Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroetan, COVID-19aren ondorioak aztertu zituzten atzo, Gipuzkoa COVID-19aren ondoren: Balantzea izenburupean, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta. Tartean izan zen Sami Nair politologo, filosofo eta soziologoa, eta demokraziaren «arazo globalen» eta gogoeta egin zuen pandemiak sistema demokratikoan sortutako ondorioen inguruan. «Pandemiak toki guztietan eragin du: osasunean, politikan, kulturan, sozialki...». Une historiko «berezia» dela nabarmendu zuen.
Nairren arabera, atzera jauzia egin behar da: «Aurre egiten ari garen ondorioak ez dira soilik pandemiatik etorritakoak. Sustraiak askoz urrunago dituzte, eta askoz sakonagoak dira». Beraz, gertatzen ari dena ulertzeko dimentsio historikoa behar dela azaldu zuen. «Demokraziaren arazoak munduko arazoak ere badira. Ez gara bizi sistema idealki demokratiko batean. Eta egun pairatzen ari den efektuak ez dute zerikusia pandemiarekin bakarrik».
Argi hitz egin zuen: «Demokrazia serioski auzitan jarrita dago Europan, gutxienez duela hamarkada batetik». 2008ko krisi ekonomikoan jarri zuen arreta, eta ordutik martxan jarritako politiketan. Europak emandako erantzuna aztertu zuen, hori Frantzia - Alemania ardatzean oinarrituta egonik. «Jokabidea ez zen krisiaren ondorio sozialak mugatzea, baizik krisi horren finantza akatsak mugatzea, austeritate politika batekin.Horrek degradazio soziala ekarri du».
Nairrek gaineratu zuen belaunaldi oso bat «baztertuta» egon dela gizartearen esparru ekonomikotik. Termino demokratikoetan, beste banantze bat ere atzeman du: alderdi politiko hegemonikoena. «Alderdi politiko handiak erortzen ikusi ditugu. Eskaintza demokratiko berriak ez ditu konpondu estatuen eta alderdi politikoen zilegitasun arazoak; gauzak konplexuago bilakatu dira».
Eta hor sartu zuen jokoan pandemia, izurriaren arrastoak krisi horien «ondorio» gisa hartuta. «Krisi horiek erakutsi dute kudeaketa sistematikoko arazo bat zegoela, eta pandemiak agerian utzi du egoera hori».
Mundu mailan egiten den espioitzaren inguruan ere aritu zen. Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak zabaldu direla dio, eta horren erabileraren inguruan gogoetatu zuen. Esan zuen «nazioartean zelatatzeko metodo berriak» erabili direla, eta sistematikoki baliatu direla. «Ezkutuko zaintza sistema bat orokortu da, demokraziarentzat arriskutsua dena». Etorkizunean ondorio «garrantzitsuak» izan ahal dituela ohartarazi zuen:«Instrumentu arriskutsua da».
Izurriak eragin duen egoerari erreparatuta, galderak bota zituen politologoak: «Zergatik gaude horren egoera zailean? Zergatik ari da horrenbeste kostatzen herritarren babesa izatea osasunaren moduko gai garrantzitsu batean?». Nairren esanetan, pandemiak agerian utzi du estatuen gaitasunik eza. «Zerbitzu publikoak ezinean ikusi ditugu, babesik gabe, eta, aldi berean, pribatizaziora bidean». Hortik herritarren mesfidantza.
Egoera hori zerk ahalbidetu duen hausnartuta, denboran atzera jo zuen berriro: Europak izenpetutako Egonkortasun Itunera. «Ondo dago, baina, politika horrek arrakasta izateko, Europa mailako hazkunde eta enplegu politika bat behar du, eta horretan ez dugu segitu». Nairrek adierazi zuen eragina izan duela Europak abiatutako politika «dogmatiko eta fundamentalista» horrek.
Izurriak sortutako krisiak parentesi bat ireki du itunean, eta estatuei baimendu die behar duten defizit publikoa izatea krisiari aurre egiteko: «Baina kaxa hori irekitakoan, hutsik dauden estatuak topatu ditugu; zerbitzu publiko suntsituak, pribatizatuak; herritar babesgabeak». Laguntza politika ere ezarri behar izan dute.
COVID-19aren garaian, gobernuek «ezohiko neurriak» hartu behar izan dituzte, eta horien aurrean, gizartearen erantzuna «kontraesanezkoa» izan da, Nairren irudiko. Gehienek onartu dituzte aginduak, baina parte «esanguratsu» batek, ez. Frantzian izandako protestak gogoratu zituen. «Gero eta zailtasun gehiago daude politika publikoak legitimatzeko». Bestalde, kezkatuta agertu zen eskuin muturrak urteotan lortutako hazkundearekin: «Esan nahi du gizartean arazo demokratiko bat dagoela».
Zer egin?
Egoera horretan, haren ustez egin beharko liratekeen hainbat gauza zerrendatu zituen, «herritarren konfiantza berreskuratzeko eta demokrazia berreraikitzeko». Batetik, adierazi zuen Europan ekonomia suspertzeko politika bat behar dela, enplegua sustatuz. Estatuetan, berriz, ikuspegi estrategikoak ezartzeko premia azpimarratu zuen: «Estatu estrategak behar ditugu, helburuak argi dituztenak, eta zerbitzu publikoetan inbertitzen dutenak». Eta, azkenik, udalek herritarrekin harreman estua izaten saiatu behar dutela.
Koronabirusa
Aurretik zetorren orbana
Sami Nairrek demokraziaren arazoez eta pandemiak sistema demokratikoan izandako ondorioez hausnartu du, eta adierazi izurriak agerian utzi duela estatuen gaitasunik eza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu