«Duela hogei urteko inertziak» alboratzeko eskatu diote Txibiteri

Ehunka lagunek protesta egin dute Iruñean, Kontseiluak deituta, euskararen dekretuaren aurka. «Gutxieneko oinarri batzuk» adosteko beharra aldarrikatu dute, hizkuntza eskubideak bermatzeko

Euskalgintzaren Kontseiluko kideak, atzo, manifestazioaren pankartari eusten, Vianako printzearen plazara iritsi zirenean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Ez dute atzerapausorik nahi. Azken bi urteotan Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikak «bi hamarkada atzera» egin duela salatu zuen atzo Euskalgintzaren Kontseiluak, Iruñean eginiko manifestazioan. «Azkenaldian argitaratu diren ehunka lan deialdietan, duela hogei urteko politika ilunetan erabiltzen zituzten irizpide berak erabili ditu Maria Txibiteren gobernuak», esan zuen Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak, protestaren bukaerako ekitaldian.

Euskalgintzaren deiari erantzunez, ehunka herritar bildu ziren Irun?eko karriketan, «etorkizuneko politiketan eskubide murrizketarik egon ez dadila» aldarrikatzeko. Kontseiluko eta Behatokiko ordezkariez gain, euskalgintzako hainbat eragile batu ziren protestara: Nafarroako ikastolak, AEK eta IKA euskaltegiak, Administrazioan Euskaraz taldea eta Sortzen, besteak beste. EH Bilduko eta Geroa Baiko eledun zenbaitek ere babesa agertu zioten deialdiari, Nafarroako Gobernuaren egungo hizkuntza politikaren aurka.

Baluarte plazatik abiatu, eta Oliveto kondearen etorbidea, Vianako printzearen plaza, Karlos III.aren etorbidea eta Gazteluko plaza zeharkatu ostean, Sarasate pasealekuan amaitu zen manifestazioa, Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez! lelopean. Nafarroako Parlamentuaren aurrean hitz egin zuen Bilbaok. «Iraganeko politikak» alboratzeko eskatu zion gobernuari, eta «gutxieneko adostasun batzuetara iristeko beharra» aldarrikatu zuen, euskaraz bizi nahi dutenen hizkuntza eskubideak bermatze aldera.

Bilbaok gogora ekarri zuen hogei urte bete berri direla Hizkuntza Eskubideen Behatokia sortu zenetik, eta erakunde horren lehen ekinaldietako bat izan zela Nafarroako Gobernuak argitaratutako zenbait lan deialdiren kontrako helegiteak jartzea. «Déjà-vu sentsazioa izan dut», aitortu zuen Kontseiluko buruak, Sarasate pasealekuan bildutako jendetzaren aurrean. «Azken bi urteotan, pare bat hamarkada egin dugu atzera, duela hogei urteko politika ilunetara berriro».

Dekretua jomugan

Bilbaok zorrotz hitz egin zuen Nafarroako Gobernuak aurten argitaratu nahi duen Euskararen Foru Dekretu berriaren aurka. Izan ere, dekretuaren edukiak «filtrazioen bidez» gizarteratuta, Nafarroako Gobernua eztabaida publikoa baldintzatzen ari dela uste du Kontseiluko buruak: «Eurek erabakitako esparrura eramaten ari dira eztabaida».

Hala, Bilbaoren irudiko, eztabaida ezin da mugatu «zehazteraea euskararen ezagutza alemanaren, ingelesaren edo frantsesaren pare baloratuko den », hori egitea «duela hogei urteko politika ilunetara itzultzea» litzatekeelako. Sakoneko eztabaida beste bat dela uste du: dekretu berriak «euskaraz bizi nahi duten herritarren eskubideak bermatuko dituen ala ez».

Kontseiluko idazkari nagusiak gogoan izan zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak duela bi urte euskararen dekretuaren hainbat artikulu baliogabetu zituela, eta hori zuzentzeko xedez hasi zela Nafarroako Gobernua arau berri bat prestatzen: «Gobernuak esan zigun hasia zela dekretu berria lantzen eta epaileek baliogabetutako artikuluak berridazten, babes juridikoa izan zezaten. Azkar onartzeko asmoa omen zuten». Azkenerako, baina, baliogabetutako artikuluak zuzendu ez eta «atzerapausoak» egin dituztela esan zuen Bilbaok: «Prestatzen ari direna da herritarren eskubideen urraketak betikotzeko neurriak bilduko dituen dekretu bat». Hortaz, «hitza ez betetzea» eta «etorkizuneko lan deialdietatik euskararen ezagutza baztertu nahi izatea» egotzi zion Txibiteren gobernuari, «hizkuntza eskubideen urraketak ahalbidetu baitituzte». Horren aurrean, «gizarte kohesionatu, justu eta berdinzalea» ardatz izanen duen hizkuntza politika bat aldarrikatu zuen Kontseiluko buruak, «herritarrak baztertuko ez dituena». Hori lortzeko, baina, «gutxieneko oinarri batzuk» adostu behar direla ohartarazi zuen.

Zehazki, eragile politikoei dei egin die oinarrizko adostasun bat lortzeko: «Zeinek bere arduratik, zeinek bere erantzukizunetik... baina marra gorri batzuk, gutxieneko batzuk, adostu behar ditugu», aldarrikatu zuen Bilbaok. Eragile politikoez gain, euskalgintzari, eragile sozialei zein eragile sindikalei egin zien erreferentzia, eta adostasun horietara iristea «ezinbestekoa» dela adierazi zuen, «dekretu honekin hogei urte atzera egin ez dezagun, eta herritarren eskubideen urraketak betikotu ez daitezen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.