Kontseiluak eta Behatokiak «atzerapauso onartezintzat» jo dute euskararen dekretua

Bilbaok dei egin die gobernuan dauden alderdiei «erantzukizunez» jokatu eta edukia alda dezaten. Bi urtez atzeratu denez, «adarjotzearen irudipena» dute

Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao, atzo, Iruñean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
«Ez dugu baztertzen kalera ateratzea dekretua salatzeko. Oraindik garaiz gaude bidegabekeria honi amaiera emateko». Atzo, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak irmo salatu zuten Nafarroan ez dagoela euskara erabili ahal izateko eskubiderik baldin eta hori bermatzeko mekanismoak ezartzen ez badira. Administrazio publikoko lan deialdietan hizkuntzak baloratzeko dekretuaren zirriborroa aurkeztu zien Nafarroako Gobernuak Funtzio Publikoko mahaiko sindikatuei ostiralean. Edukia aztertuta, Kontseiluak eta Behatokiak uste dute «onartezina» dela eta «atzerapauso ukigarriak» dituela, ez soilik Uxue Barkosen gobernuak 2017an bultzatu zuenaren aldean, baita UPNk 2009an bultzatu zuenaren aldean ere.

Atzo eskainitako prentsaurrekoan, Agurne Gaubekak kritikatu zuen dekretuak ez duela ahalbidetuko eta bermatuko herritarrek administrazio publikoan euskara erabili ahal izatea. «Berezko hizkuntzan bizi nahi duten herritarrak desberdinkeriaz tratatuko dira, eta beren hizkuntza garatzeko oztopoak izango dituzte». Gaubekaren ustez, merezimendutik harago joan beharko litzateke, eta «euskarazko lanpostuak sortu, hori bermatu ezean hizkuntz eskubideak urratu egingo direlako»

UGTk jarritako salaketa bat zela eta, 2019ko urriaren 1ean, Nafarroako Auzitegi Nagusiak edukiz hustu zuen 2017ko dekretua. Maria Txibiteren gobernuak zin egin zuen 2020aren hasierarako prest izango zuela haren ordezkoa, baina bi urte behar izan ditu azkenik. Hainbeste atzeratu denez, gobernuak «adarjotzearen» sentsazioa du Bilbaok. Gogorarazi duenez, bitarte horretan ehunka lanposturen deialdiak atera dira, hizkuntzen balorazioan euskarari baliorik eman gabe. Zirriborroak, orain, sei hilabete inguruko bidea egin behar du, eta, bidean hura aldatzeko presio egingo badute ere, Bilbaok ohartarazi zuen litekeena dela epe horretan beste hainbat lan deialdi publiko ateratzea. Horregatik, epeak luzatu izana gaitzetsi zuen, eta euskara «politikoki» erabili izana.

Edukiari dagokionez, eremu ez-euskaldunean euskara ez da merezimendu gisa hartuko; bai, ordea, ingelesa, frantsesa eta alemana: «Indarrean diren nazioarteko itunen kontra egiten du. Ez da ulertzen berezko eta ofiziala ez den hizkuntza baten ezagutza kontuan hartzea eta berezko hizkuntza baten ezagutza albo batera uztea».

Bilbaoren ustez, iraganeko araudiekin alderatuta atzera egiten du dekretu zirriborroak. Adibidez, UPNk bultzatutako araudi barruan, Nafarroako administrazio publikoko lanpostu guztietan %3ko balioa ematen zitzaion euskarari, eta, gero, beste zenbaitetan, herritarrekin harreman zuzena dutenetan, %6koa. «Oraingo zirriborro honetan, batzuetan %0koa da, eta beste batzuetan %6koa da. Badago atzerapauso ukigarri bat».

Kezka eremu euskaldunean

Horrez gain, «kezka handia» adierazi du eremu euskaldunean izango dituen ondorioez. Aurreko dekretuak, 2017koak, euskararen ezagutzari %11ko balioa ematen zion lanpostu guztietan, eta herritarrekin harreman zuzena dutenetan, %20-23koa. Artikulu hori ez zuen baliogabetu Auzitegi Nagusiak, baina, Bilbaoren arabera, oraingo dekretu proposamenak ez dio ezer horri buruz.

Zirriborroaren edukia aldatzera deitu ditu alderdiak: «Alderdi guztiei erantzukizunez jokatzeko eskatu nahi diegu; gobernuan daudenei eta gobernua sostengatzen dutenei. Marra gorri hau pasatzen utziz gero, duela hogei urte abian jarritako hizkuntza politiken muina berretsiko da», aipatu zuen Bilbaok. Aurreratu zuen beharrezko bada mobilizaziora dei egingo dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.