Gripeari ez ezik, COVID-19ari erreparatzeko ere baliatuko dute prozesua. Hain zuzen, nahi izanez gero, pertsona kalteberek bi zizta hartzen ahalko dituzte egun berean; gripearen kontrakoa eta COVID-19aren aurkakoa. Gobernuak zehaztu duenez, 70 urtetik gorakoak eta arrisku handiko parametroan sailkatuak direnek izanen dute horretarako parada.

Gripearen txertoa hartu nahi dutenek gaurtik dute horretarako era Nafarroan. Osasunbidea hasia da 60 urtetik gorako biztanleei SMS mezuak bidaltzen, eta hiru bide dituzte ordua galdegiteko: telefono bidez, posta elektronikoz edo webgunean sartuz egin dezakete. Nork bere ordua eska dezake. Edonola ere, Osasunbideak telefonoz hots eginen die txertoa hartzera deituak diren herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.