Orotara, azken 18 urteetan 1936ko gerran hildako 110 lagunen gorpuak berreskuratu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietatik 108 gizonezkoenak ziren, eta bi, emakumeak. Hobien kokapena ikertzeko eta aztertzeko 2015-2020 aldirako plana aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak duela sei urte, eta orain horren balantzea egin dute: 128 toki aztertu dituzte, eta horietatik 46tan emaitza positiboa izan da, eta hobiak aurkitu dituzte. 46 hobi horietatik 24 Bizkaian daude, 15 Gipuzkoan eta zazpi Araban.
Aurkitutako 110 gorpu horietatik, 70 gudari edo milizianoenak ziren, 26 epaiketarik gabe fusilatutako herritarrenak, eta gainerako 14ak preso edo atxilo zeudela hil ziren. Baina guztietatik 27 baino ez dituzte identifikatu: kasu horietan, gorpuzkiak senitartekoei eman dizkiete. Berdin egin dute hiru herrialdeetatik kanpo berreskuratutako bederatzi gorpuekin. Horietatik lau Nafarroan aurkitu zituzten, eta bost, berriz, Espainian. Gorpuzkiak senitartekoei eman zizkieten.
Identifikatu gabeko gorpu batzuk tokian tokiko hilerrietan ehortzirik daude, baina beste asko Elgoibarren (Gipuzkoan) eraikitako Duintasunaren Kolunbarioan daude hobiraturik. Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak iragarri du beste bat irekiko dutela Urduñan (Bizkaia).
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk esan du «biktimen duintasuna eta memoriarako eskubidea» sustatu nahi izan dutela programa honekin eta memoriaren inguruko gainerako politikekin, «baina ez gorrotorako eta liskarrerako memoria, egia jakiteko eta bizikidetzarako baizik». Gogorarazi du 1936ko gerran hil zirenei buruzko datuak sarean jarri zituztenetik Gogora institutuaren webguneak 20.000 bisita izan dituela, eta horrek, Urkulluren aburuz, erakusten du memoriaren gaiak interes handia pizten duela: «Ez dugu ahaztu nahi, ezin dugu ahaztu, eta ez dugu ahaztuko».
Urkulluren arabera, etorkizuna «bi printzipio etikoren gainean» eraiki nahi dute: «Pertsona bakoitzaren duintasunean gure gizarte ereduaren funtsezko balio eta giltzarri gisa, eta guztien memoriarako eskubidean, bakean eta askatasunean oinarritzen den bizikidetzako etorkizunaren bermatzaile gisa».
Otsailaren 23a gogoan
Iraganeko egiak azaleratzeko borondate horretan, Urkulluk ez du salbuespenik egin nahi izan 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpearen urteurrenarekin: «Egia osoa gardentasunez, sekreturik gabe eta erreserbarik gabe jakin nahi dugu, horrelakorik sekula berriro gerta ez dadin».
Beatriz Artolazabal sailburuak, berriz, gogora ekarri du 2003tik Eusko Jaurlaritzak eta Aranzadi zientzia elkarteak arlo honetan egindako elkarlana, eta batez ere nabarmendu du «Euskadi aitzindaria» izan dela memoriaren inguruko politikei dagokienez. Aranzadik egindako «lan zientifikoa» ere goretsi du, eta erantsi du lan horrekin jarraitzeko borondatea badutela, aztarna berririk agertuko balitz.
Artolazabalen esanetan, biktimek «duintasunerako eta memoriarako eskubidea» dute, «familiarteko desagertuei gertatu zitzaienari buruzko egia ezagutzeko eskubidea: izan ere, biktimak gure memoria politikaren erdigunea izan dira, eta hala izango dira aurrerantzean ere».
Sailburuak oroitarazi du Gogora institutuak oraindik orain 21.018 biktimaren datuak jarri dituela sarean, eta horietatik 7.795 inork ez dakiela non dauden lurperaturik: «Guk 110 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu ditugu, baina pertsona bakar baten gorpua berreskuratu izan bagenu ere, ahaleginak mereziko zuen».
Aranzadi elkarteko Paco Etxebarria ere ekitaldian egon da. Gogora ekarri du nola hasi ziren hobiak lokalizatzeko eta biktimen gorpuak berreskuratzeko lanetan duela hogei urte baino gehiago, eta nabarmendu du lan horrek guztiak merezi izan duela, «besterik ez bada ere, gorpuak hiltzaileek abandonaturik utzi zituzten lekuan gera ez zitezen». Etxeberriaren esanetan, biktima guztiek eskubideak dituzte, «eta horrek esan nahi du gainerakook, biktima ez garenok, betebeharrak ditugula; ez ahazteko betebeharra».
Ekitaldian biktimen senitartekoak, elkarte memorialistetako kideak eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak egon dira, Vox izan ezik.
Gerran hildakoen 110 gorpu topatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Jaurlaritzak aurkeztu du hobiak lokalizatu eta aztertzeko planaren balantzea. 27 baino ez dituzte identifikatu. Biktimen «duintasuna eta memoria» goratu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu