Otegi: «Fronte zabala indartu da; hori jasanezina zaio 78ko erregimenari»

EH Bilduko koordinatzaileak esan du 'Bateragune auzia' irekitzeko erabakia «auzi politiko bat» dela. Uste du EH Bilduren ildoa aldatzeko saio bat dagoela, baina ez da «milimetro bat» mugituko

Miren Zabaleta, Rafa Diez, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez, atzo, EH Bilduren egoitza kanpoaldean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
jon olano
2020ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
«Auzi politiko bati buruz ari gara». Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune auziko epaiketa errepikatzea erabaki eta biharamunean, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak epaileen eta «bloke togadunaren» zio politikoak nabarmendu zituen, uste baitu funtsean horien helburu nagusia dela «ezker subiranista jotzea eta haren lidergoa kriminalizatzea; zergatik? Zorionez, fronte zabal hau indartu egin delako, indarrak metatu ditugulako, gero eta gehiago garelako eta, hori gutxi balitz, gure influentzia politikoa handituz doalako. Hori jasanezina zaio 78ko erregimenari. Horregatik, haren helburua da ezker subiranistaren lidergoa kriminalizatzea».

Otegik agerraldia egin zuen atzo Donostian, EH Bilduko Mahai Politikoko kideak eta auzi berean zigortutako Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Rafa Diez aldamenean zituela, Auzitegi Gorenaren erabakiari buruzko balorazioa egiteko. Balorazio politikoa, besteak beste, ez baitute oraindik ebazpenik jaso, ezta prentsa oharrik ere. Haren esanetan, abokatuei dagokie auziari buruzko irakurketa juridikoa egitea, baina oharra egin zuen:«Gorenak erabaki du beste partida bat hastea, eta pieza bat mugitu du. Baina hau ez da bukatu, eta besteok ere piezak mugituko ditugu».

Otegik Espainiako eskuineko sektoreak jo zituen erabaki horren erantzuletzat, besteak beste, gogorarazita Voxen eskariz zabaldu dutela auzia: «Hauteskundeak galtzen dituenean, Espainiako eskuina botere faktikoetan errefuxiatzen da: militarretan, komunikabideetan eta judikaturan. Badago bloke politiko bat, militar bat eta togadun bat. Horiek guztiak dira 78ko erregimena, inpugnatzen duguna».

Otegiren esanetan, jujeen erabakiak, besteak beste, «desegonkortze estrategia bati» erantzuten dio, helburu duena EH Bilduk norabide politikoa aldatzea. Baina, Otegiren arabera, indar subiranista ez da «milimetro bat» mugituko, erabaki «burujabeak» hartzen dituelako eta «konfiantza osoa» duelako: «Egiten ari garenaren gainean eta gure herrian». Konfiantza hori bera izan dezala eskatu zion jendeari: «Zerbait ongi egiten ari gara horrelako jazarpena jasateko. Aukeratu dugu hazteko modua ematen digun bide bat, eta ez gara desbideratuko».

Horrez gain, Kataluniari begira xede bat ere nabari du: «Mezu bat bidali nahi da, itxaropen oro galtzeko, Auzitegi Gorena prest dagoelako Estrasburgoko auzitegiari berari desobeditzeko».

Mobilizazioak

Egitasmo zehatzen berri eman ez zuen arren, Eba Blanco EAko idazkari nagusiak «Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta Espainiako herritar guztiei, printzipio demokratikoetan sinesten dutenei» dei egin zien «demokraziaren eta justiziaren aurkako erasoari» erantzutera eta mobilizazioetan parte hartzera. Erantzunak «proportzionala» izan behar duela uste du, eta Europari ere dei egin dio «oinarrizko askatasunen aurkako erasoari» erantzuteko: «Ez gaituzte geldituko, ezta isilduko ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.