56 urteko emakume bat hil zuten atzo Sestaon (Bizkaia), eta Ertzaintzaren hipotesi nagusia da hilketa matxista bat izan dela. Izan ere, Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, 57 urteko gizonezko baten gorpua aurkitu zuten atzo goizaldean Bilboko itsasadarrean, Sestao parean, eta familiari haren heriotzaren berri ematera joan zirenean aurkitu zuten andrearen gorpua etxean, indarkeria zantzuak zituela. Ertzaintzak ikerketa abiatu du, baina, lehen arrastoen arabera, uste du gizonak emaztea hil zuela eta ondoren bere buruaz beste egin zuela. Hilketa gaitzesteko, protestara deitu dute gaur.
Aurten indarkeria matxistaren ondorioz hildako bigarren emakumea da Sestaokoa. Conchi zuen izena, eta hilotz agertu den etxean bizi izan da azken urteetan, senarrarekin. Bi seme-alaba heldu zituen, eta herriko ikastetxe bateko jantokian egiten zuen lan. Haren hilketa salatuko dute gaur Sestaon: eguerdian hamabost minutuko isilunea egitera deitu du udalak, Kasko plazan; eta leku berean mobilizazioa antolatu du Emari talde feministak, 18:00etan, Patriarkatua garaitzeko, estutu hortzak! lelopean.
Udalak, elkarretaratzera deitzearekin batera, hilketa gaitzesteko idatzi bat ere argitaratu du, talde politiko guztien babesarekin. «Udalak eraso matxista bortitz hori gaitzetsi nahi du, eta babesa eta hurbiltasuna adierazi nahi die senideei eta hurbilekoenei». Berretsi du indarkeria matxistaren «adierazpenik gorenena» dela hilketa, eta ez dela «ekintza bakan» bat. «Gure gizartea egituratzen duten jokabide esplizitu, mezu normalizatu eta sinbolikoen parte da, andreak gizonen mende jarraitzea helburu duena». Konpromisoa hartu du indarkeria matxistari aurre egiteko, eta baita baliabideak eta tresnak eskaintzeko ere. Mugimendu feministak antolatutako deialdiak ere babestu ditu.
Bide berari eutsi diote beste erakundeek ere. Emakundek hilketa gaitzetsi du, andreen aurkako bortxaren «adierazgarri latz eta gogorrena» dela nabarmenduta. Biktimaren sendiari eta ingurukoei babesa agertu zien, eta hilketa salatzera deitu zituen herritarrak. «Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko, herritarren jarrera aktiboa ezinbestekoa da». Eudelek ere gizartearen erantzukizuna izan du gogoan: «Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna gure udalerrietan berdintasuna eraginkor egiteko». Eusko Jaurlaritzak, Arartekoak, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Bizkaiko Diputazioak ere hilketa salatu dute.
Bortizkeria matxistaren ondorioz 2003. urtetik hildako 109. emakumea da Conchi, BERRIAk Zaurien mapa webgune berezian bildutako informazioaren arabera. Aurtengo bigarren biktima da. Urtarrilean Aintzane Pujana erail zuten Aizarnazabalen (Gipuzkoa); 32 urte zituen, eta Ertzaintzaren ikerketaren arabera, gizon batek eta emakume batek prostituitzera behartzen zuten. Hilaren 2an hil zuten, eta bikotea espetxera bidali zuten.
Beste bi atxilotu
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak beste atxiloketa batzuen berri ere eman zuen atzo. Gizonezko bat atxilotu zuten herenegun Barakaldon (Bizkaia), emakume bati sexu abusuak egitea egotzita. Gasteizen, berriz, 49 urteko gizon bat atxilotu zuten udaltzainek, amari eraso egiteagatik. Semeak erasoa aitortu zuen; andreak adierazi zuen beste aldi batzuetan ere «tratu txar fisikoak eta psikologikoak» jaso dituela semearen aldetik.
56 urteko emakume bat hil du ustez senarrak Sestaon
Gizonezkoak bere buruaz beste egin du, eta andrearen gorpua etxean aurkitu du Ertzaintzak. Instituzioek eta mugimendu feministak hilketa salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu