Urte politikoa hastearekin batera, agendaren lehen lerrora itzuli da Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren estatus politikoari buruzko eztabaida. Gaia ardatzetako bat izan zen Eusko Legebiltzarrean irailaren 20an eginiko Politika Orokorreko Eztabaidan, eta, harrezkero, indar nagusietako ordezkariek egin dituzte estatusari buruzko adierazpen argiagoak edo lausoagoak. Bitartean, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak adostutako oinarriak testu artikulatu batean jasotzeko ardura duen aditu taldea lanean ari da, gero eta gertuago baitago zirriborro bat aurkezteko epemuga: azaroaren 30a. Mikel Legardak, Iñigo Urrutiak, Arantxa Elizondok, Alberto Lopez Basagurenek eta Jaime Ignacio del Burgok osatutako taldea hasi da mami politiko handieneko gaiak jorratzen, lehen hilabeteetan ika-mika gutxiago eragin zezaketen atalak jorratu eta gero. Epemuga gertu, datozen asteak erabakigarriak izan daitezke behin betiko testuak hartuko duen norabidea definitzeko.
Adituek konfidentzialtasuna gorde behar badute ere, zabaldu dira aditu taldeak mahai gainean dituen edukietako batzuk, eta ordezkari politikoen adierazpenetan ere iradoki daiteke zertan den estatusari buruzko eztabaida. Funtsean, kontzertu politikoaren kontzeptua eta haren egokitzapen konstituzionala dira elementu nagusiak; horretan indarra egin du Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak azken asteetan: Politika Orokorreko Eztabaidan, esaldi batean formulatu zuen itun horren definizioa: «Itun nazional baterako akordioa Euskadin eta aldebiko bermea duen hitzarmena estatuarekin». Joan den astelehenean Forum Europak antolatu ohi dituen gosari-foroan, berriz, «itunaren eta bermedun aldebikotasunaren jatorrizko espiritua sendotzeaz» mintzatu zen, Espainiako Konstituzioan lekua baduela erantsita.
Konstituzioaren Lehen Xedapen gehigarria da leku hori: «Konstituzioak lurralde forudunetako eskubide historikoak babestu eta errespetatzen ditu. Foru araubide horren eguneratze orokorra, hala denean, Konstituzioaren eta autonomia-estatutuen eremuan burutuko da». Urkulluk azpimarratu zuen, kontzertu ekonomikoaren eredua alor politikora eramateko, ez dagoela Espainiako Konstituzioa aldatu beharrik eta aski dela hura «modu malguan» interpretatzea.
Kontzertu politikoaren ideia ez da berria EAJn, ezta Lehen Xedapen Gehigarria helduleku gisa erabiltzeko tesia ere. Hori izan zen 2003ko estatutu proiektuaren konstituzionaltasuna argudiatzeko baliabide nagusietako bat, eta egitasmo hark ere jaso zuen autogobernua bermatzeko sistema bat, eskumen gatazkak argitzeko «Euskadi-Estatua Aldebiko Batzordea» eratzea proposatuta. Kontzertu ekonomikoaren eredua arlo politikora eraman nahi zen horrela, eta, beraz, gisa horretako aukera bat jaso lezake orain lantzen ari diren dokumentuak.
EAJko agintarien artean, Josu Jon Imazek atera zuen kontzertu politikoaren ideia, 2005ean Espainiako Kongresuak atzera bota eta gero Eusko Legebiltzarrak 2004ko abenduan onartutako estatutu proiektua. 2007ko otsailean, Bilboko hitzaldi batean, artean EBBko burua zela, azaldu zuen «Kontzertu ekonomikoaren formulazio kontzeptuala esparru politikora eramatea» litzatekeela kontzertu politikoa. Urkulluk hartu zuen Imazen lekukoa EAJren buruzagitzan, eta Andoni Ortuzarrek Urkullurena, 2013an, Urkullu Jaurlaritzako lehendakari izendatu eta gero; Ortuzarrek ere atera zuen esparru politikoan kontzertu ekonomikoaren parekidea litzatekeen formula.
Edukiak urardotzeko kezka
Beste hitz batzuekin, EH Bilduk bere egin du kontzertu politikoaren ideia Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak indarrean dagoen legealdian eginiko bidean zehar. Estatus berriaren oinarrien eztabaida hasi aurretik talde bakoitzak aurkeztutako proposameanean, EH Bilduk zioen estatus berri horrek «erabakitzeko esparru propio zabal bat bermatu» behar diela euskal erakundeei, hau da, «esparru material, esklusibo eta baldintzarik gabea; erakundeek erabakitzeko duten ahalmena nagusituko da esparru horretan eta ez da Estatu Espainoleko erakundeen kanpoko eta aldebakarreko esku hartzerik izango».
