Ipar Euskal Herrian euskarak Europako Kontseiluaren «babes politikoa» lortzea: hara zer eman lezakeen Hizkuntza Gutxituen Babeserako Europako Tokiko Ituna izenpetzeak. Itsasuko Herriari hauteskunde zerrendatik (Lapurdi) partitu zen ideia iragan martxoko bozen denboran, eta, urtebete geroago, bide puska bat egina dute. Euskal Konfederazioak eta Itsasuko hautetsiek elkarlanean aurkeztu dute proiektua. Helburua: Ipar Euskal Herriko herriko etxeek lehenik eta instituzioek ondotik Europako Hizkuntza Gutxituen Babeserako Tokiko Ituna izenpetzea.
Tokiko ituna Hizkuntza Gutxituen Euroitunaren bertsio berezi bat da, non eta lurralde kolektibitateek izenpetzeko aukera duten. Izan ere, Frantziako Estatuak baizik ez du euroituna izenpetzeko eta berresteko eskumena. 1999tik Frantziako Estatuak izenpetua du, baina ez du berretsia, Frantziako Konstituzioaren kontrakoa delakoan.
Gilen Hiribarren Itsasuko hizkuntza politikarako hautetsia da: «Itsasun hausnarketa eramana dugu; ituna puntuz puntu landu dugu Europako Kontseiluarekin. Gure helburua da beste herriak ere batzea». Oraingoz, 30 bat herriko etxerekin eta lurralde polo batekin bilduak dira, eta «harrera ona» izan du proiektuak. Espero dute datorren azarorako«ahal bezainbat» herriko etxek izenpetzea tokiko ituna. Gilen Hiribarren: «Desmartxa komun bat da, tresna komun batekin». Mikel Hiribarren Itsasuko auzapezak ere argi du: «Bakarrik fiteago joaten ahal ginen, baina elkarrekin urrunago joanen gara».
Peio Jorajuria Seaskako lehendakari eta Euskal Konfederazioko kideak azaldu duenez, ituna izenpetzeak euskarari Europako Kontseiluaren babes politikoa emango lioke Ipar Euskal Herrian: «Ez da babes juridiko bat, baina bai babes politiko bat. Europako Kontseiluak euskarari nolabaiteko ofizialtasun sinboliko bat emango lioke Iparraldean. Gainera, ikusgaitasuna ematen dio euskararen alde egina den lan guziari».
Urratsez urrats
Tokiko itunak, beraz, hizkuntza gutxituei babes politikoa ematen die hizkuntza politika hainbat arlotan garatzeko, hala nola hezkuntzan, justizian, administrazioan edota zerbitzu publikoetan. Horren gauzatzeko, 49 xedapen ditu itunak, norabideak finkatzeko. Herriko etxe batek horietarik 35 hautatu behar ditu, gutxienez, «bere ahalen eta beharren arabera» ituna izenpetzeko. Itsasuko hautetsiak gida bat prestatzen ari dira Ipar Euskal Herriko beste herriko etxeei laguntza eskaintzeko, xedapen horiek nola gauza ditzaketen azaltzeko, adibide praktikoak emanez.
Behin ituna izenpetuta, ikuskaritza batzorde bat osatzeko asmoa dute Ipar Euskal Herrian, herriko etxeek beren engaiamenduak atxikitzen dituztela egiaztatzeko. Dena den, Europako Kontseiluak bat egiten duten herriko etxeen behaketa lana egiten du, eta, ondotik, haren webgunean hedatzen ditu lorpenak eta gabeziak. Jorajuria: «Gardentasunez jokatzea inportantea da, publikoa izan dadin. Herritarrek segitzen ahalko dituzte aitzinatzeak, Ipar Euskal Herritik zein Europa osotik».
Herriko etxeek ituna izenpetua izanen dutelarik, Euskal Hirigune Elkargora joko dute eragileek. Mikel Hiribarren: «Herrien engaiamendua lortu nahi dugu, errazagoa izanen baita gero Elkargoaren sostengua ukaiteko». Bide «luzea» egitekoa dute oraino: «Ituna ez da helburu bat, tresna bat baizik. Bide luzea da euskararen erabilera osoki bermatua izateko euskararen herrian».
Europaren «babesa» lortu nahi dute euskararentzat Ipar Euskal Herrian
Euskal Konfederazioak eta Itsasuk kanpaina bat abiatu dute Hizkuntza Gutxituen Europako Tokiko Ituna izenpetzeko. 30 herriko etxerekin bildu dira oraingoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu