Berdintasun Legea «boluntarismoan» erortzeko arriskuaz ohartarazi dute

Eusko Legebiltzarrak Berdintasun Legea berritzearen alde egin dute akademiako adituek, baina zenbait moldaketa ere proposatu dituzte. Berdintasun politiken aurrekontua handitzeko eskatu dute

Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordea, atzo. RAUL BOGAJO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritza lantzen ari den Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lege berria aztertzen ari dira aste hauetan Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean, eta atzo ekarpenak egin zizkioten akademiaren arloko hainbat adituk. Testuaren indarguneak eta ahulguneak hizpide izan zituzten Arantza Campos EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta Plazandreok taldeko kideak, Arantza Elizondo EHUkoBerdintasun Masterreko zuzendarikide eta Emakundeko idazkari nagusi ohiak, Maria Bustelo Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasleak, Maria Silvestre Emakundeko zuzendari ohi eta Deustuko Unibertsitateko irakasleak eta Miren Ortubai EHUko Zigor Zuzenbideko irakasle izandakoak. Lege berriari ekarpenak egitearekin batera, Emakundek Lehendakaritzan egon behar duela ere aldarrikatu zuten Camposek eta Elizondok.

HELBURU OROKORRAK

Adituei egokia iruditu zaie Berdintasun Legea berritzea. «Erreforma pertinentea eta beharrezkoa» dela ziurtatu du, esaterako, Elizondok. Halere, «boluntarismoan» erortzeko arriskuaz ere ohartarazi dute. Hala azaldu du Silvestrek: «Berdintasun lege gehienak bezala, agian boluntaristegia eta jeneralistegia iruditzen zait. Gehiegi erabiltzen dira proposatu,bultzatu eta halako hitzak, legearen zenbait puntutan zehatzago adierazi daitekeen arren». Hori aditzak aldatuz ez ezik epeak ezarriz ere egin daitekeela uste du.

INDARKERIA MATXISTA

Hizlariek, oro har, ondo ikusi dute indarkeria matxista ere aipatutako legean lantzea; Camposek, ordea, bortizkeria legearen izenetik kentzearen alde egin du.Kasu bat indarkeria matxistatzat noiz hartu eta noiz ez ere eztabaidatu dute. «Indarkeria matxistaren kontzeptua oso zabala da», nabarmendu du Ortubaik. Beraz, haren iritziz, ez da kontuan hartu behar bikote harremanetan gertatzen den indarkeria bakarrik, eta indarkeria sexualera, emakumeen salerosketara eta genitalen mutilaziora ere zabaldu behar da, besteak beste. Camposen irudiko, berriz, genero indarkerian emakumeak izan behar du biktima edo «subjektu pasiboa». «Dena genero indarkeria bada, ezer ez da genero indarkeria», azpimarratu du.

Bortizkeriarik gabeko abagune baterantz jotzeaz ere mintzatu da Bustelo: «Genero indarkeriaren arazoaren konponbidea genero berdintasun handiagoa izatea da; ez da gutxi batzuek sortutako arazo bakan bat, baizik eta gure gizarteak sortzen eta erreproduzitzen duen arazo bat». Gizonei erreparatu die: «Lortzen ez dugun bitartean gizonek pribilegioak eta boterea onartzea, zaila izango da gauzak aldatzea».

Eta zer aldaketa egin behar da indarkeria matxista kasuak artatzean? Ortubaik txalotu egin du legeak «zentralitatea kentzea» emakumeak salaketa jartzeari, arreta eta laguntza jasotzeko prozesuan. Izan ere, haren irudiko, zigor sistemak ez du balio biktimaren eskubideak defendatzeko, ezta andreak ahalduntzeko ere.

AURREKONTUA

Baliabideak izatea «gakoa» dela uste du Busterok. Lege proiektuan jasotzen denez, aurrekontuen %1 berdintasun politiketarako izatea «sustatuko» dute. Elizondoren ustez, ez da «portzentaje izugarria», eta, gainera, egokiagoa litzateke hitz «irmoagoak» erabiltzea, sustatu aditza «boluntarista» delakoan; ezarritako helburua betetzeko epe bat jartzeko ere eskatu du. Silvestreri ere %1 erabiltzea ez zaio nahikoa iruditzen, eta, gutxienez %2,5 bideratzeko eskatu du. Herri txikiei ere erreparatu die Elizondok, eta uste du «oso positiboa» dela legeak horiei «laguntzea».

EBALUAZIOA

Busteloren ustez, garrantzitsua da, berdintasun politikak indarrean egotea ez ezik horiek ebaluatzea ere. Adibidez, Emakunden horretarako sail bat irekitzea proposatu du. Hain zuzen, berdintasun legeak betearaztean «erresistentziak» antzeman ditu, eta horiek aztertzera deitu du: «Oposizio hori ikertu egin behar da, eta nondik datorren jakin». Gai horretaz aritzeko espazioak irekitzea defendatu du, baita pedagogia egitea ere.

HEZKUNTZA

Lege proiektuan jasotzen denez, hezkidetzarako plan orokor bat onartuko dute. Silvestrek «oso positibotzat» jo du plan hori, baina urrats gehiago eskatu ditu hezkidetzaren arloan. Emakunderen Nahiko hezkidetza programaren ebaluazioak ekarri ditu gogora: «Ez dute berretsi besterik egiten hezkidetza programen beharra, garrantzia eta eragina».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.