Jean Castex Frantziako lehen ministroak iragan ostiralean iragarri zuen neurria, eta herenegundik indarrean da. Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira sartzeko, PCR proba bat aurkeztu behar dute 11 urtetik gorako herritarrek. Halere, zenbait salbuespen badira mugatik 30 kilometroko perimetroan bizi diren herritarrentzat eta mugaz gaindiko langileentzat: lan agiria eta bizilekuaren frogagiria nahikoak zaizkie. Neurriak betetzen direla egiaztatzeko, kontrolak areagotuko dituela hitzeman du Frantziako Gobernuak.
Atzo, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko mugak azken hilabeteotako irudi bera eman zuen. Frantziako Poliziak Ipar Euskal Herrira sartzen ziren autoak kontrolatzen zituen, Santiago zubian bezala, Pausuko mugako zubian ere. Baina ez zituzten auto guziak geldiarazi; hala, ez zen auto metaketa handirik gertatu atzo, pasabide horietan. Frantziako Poliziako kide batek aitortu zuen oraingoz «pedagogia» egiten dutela, baina ez luzerako. «Jendeari esplikatzen diogu neurriak aldatu egin direla. Herenegun, pedagogia. Gaur, pedagogia eta isunak. Baina, bihartik aurrera, PCR probaren emaitzarik gabe edo arrazoi baliagarririk gabe sartzen denak isuna izanen du».
Atzo arratsaldean, ez zuten auto anitzek zeharkatu Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga. Hendaiako geltokian, topoa ere hutsik. Bertako langileak —ez du izenik eman nahi izan— baieztatu zuen ikaragarri jaitsi dela bidaiari kopurua. Frantziako Poliziaren kontrolak egunero tren guztietan daudela ere erran zuen, Frantziako bi polizia atarian daudela. Iritsi zen Lasarte-Oriatik (Gipuzkoa) datorren trena: hamar bat lagun jaitsi ziren, gehienez.
Bidaiarietako bat zen Maite Bustamante. Honela laburbildu du egoera: «Absurdoak dira neurri horiek». Hendaian bizi da, baina nortasun agiria Espainiakoa du, eta frantses klaseak hartzen ditu Irunen. Neurri berriak ez dio zuzenean eragiten, mugatik hurbil bizi delako eta beharrezko agiriekin egiten dituelako joan-etorriak. Halere, egoeraren interpretazioa egin du: «Neurriak etengabe aldatzen dituzte. Ondorioa da jendea beldur dela: ez daki zer egin daitekeen eta zer ez. Begira! Inguruan ez da nehor. Neurri horiek guztiek jendea beldurrarazteko dira. Bizia konplikatzen digute, neurriak ez direlako batere argi, gainera».
Nola itzuli jakin ezin
Mugatik 30 kilometro baino gehiagora bizi direnentzat, ordea, ez da gauza bera. Itxaso Agirre Garcia Iruñean bizi da, baina aita Donaixtikoa (Nafarroa Beherea) du. Orain arte aita ikustera joateko «aitzakiak prestatu behar izan» dituela aitortu zuen; «bankuko agiria», adibidez. «Horretaz baliatu ginen gibelatekoan aita ikustera joateko. Gainera, kontuan hartu behar da etxeratze agindua tenore desberdinetan dela, eta horrek adi egotea eskatzen du. Segurtasun falta hori pairatzen dugu etengabe; ez da batere goxo», deitoratu zuen. Castexek iragarritako neurriarengatik, PCR proba egitea derrigorrezkoa izanen du aita bisitatzeko. Egoera fite aldatzea espero du: «Neurri horiengatik, beti aitzinetik kalkulatu behar dugu; aukera galtzen dugu errateko bat-batean joanen garela aitaren ikustera. Erabakitzeko eskubide hori galtzen dugu».
Egoera bertsuan da Oihana Otegi. Miarritzen (Lapurdi) bizi dira haren guraso eta senideak. Hark Gasteizen egin du bizia. «Gurasoen etxetik Hendaia eta Irun arteko mugako zubira 30 kilometro dira, justu-justu». Ez daki oraindik Ipar Euskal Herrira joaten ahalko ote den. Neurriak eta salbuespenak ulertzeko diren zailtasunak aipatu ditu: «Jendeak ez du argi, gauza ezberdinak entzuten ditugu leku batetik bestera, eta ez da batere goxo». Egun batzuk utziko ditu pasatzen Ipar Euskal Herrira etorri aitzin. «Halakoetan, nahiago dut zuzenki Frantziako Poliziara deitu, ez arriskatzeko». Pandemiaren testuinguruan, «planifikatzea zaila» zaio, dena den. «Astero aldatzen dira gauzak. Nahiago dut ez sobera planifikatu, zaila baita neurrien arabera jokatzea». PCR proba beharko balu, beste arazo bat izango luke Otegik. «PCR proba egiteko, Hego Euskal Herrian hurbileko kontaktu izan behar duzu, edo sintomak garatu behar dituzu. Zure baitarik ezin duzu egin zerbitzu publikoan. Pribatuan, ez da arazorik, baina proba erosi behar duzu: 120 euro dira. Nik uko egiten diot osasun sistema pribatuan egin behar izateari», gehitu du.
Zortzi pasabide, hetsirik
Pandemiaren harira hartutako neurriez gain, Frantziako Gobernuak, «terrorismoaren kontra» egitearen aitzakia hartuta, Hego Euskal Herriaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko mugako zortzi pasabide hetsi zituen urtarrilean. Herritarrek egoera salatu zuten iragan larunbatean, Sara (Lapurdi) eta Bera (Nafarroa) arteko Lizuniagako lepoan.
Dozenaka herritar bildu ziren bertan, eta Frantziako Poliziakjarritako hesiak lurrera bota zituzten. «Estatu arrotzen unean uneko eraso eta erabakiei aitzin egiteaz gain, konponbide estrukturalean finkatu behar dugu iparra. Euskal lurraldearen kontrola Euskal Herriak izan behar du, barne mugarik gabe, gure erabakiak guk geuk hartuz», aldarrikatu zuten.
Mugak irekitzea eskatzeko, EH Baik eta EH Bilduk deialdi bat antolatu dute otsailaren 14rako, Lizarrietan biltzeko (Sara, Lapurdi). Euskal Herrian mugarik ez lelopean eginen dute elkarretaratzea.
Koronabirusa
Korapilatu dute muga
PCR proba negatibo bat behar da Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira sartzeko. Pandemiaren harira hartutako neurriak «korapilatsuak» dira, herritarren ustez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu