Eskola jazarpenaren kasuek %22 egin zuten gora iazko ikasturtean

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 157 kasu atzeman zituzten, ikertutakoen %14,2. Aztertutako kasuak ere aurreko urtekoak baino 132 gehiago izan ziren. Hitzezko erasoak izaten dira ohikoenak

Xabier Balerdi eta Lucia Torrealdai, atzo, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
2021-2022ko ikasturtean 157 jazarpen kasu atzeman zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletan, hau da, aurreko ikasturtean baino 28 gehiago. Horrek esan nahi du urte batetik bestera igoera %21,7koa izan dela. Igoeraren arrazoia, neurri handi batean, aztertutako kasuen kopuruak ere gora egin izana da; izan ere, 2020-2021eko ikasturtean 966 kasu aztertu zituzten horietan eskola jazarpenik egon ote zen argitzeko, eta 2021-2022ko ikasturtean, berriz, 1.098 ikertu zituzten, 132 gehiago.

Edonola ere, kasu gehiago ikertu izana ez da gorakadaren arrazoi bakarra, ehunekoetan ere datuek gora egin baitute: 2020-2021eko ikasturtean, ikertutako guztien %13,35 jazarpen kasuak izan zirela ondorioztatu zuten, eta 2021-2022koan, berriz, ikertutakoen %14,29 izan ziren jazarpenak.

Eusko Jaurlaritzako Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendari Lucia Torrealdaik eta Hezkuntza Ikuskaritza Zerbitzuko ikuskatzaile nagusi Xabier Balerdik eman dituzte datuak. Nabarmendu dute eskola jazarpenaren inguruko datuak «egonkorrak» direla, eta azken bost ikasturteetan %12-14 izan direla, askoz kasu gehiago ikertuta: «Gizartearen eta eskola eragileen sentsibilitatea handiagoa da, eta eskola jazarpena egon daitekeelako edozein zantzuren aurrean protokoloak aktibatzen dira», azaldu du Balerdik.

Duela zenbait urte, egoera oso bestelakoa zen, askoz kasu gutxiago aztertzen baitziren. Adibidez, duela hamar urteko datuak oso esanguratsuak dira: 2011-2012ko ikasturtean, 146 kasu baino ez ziren aztertu, eta horietatik erdiak baino gehiago, %53,42, jazarpentzat jo zituzten.

Atzemandako jazarpenetan hitzezko erasoak izan dira ohikoenak: %82,16. Edonola ere, Balerdik zehaztu du jazarpenetan eraso motak nahastu egiten direla, eta ohikoa dela ikasle bati jazartzen zaizkionean eraso mota bat baino gehiago egotea. Biktima baztertzea edo taldetik kanporatzea izaten dira kasuen %54,77; larderia, xantaia eta mehatxuak %35,66; eta eraso fisiko zuzenak %33,75.

Ziberjazarpena, berriz, kasuen %32,48tan atzeman dute. Balerdik nabarmendu du eraso horiek gora egin dutela azken urteetan, eta gero eta ohikoagoa dela jazarpen bat dagoenean sare sozialak eta teknologia berriak erabiltzea. Adibidez, 2018-2019ko ikasturtean, erasoen %17,70 ziberjazarpen moduan sailkatu zituzten, eta, geroztik, ehunekoak gora egin du etengabe, gaur egungo %32,48raino.

Bigarren Hezkuntzan

Adinaren eta ikasketa motaren arabera ere sailkatu dituzte atzemandako jazarpenak. Eraso gehien-gehienak, %62,42, Bigarren Hezkuntzan gertatzen dira. Kasuen %36,94, berriz, Lehen Hezkuntzakoak izan ziren iazko ikasturtean. Haur Hezkuntzan, berriz, normalean ez da jazarpenik atzematen; iaz bat detektatu zuten, salbuespen gisa.

Kasu gehienak Bigarren Hezkuntzan gertatzen dira, baina, batez ere, Lehen Hezkuntzako azken bi urteetan eta Bigarren Hezkuntzako lehenengo bietan izaten dira horrelako erasoak. Horrek esan nahi du 10 eta 14 urte bitarteko adin tarte hori dela problematikoena eskola jazarpenari dagokionez.

Balerdik esan duenez, «ikastetxeak ahalduntzea», bizikidetza «arlo positibotik» jorratzea eta eragile guztiak inplikatzea gakoak dira arazoari aurre egiteko. Kasu baten zantzuak atzematen dituztenean, «modu integralean» oratzen diote arazoari: ustez erasoa pairatu duen umea aintzat hartzen dute, baina baita jazarpenezko jokabideak izan dituzten gaztetxoak eta erasoen ikusle izan diren gainerako ikasleak ere.

Bizikasi programa

Torrealdaik azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak Bizikasi izeneko programa bat abian du 2017tik, eskola jazarpenaren kontra borrokatu eta bizikidetza positiboa sustatzeko. Hainbat tresna dituzte horretarako: hilero mintegiak antolatzen dituzte, ardura hartzen duten zuzendari berri guztiek prestakuntza berezia jasotzen dute, eta irakasleentzako ikastaroak ere egiten dituzte.

«Eskola jazarpenaren arazoa ez da puntuala, ez da koiunturazkoa», esan du Torrealdaik. «Zoritxarrez, egiturazkoa da, eta erro sakonak ditu gizartean. Horregatik, horren kontra borrokatzeko, gizarte osoaren inplikazioa behar da». Hezkuntza arloko eragile guztiek esku hartzea eta «estrategiak partekatzea» beharrezkotzat jo du Torrealdaik arazoari buru egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.