Baina mesfidantza nabari da EH Bildun, oinarriak urardotuko ez ote diren, beste alderdi batzuk akordiora batu daitezen. Politika Orokorreko Eztabaidan, galdera zuzena egin zion Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak Urkulluri: «Zure gobernua akordio horren zein zati dago kanpoan uzteko prest akordioa zabaltzeko? Edozein negoziaziotan amore eman behar da, baina akordioa zabaltzeko ez du balio akordioa desnaturalizatzeak, akordioa baliogabetzeak, alderdi unionistei beto eskubidea emateak». Joan den asteartean, berriz, «kezka» agertu zuen Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak Euskadi Irratian, EAJ ez ote den ari orain arte «adostutakoa beheratzen edo ezkutatzen», PSE-EE ere egitasmora batu dadin.
Baditu arrazoiak beldurra izateko nahiz uxatzeko: batetik, EAJko ordezkariek esandakoak. Irailaren 25ean, irrati publikoan, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak beharrezkotzat jo zuen akordioa zabaltzea nagusiki EAJren eta EH Bilduren artekoa da; eskubideen atalean, Elkarrekin Podemos batu zen itunera—: «Gehiengo zabalago bat beharko dugu, eta beharko dugu Gasteizen eta baita egunen batean, ea ez den urrunean, Madrilera goazenean ere». «Garrantzitsua izango da hori zabaltzea, gero Madrilen ere benetan bide bat izan nahi badugu. Badakigu bestea zer den», ohartarazi zuen.
Era berean, Koldo Mediavilla EAJko Harreman Instituzionaletarako idazkariak, gaur zortzi bere blogean idatzitako sarreran, zioen garrantzitsuena «autogobernua eguneratzeko mandatua» betetzea dela, ez «norberaren arrastoa» uztea, akordio «ahalik eta zabalena» bilatuta eta «bakoitzak lantaldean aurkeztutako oinarrien arabera. Kontua ez da printzipio abertzaleetan zoragarria den zirriborro bat izatea, legalitatea eta praktikotasuna alde batera utzita. Herri hau ez dago baliorik gabeko ariketa kosmetikoetarako». Jeltzaleen kontrapuntua Maria Eugenia Arrizabalaga EBBko kideak jarri zuen irailaren 28an, Noticias taldean; akordioa ezin bada zabaldu, «printzipio demokratikoa» errespetatzeko eskatu zuen, «dependentisten betoa» ukatuta.
Del Burgo, kexu
Txanponaren bestaldean, erabaki eskubidea eta Euskal Herriaren aitortza nazionala baztertu ez diren adierazle nagusia da PPren jarrera. Del Burgok, PPk aditu taldean jarritakoak, Atariko Tituluan jaso litezkeen hainbat kontzepturen aurkako testu bat aurkeztu du batzordean, Espainiako Konstituzioaren aurkakoak direlakoan. «Euskadiren konfrontazio bikoitz baten aurrean gaude; Espainia osoarekiko eta, bereziki, Nafarroarekiko», esan zion Del Burgok El Mundo egunkariari astelehenean; adituek bilera zuten egun berean.
Del Burgok kazeta horri azaldu zizkion mahai gainean dauden eduki batzuekiko dituen desadostasunak, horrela edukietako batzuk zabaldu arren. Besteak beste, Del Burgok aditu taldean eta Alfonso Alonsok legebiltzarreko tribunan arbuiatu dute legegaiak euskal naziotasuna aitortzea eta Lehen Xedapen Gehigarria erabiltzea Espainiaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean harreman konfederal bat osatzeko. Halaber, kritikatu du testuak erabakitzeko eskubidea jasotzea eta eskubide horren subjektua «euskal herria» izatea.
Urtebete darama lanean adituen taldeak, eta azaroaren 30erako aurkeztu beharko du zirriborro bat, ekainerako zuten epea bost hilabetez luzatzeko eskatu eta gero. Tartean, kudeatu beharko dute azaroaren 10eko hauteskunde kanpaina —Legarda EAJren zerrendaburua izango da Arabatik—. Besterik da zer gertatuko den ondoren: zirriborro hori lege proposamen gisa erregistratzen den Eusko Legebiltzarrean, eta talde politikoen arteko eztabaidek zenbateraino itxuraldatzen duten adituek osatutakoa; eta, horrez gain, legegaia eztabaidatzeko eta onartzeko denborarik egongo ote den, kontuan izanda gehienera ere urtebete falta dela Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egiteko.
Alberto Lopez Basaguren: «Kontzertu politikoa okurrentzia argi bat da»