Meritua ez, eskubidea

Kontseilua kalera aterako da, Nafarroako Gobernua prestatzen ari den dekretu «baztertzailearen» aurka. Maiatzaren 7an izanen da manifestazioa, Iruñean

Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia, atzo, Iruñeko Laba aretoan, euskalgintzako beste zenbait ordezkarirekin batera. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Kalera aterako dira, beste behin ere. Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazioa antolatu du Nafarroako Gobernua prestatzen ari den merezimenduen dekretuaren aurka, eta «herritarrak gutxiets ez ditzatela» aldarrikatzeko. «Uste genuen euskal hiztunak gutxiesten zireneko garaiak amaitu zirela, gure gutxiespena helburu zuen amesgaizto hori amaitutzat jo genezakeela. Tamalez, ez da horrela», azaldu zuen Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak, atzo Iruñeko Laba aretoan euskalgintzako beste zenbait eragilerekin batera egin zuen agerraldian.

Haren ustez, garaia da eztabaidaren parametroak aldatzeko: «Euskara meritu gisa aipatzeari utzi eta eskubideez hitz egiten hasteko». Maiatzaren 7an eginen dute protesta, 17:30ean. Iruñeko Antoniutti parketik abiatuko da, Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat lelopean.

Orain onartzeko bidean den dekretua bainoago, «jatorrizko gaitza» 1986ko Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioa dela gogorarazi zuen Bilbaok. Hala ere, arau horretatik eratorritako arazoak arindu beharrean, Maria Txibiteren gobernuak Euskararen Legearen interpretazio «are murritzagoa» egin duela salatu zuen Kontseiluko buruak. «Lege diskriminatzaileen irakurketa are diskriminatzaileagoa egiten du gobernuak, eta horrek guztiak eragin nagusi bat du: herritarron, euskal hiztunon gutxiespena».

Zehazki, Bilbaok txarretsi egin zuen, merezimenduen dekretuaren bidez, Nafarroako administrazioko hainbat lanpostura sartzeko bidean ez dela aintzat hartuko euskara, eta bai, aldiz, «berezkoak ez diren beste hizkuntza batzuk». «Edozein logika eta edozein muga gainditzen duen erabakia da ingelesari, alemanari edota frantsesari euskarari baino garrantzi handiagoa ematea».

Kontseiluaren irudiko, gisa horretako diskriminaziorik ez da gertatu, ezta UPN agintean zenean ere: «Inoiz ez da halakorik gertatu, ezta euskararen edo euskaldunen kontrako politika bortitzak garatzen zituztenean ere. Nola uler daiteke bertako eta berezko hizkuntzaren ezagutzaren balorazioari muzin egitea, eta atzerriko hizkuntzak normaltasun osoz kontuan hartzea? Zein asmo dago horren atzean?», galdetu zuen.

Bilbaok azaldu zuenez, 2015-2019ko legealdian, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak osatutako lauko gobernuak «urrats batzuk» egin nahi izan zituen euskara administrazioan bermatzeko bidean, «baina auzitegiek kamustu zuten asmo hori». Orain, berriz, «auzitegiek onartutakoa ere ezabatu nahi izatea» egotzi diote Txibiteren gobernuari. «Horrek erakusten du dekretu berriaren helburua ez dela auzitegiak baliogabetutakoari irtenbide bat ematea; aitzitik, gobernuak intentzionalitate osoa du euskal hiztunon eskubideak zokoratzeko».

Kontseiluak gogorarazi zuen, halaber, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak argitaratutako azken diagnostikoaren arabera, Nafarroako Gobernuko lanpostuen %3tan baizik ez dela euskara eskakizun, eta zenbait departamentutan kopuru hori ez dela %2ra ere iristen. «Are gehiago, lau departamentutan euskararen ezagutza ez da derrigorrezkoa lanpostu bakar batean ere».

Langile euskaldunak faltan

Euskalgintzako eragileak biltzen dituen Kontseiluaren arabera, «parametroak aldatzeko» garaia da: «Ez dezagun hitz egin puntuazioez edo merituez: hitz egin dezagun herritarrek beren hizkuntzan administrazioarekin jarduteko duten eskubideaz. Ez da gauza abstraktu bat, administrazioan euskaraz jarduteko eta erantzuna euskaraz jasotzeko eskubideaz ari gara». Bilbaoren irudiko, bide bakarra dago eskubide hori bermatu eta arreta euskaraz eskaini ahal izateko: «Langile elebidunak hartzea».

Maiatzaren 7ko manifestazioan, «erdigunean» jarriko dituzte euskal hiztunen eskubideak: «Batzuk tematzen badira horrelako dekretuak eta neurriak onartzen, geuk kalea baliatuko dugu desadostasuna agertzeko, geure burua gutxietsia ikusten dugula salatzeko, eskubideen aurka jotzen ari direla ozen oihukatzeko. Eta bestetik, gure eskubideen alde aterako gara kalera, horiek kontuan hartuko dituen politika bat indarrean jar dadin eskatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.