Memoria historikoaren arloa jorratzen duten elkarte gehienak bat datoz: PSOEk eta Unidas Podemosek Memoria Demokratikorako Espainiako Legeari egin nahi dizkioten 30 zuzenketak, eta bereziki frankismoaren krimenak preskribatu ezin duten gizateriaren kontrako krimen gisa hartzen dituena, «aurrerapausoak» dira, baina zaila izango da horiek ondorio praktikorik izatea Amnistia Legea bere horretan utziz gero.
Espainiako Gobernua osatzen duten alderdiek, PSOEk eta Unidas Podemosek, iragarri dute 30 zuzenketa egingo dizkiotela lege egitasmoari, eta horietako batek bidea zabalduko diola frankismoaren krimenak epaitzeko aukerari: «Espainiako Estatuko lege guztiak interpretatu eta aplikatuko dira, 46/1977 Amnistia Legea barne, nazioarteko zuzenbidearen arabera, eta, zehazki, zuzenbide humanitarioaren arabera, zeinaren arabera gerra krimenek, gizateriaren aurkakoek, genozidioek eta torturek ez duten preskribatzen eta ezin diren amnistiatu», dio zuzenketak. Frankismoaren Krimenen Aurkako Plataformako kide Josu Ibargutxik dioenez (Eibar, Gipuzkoa, 1949), mugimendu memorialistak denbora luzea darama lanean eta «presio» egiten Memoria Demokratikorako Espainiako Legean aldaketak sartzeko, eta herenegun iragarritakoak lan horren ondorio dira: «Zuzenketa hau bide onetik doa; lehenbiziko aldiz, Espainiako gobernu batek esan du frankismoaren krimenek ez dutela preskribatzen eta ezin direla amnistiatu. Hori ez da edozein tontakeria; balio sinboliko handia du, eta politikoki neurri garrantzitsua da».
Oso bestelakoa da, Ibargutxiren aburuz, neurri horrek izango duen benetako eragina: «Zuzenketak zerbait eransten dio Amnistia Legeari, baina ez du aldatzen legea: bere horretan uzten du. Gure ustez, bertan behera utzi beharko lukete Amnistia Legearen bigarren artikulua gutxienez; bestela, epaileek erabakiko dute batera ala bestera jo, eta badakigu Espainiako epaileek normalean nora jotzen duten».
Aplikazioan, «motz»
Antzeko iritzia du Espainiako Memoria Foroen Federazioko presidente Arturo Peinadok (Madril, 1964): «Aitortu behar dugu proposamena guk espero baino urrunago doala» esan du, «eta hori, dudarik gabe, mugimendu memorialistaren garaipen bat da. Baina egia da horren aplikazio praktikoan motz gelditzen dela».
Peinadok uste du zuzenketa hori onartuta ere «zaila» izango litzatekeela aplikatzea: «Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi du Espainian ez dagoela 2007 baino lehenagoko gizateriaren kontrako krimenik, urte hartan sartu zelako delitu hori Espainiako Zigor Kodean. Irizpide horrek bere horretan jarraitzen duen bitartean, zaila izango da delitu horiek auzitara eramatea».
Espainiako Memoria Demokratikorako ministro Felix Bolañosek adierazi du PSOEk eta Unidas Podemosek proposatutako zuzenketak ez duela egoera «ezertan» aldatzen: «2002tik egin daitezkeen gauza berak egin ahal izango dira lege berriarekin». Halaber, azaldu du zuzenketak ez duela Amnistia Legea aldatzen edo indargabetzen, «alderantziz» baizik: «Zuzenketarekin, berretsi egiten dugu horren balioa».
Urratsa bai, baina jauzirik ez
Elkarte memorialistek ontzat eman dute frankismoaren krimenak epaitzeko irekitako bidea, baina ohartarazi dute bide hori antzua suerta daitekeela Amnistia Legea indargabetu edo aldatu ezean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu