Hezkuntza Legeari eginiko ekarriak, murgiltzetik «laikotasun positibora»

35 eragilek eta norbanakok egin dizkiote zuzenketak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroari; euskarak eduki beharreko garrantzia da ardatzetako bat

Ikastetxe bateko korridorea eta ikasgela, artxiboko irudi batean. BIEL ALIÑO / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Kolore guztietako ekarpenak, eta kolore guztietakoek eginak. Hezkuntza eragileek eta bestelakoek egin dituzte etxeko lanak, eta aurkeztu dizkiote zuzenketak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen lehen zirriborroari. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak aurreratu zuenez, 35 eragilek eta norbanakok egin dizkiote ekarpenak, eta BERRIAk denak lortu ditu. 291 orriko txostenaren lagin bat da segidan datorrena.

KRISTAU ESKOLA

123 eskola erlijiosoren patronala da. Bere izaerari jarraikiz aritu da. Adibidez: jasotzea nahi du ulertu behar dela gizartean «kultura eta erlijio asko» daudela. «Laikotasun positiboak» horretan lagundu dezakeela iruditzen zaio. Gainera, esan du eskoletako irakaskuntza erlijiosoa ez dela «doktrinamendua», eta laikotasuna zer den definitu behar dela, baina ez dela «jainkoari eta erlijioei uko egitea». Ikastetxea «askatasunez» hautatzeko aukera nahi dute, baita doakotasuna lortzeko epeak ipintzea ere. Gazteleraz egin dituzte iruzkin denak.

IKASTOLEN ELKARTEA

Euskal Herriaren aipamenaren faltan sumatu dute, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik harago joatea nahi dute: «Euskal Hezkuntza zerbitzuaren barruan harremanak eta lankidetza sustatuko dira euskararen kultura partekatzen duten beste lurralde batzuetako ikastetxeekin». Gainera, haien irudiko, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoko ikastetxe guztiek eskubide eta betebehar berberak eduki beharko lituzkete: euskal curriculuma, euskarari buruz ezarritako baldintzak betetzea, sexuaren araberako segregazioarik ez egotea eta laikotasuna, adibidez. Ikastetxe horiek guztiz finantzatuta egotea nahi dute, eta eskatu dute jasotzea kuotarik ezingo dutela kobratu. Bestelako eskaera bat ere badu: «Plangintza premia arruntei erantzunez edo ikastetxeek horrela adierazten dutelako, titulartasun ezberdina duten ikastetxeak elkartzeari bide emateko behar diren neurri administratiboak garatu ahal izango dituzte, betiere legearekin bat etorrita». Eta hizkuntzari dagokionez, zer? Murgiltze eredua nahi dute edo hezkuntza akordioko «ikas eredu orokortu inklusiboa». Euskaraz soilik egin dituzte ekarpenak.

IZEA

Oro har maila sozioekonomiko handia duten ikasleak joaten diren 46 eskola biltzen ditu, ikasleak sexuaren arabera banatzen dituztenak barne. Ez dago ados aurreproiektuak horrelakoei finantzaketa publikoa kentzearekin. Haien hitzetan, horrek debekatu egingo du itunpekoek «sexuaren arabera banatutako hezkuntza pertsonalizatuaren esperientzia positiboa onartzen duen eredua» aukeratzea. Haien iritziko, eredu horrek ez du babesten emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunik. Gainera, eskatu dute leku publiko gehiago ez irekitzeko itunpekoak libre dauden bitartean. Gaztelera hutsean egin dituzte ekarpenak.

ELIZBARRUTIKO IKASTETXEAK

Bizkaiko hamasei ikastetxeren patronala da EBI Elizbarrutiko ikastetxeak. Hala diote zuzenketetan: «Eskola publikoa ezin da izan oinarrizko erreferente bakarra». Aurreproiektuan idatzita dago Haurreskolak partzuergoa indartuko dutela; EBIk, ordea, itunpekoak ere bultzatzea nahi du. Euskaraz aritu dira.

EHIGE

Kritika irmoa egiten du EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak. Uste du Hezkuntza Zerbitzu Publikoa ez dagoela «argi definituta», eta sare publikoaren alde egiteko eskatu du: «Aurreproiektu honi ahaztu zaio hezkuntza eskaintzaren plangintzak, leku publiko nahikoak bermatzeaz gain, titulartasun publikoko ikastetxeen sarean gero eta eskola postu gehiago izatea sustatu behar duela». Hizkuntzari dagokionez, ontzat jotzen dute aurreproiektuan jasota egotea ikasleek derrigorrezko hezkuntza bukatzerako eduki beharreko hizkuntza gaitasunak. Baina: «Euskal hezkuntza sistemak ez du zehazten zer hizkuntza ereduri jarraituko dion». Badute proposamen bat: «Hizkuntza eredu euskaldun eleaniztun inklusibo bakarra». Euskaraz eta gazteleraz egin dute.

EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA

Esan dute ikasleei bermatu behar zaiela B2 maila eskuratzea hizkuntza ofizialetan, «ikaslearen eta ingurunearen errealitate linguistikoa edota soziolinguistikoa zeinahi izanik ere». Hala jasotzea galdegin dute: «Euskara, Euskal Autonomia Erkidegoko berezko hizkuntza, hezkuntza sisteman irakas- eta ikas hizkuntza normalizatua izango da, eta, jardueretan, erabilera normal eta orokorreko hizkuntza izango da».

SINDIKATUAK

Sindikatu nagusiek behin baino gehiagotan jakinarazi dituzte ekarpenak, eta formalki ere aurkeztu dituzte. ELAk, esaterako, sistema publikoan egonkortasuna bermatzea, itunpekoan postu aldaketarako akordio iraunkor bat egitea eta langileak hautatzeko sistema berrikustea nahi du, besteak beste; LABek, berriz, Euskal Herriak hezkuntza sistema burujabe eta propioa eratzeko eskubidea duela jasotzea, eta murgiltze eta mantentze sisteman oinarritutako eredu orokortu bakarra ezartzea; eta Steilasek, publifikazio progresiborako «marko sendoa» zehaztea eta bultzatzea.

CONFEBASK

Confebask Euskal Enpresarien Konfederazioak uste du aukera eduki beharko luketela «partaidetza eta lankidetza» eskaintzeko hezkuntza ereduak garatzeko orduan. Eskaera jakinetara jo dute. Esaterako, nahi dute «enpresa kultura garatzea», eta irakasleak enpresa gaietan trebatzea. «Beharrezkoa da enpresaren parte hartzea izango duen gobernantza mota bat garatzea». Gaztelera hutsean egin dituzte ekarpenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.