Eutanasia arautuko duen legea gaur onartuko dute Espainiako Kongresuan. Behin indarrean jarrita, osasun sistemaren barruan erabili ahal izango den zerbitzu bat izango da eutanasia. Testuaren arabera, eutanasia eskatu ahal izango dute «gaixotasun larri eta sendaezina» edo «pairamen larri, kroniko eta ezintasun eragile bat» dutenek, horrek haien autonomian eragiten badu, eta «sufrimendu fisiko edo psikiko iraunkor eta jasanezin bat» eragiten badie. Legeak zedarritzen du horretarako jarraitu beharreko prozedura: hain justu, bi medikuk aztertu beharko dute eskakizuna, eta, kasuen jarraipena egiteko, bermerako batzorde batzuk antolatu beharko dira autonomia erkidegoetan.
Espainiako Kongresuan agerikoa da legearen aldeko jarrera; PP, Vox, UPN eta Foro Asturias bakarrik daude kontra, eta jarrera horretan irmo jarraitzeko asmoa adierazi dute: atzo bertan, Voxeko ordezkariek jakinarazi zuten, adibidez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko dutela lege horren aurka egiteko. Baina diputatuek dute legea onesteko giltza, eta hor ez dute aski babesik onespenaren kontra egiteko: okerrik ezean, gaur onartuko da, eta hiru hilabeteren bueltan indarrean egongo da legea.
Legea PSOEk aurkeztu zuen, eta gaur Kongresuan onartuko den testua jatorrian alderdi horrek atondutakoaren antzekoa da. Abenduaren 18an eman zioten lehen onespena Kongresuan, eta ordutik Senatuan egin dizkioten aldaketak «oso txikiak» izan direla adierazi du Fernando Marinek. Medikua da, eutanasia legeztatzearen alde eratutako DMD elkarteko ordezkaria. Oro har, «harago» joko lukeen lege bat nahiago luketela onartu du. Kritikoak izan dira, esaterako, autonomia erkidegoetan kasuen jarraipena egiteko atondu beharko diren berme batzordeekin, kezka baitute gobernu autonomikoetako buruzagien ildo politikoaren arabera funtzionatuko ote duten: «Horien bidez legea boikoteatzen hasten badira, auzitegietan buka dezakegu». Legeak jende askoren nahiak betetzen lagun dezakeela uste du, ordea: «Legeak erantzun bat eman ahal izango die egun eutanasia legeztatuta daukaten herrialdeetan aintzat hartzen diren kasuen %98i».
Ikuskera kritikoagoa du Koldo Martinezek. Espainiako Senatuan senataria da Geroa Baiko ordezkari gisa, eta bioetika gaietan aditua. Hantxe bertan hainbatetan adierazi du ezinegona. Ez legearen funtsarengatik: «Beharrezkoa zen. Eutanasia arautu egin behar da». Ez du ulertzen, ordea, legean, adibidez, zergatik ez zaion egin tokirik «suizidio lagunduari» ere. «PSOEk erabaki du suizidioa atzean uztea; erabaki politiko bat da». Ezin du ontzat eman: «Biak dira hiltzen laguntzeko prozesu klinikoak».
Lege osoagoa nahi luke: «Oso kalitate gutxiko legea iruditzen zait. Segurtasun juridiko urria ematen du; profesionalei begira, eta gizarteari begira, oro har». Salatu du, esaterako, ez dela behar bezala «zehazten» nork izango duen zerbitzua emateko ardura, hitzez Maria Luisa Carcedo Osasun ministro ohiak (PSOE) usu adierazi badu ere «erizainen» lana izango dela. Testuan, ordea, behin bakarrik aipatzen dira. Legearen harira ezarriko den «trebakuntza planarekin» ere kritikoa da: «Legea martxan jarri eta gero egingo da». Egiteko beste era bat nahi luke. «Zeelanda Berrian eta Australian eutanasia onartzeko legeak onartu dira berriki, eta horietan 12-18 hilabeteko epea jarri da indarrean sartzeko». «Seriotasun» handiagoa galdegin du: «Populismoa eta demagoia oso itsusiak dira, eta PSOEk eginda, oraindik itsusiagoak».
Eutanasia onestera doaz
Gaur Espainiako Kongresuak onartuko duen legeak helburu du osasun sistemak bermatu beharreko zerbitzu bat izatea eutanasia. Gehiengoa alde dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu