Koronabirusa

Hegoaldeko positiboen ehunekoa %5,2 da: OMEk mugarritzat duenetik hurbil

Bigarren olatuko hildako kopururik handiena egon da Hegoaldean: gutxienez 142 lagun hil dira astebetean. Eguberrietako neurrietan ez da akordiorik egon

Hegoaldeko positiboen ehunekoa %5,2 da: OMEk mugarritzat duenetik hurbil.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2020ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko koronabirus kasuen hazkundea pixkanaka apaltzen ari dela erakusten dute azken datuek, eta, hain zuzen ere, joera aise antzeman daiteke egindako testen gaineko positiboen ehunekoari erreparatuta. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, herenegun egindako testetan 799 kasu detektatu ziren Hegoaldean, eta, zehazki, proben %5,2k eman zuten positibo. OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5ean du ezarria izurritea kontrolpean eduki ahal izateko muga. Soilik Nafarroako datuak hartuta, langa hori jaistea erdietsi zen herenegun: %3,6. Halaber, Jaurlaritzak atzo emandako datuen arabera, Osakidetzak egindako testen %5,6k eman zuten positibo herenegun. Datu horren harira, Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak esan du arrazoi aski daudela «baikor» izateko, baina argitu du zuhurtziaz jokatu behar dela, beste adierazle batzuek erakusten duten joerengatik, batik bat. Ospitaleetako egoerari eta heriotzek utzitako datuei egin die erreferentzia Berraondok.

Izan ere, adierazle guztiek ez dute beheranzko joera erakusten pandemiaren bigarren olatuaren bilakaeran. Kutsatzeek urrian izandako gorakada nabarmenak eragin zuzena izan du, esaterako, koronabirusak utzitako heriotzen kopuruan, eta bigarren olatuko daturik makurrenak erregistratu dira Hegoaldean. Azken datuen arabera, joan den igandera arte 142 lagun zendu ziren gaitzarekin astebetean. Azaroaren 16tik 22ra bitarteko asteari dagokio kopuru hori, zehazki. Nafarroan hildakoak dira horietatik 45, eta gainerako 97ak, berriz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zendu dira. Aurreko astean baino hamalau heriotza gehiago izan dira hiru herrialde horietan. Gainera, Nafarroako Gobernuak beste hiru heriotzaren berri eman zuen atzo. Jakinarazi zuenez, koronabirusarekin eri ziren bi pertsona hil ziren herenegun foru erkidegoan, eta beste bat, berriz, aurreko egunetako batean.

Herrialdez herrialde asteartean atzeman ziren kasuei dagokienez, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan, hiruretan hazi zen detektatutako positiboen kopurua bezperako datuen aldean. Nafarroan, berriz, apaltzera egin zuen zenbatekoak. Zehazki, Bizkaian 303 izan ziren; Gipuzkoan 275 detektatu zituzten; Araban 101 positibo erregistratu zituzten; eta Nafarroan, berriz, 106 positibo zenbatu zituen Osasunbideak.

Gainera, kutsatzeek egunetik egunera utzitako datuez harago, aipatzekoa da Hegoaldeko herrialdeetan erregistratutako intzidentzia tasek azken asteotan izandako apaltzea. Oraintxe bertan, zehazki, 100.000 biztanleko 785 laguni atzeman diete birusa hamalau egunean Gipuzkoan. Bizkaian 518koa da tasa, Araban, berriz, 459koa, eta, Nafarroan da apalena: 320.

Birusaren transmisioan ez bezala, ospitaleetako egoeran oraindik ere nekez ari da nabaritzen birusaren eraginaren arintzea. Pixkanaka, apaltzen ari da ospitaleratutako lagunen kopurua, baina erritmo motelean betiere. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, oraintxe bertan guztira 745 lagun daude erietxeratuta. Horietatik 564 gela arruntetan daude, eta 181, berriz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.

Eguberrietako plana

Lurralde Arteko Kontseiluak bilera egin zuen atzo Madrilen, Espainiako Gobernuak Eguberrietara begira ehundu duen proposamena erkidegoekin adostu asmoz. Atzo ez zen akordiorik lortu, eta astebete barru berriro egingo dute bilera. Neurrien inguruan «ahalik eta adostasunik handiena» lortzea da asmoa, baina erkidego bakoitzak izango du azken hitza, Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak adierazi zuenez. Eusko Jaurlaritzak ekarpen sorta bat aurkeztu zuen bileran, eta, funtsean, Madrilgo zirriborroari «zorroztasun» eta «sendotasun» handiagoa eskatu zion. Besteak beste, Eguberrietako topaketetan sei pertsona baino gehiago ez elkartzeko egindako aholkuaz eskaera bat egin zuen: adingabeak ere aintzat hartzeko sei kideko familia topaketetan. Bidaiatzeari buruzko aipamenak zirriborrotik kentzeko, mugikortasuna murrizteko eta erkidegoen itxierari buruzko irizpidea erkidegoekin batera adosteko galdegin zion. Etxeratze aginduari buruz ere egin zion xehetasunik: etxeratze agindua 01:00etara luzatuz gero, argi uzteko bizilekura joatea dela helburua, eta ez kalean topaketak edo festak egitea. Errege Magoen desfileak ez ospatzeko ere eskatu zuen Jaurlaritzak bileran.

Nafarroako Gobernuak ere bere proposamena egin zuen. Besteak beste, Eguberrietan sei-hamar pertsonako familia topaketak baimentzearen alde egin zuen, baita elkarrekin bizi ez direnen artekoak ere. Nafarroako mugaren itxierari dagokionez, «malgu» jokatu nahi du, baina soilik familia bereko kideak elkartzeko bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.