Baionako elizbarrutian —Pirinio Atlantikoetako Departamendua biltzen du— 1950. urtetik 2020. urtera gutxienez 25 adingabek jasan zituzten sexu abusuak, eta gutxienez hamahiru apaiz izan dira erasotzaileak. Gainera, kasu bat ikertzen ari da Paueko Auzitegia (Biarno), 1980ko hamarkadan gertatutako sexu abusuengatik. Marc Aillet Baionako apezpikuak atzo eman zuen datu horien berri, Frantziako Eliza katolikoan izandako sexu abusuei buruzko ikerketa bat argitaratu berritan.
Izan ere, bi urte eta erdiko ikerketaren ostean, Elizak berak eskaturiko txostenaren berri eman zuen atzo CIASEk, Eliza katolikoan izandako sexu abusuei buruzko batzorde independenteak. Kopurua espero baino handiagoa da, eta harridura eta haserrea eragin du: 1950etik 2020ra Frantziako Eliza katolikoan gutxienez 333.000 sexu abusu kasu izan dira adingabeen kontra. Horietako 216.000 elizgizonek egin dituzte —kasu horien %32 «bortxaketak» izan dira—, eta gainontzekoak Eliza katolikoko «langile laikoek». Batezbestekoa eguneko hamabi adingabekoa da. Ikerketa kontuan hartuta, Eliza katolikoa sexu abusu gehien egiten diren hirugarren eremua da Frantzian, familiaren eta lagunen atzetik.
Baionako elizbarrutiko apezpiku Marc Ailletek adierazi du zenbakiak «ikaragarriak» direla, eta Elizari dagokiola «horren neurria hartzea, biktimak entzunez». Aillet: «Elizak onartu behar du ez dela nahikoa adi egon. Egia entzun behar dugu, eta biktimak erdigunean jarri behar ditugu». 2016tik, sexu abusuen biktimak entzuteko leku bat osatu du Baionako elizbarrutiak, eta, Ailleten arabera, «batez ere preskribatutako kasuen berri» izan dute horren bitartez. Dena den, onartu du arazoa ez dela «iraganekoa, gaur egungoa ere badelako». Zehazki, erasoen erdiak baino gehiago (%56) 1950eko eta 1960ko hamarkaden artean egin zituzten, eta hurrengo hogei urteetan kopurua %22ra jaitsi zen; 1990eko hamarkadatik aurrera, berriz, egonkortu egin zen zenbaki hori.
Baionako elizbarrutiak izandako kasuak ere biltzen ditu CIASEren txostenak. Ailletek esplikatu duenez, 1950. urtetik artxiboetan bilduak diren sexu abusu kasuen eta «beste bideetatik jakin» dituenen berri eman dio batzorde independenteari. Ez du bestelako xehetasunik eman, baina jakinarazi du Paueko Auzitegia ikerketa bat egiten ari dela, «1980ko hamarkadan izandako kasu batengatik».
Aitortza eta erreparazioa
Iragan apiriletik Frantziako apezpikuen batzarrak zenbait neurri hartu ditu sexu abusuen biktimen «erreparaziorako». Kasurako, diruzko erreparazio bat ematea aurreikusten du neurri sortak, eliztarren emaitzekin osatutakoa. «Egoera konplikatua da. Ez dugunez [Frantziako] Estatuaren eta Vatikanoaren dirurik jasotzen, eliztarren emaitzak beharrezkoak dira horretarako ere. Dena den, CIASEren txostenaren ondotik, neurri sorta berrikusteko ateak irekiak daude», segurtatu du Ailletek. Ondoko batzarra azaroan egitekoa dute Frantziako apezpikuek, txostena ikertzeko.
CIASEren txostenak, egoeraren erradiografia bat emateaz gain, Elizaren sexu abusu «sistemikoei» aurre egiteko 45 neurri ere proposatu ditu. CIASEko Jean-Marc Sauvek eskatu du erakundeak bere «erantzukizuna» aitortzeko, eta, neurrien artean, gomendatu du biktimei «finantza konponketa bat» ematea, eta pertsona horiei biktima estatusa «onartzea». Baina zehaztu du: «Finantza konponketa ez da emaitza bat, zor bat baizik».
Aillet ere isilik egon zen
Ailletek adierazi du txostenaren harira «ikara» sentitu duela. «Apezpikuek sexu abusuak behar bezala ez tratatu izana biktimek luzaz atxiki duten isiltasunari ere doakio». Aipatu du biktima adingabeek «erruduntasun» handia sentitzen dutela gehienetan,«batez ere 2000. urtera arte iraun du omertá-k», baina «geroztik pixkanaka aldatzen ari da egoera».
«Apezpikuen erantzukizuna» eta erasotzaileen «erruduntasuna» bereizi behar direla dio Ailletek, halere. Alta, 2008an Baionako elizbarrutian kargua hartu zuenetik urte batera, sexu abusu kasu baten berri izan zuen, biktimaren amak eta ordezkatu zuen apezpikuak abisua eman baitzioten. Jean-François Sarramagnan apeza zen erasotzailea: Hazparnen (Lapurdi) eta Polonian mutil bati eraso zion 1990eko hamarkadan. 2018an zigortu zuen Baionako Auzitegiak: sei hilabete bete behar izan zituen baldintzapeko askatasunean. Ailletek zazpi urtez ez zion justiziari kasuaren berri eman, 2016an Baionako prokuradoreari abisua eman zion arte. Anartean, Sarramagnan Hiriburuko (Lapurdi) elizan aritu zen, eta haurrekin kontaktuan izaten segitu zuela frogatu zuen Mediapart kazetak.
Baionako elizbarrutian gutxienez 25 adingabek jasan dituzte sexu abusuak 1950etik
Frantziako Eliza katolikoan 330.000 sexu abusu kasu detektatu dituzte 70 urteko epean. Paueko Auzitegia 1980ko hamarkadako kasu bat ikertzen ari da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu