Emakunde berriro Lehendakaritzari atxikitzeko eskatu diote Urkulluri

Zenbait talde feministak eta Emakunderen sorreran aitzindari izandakoek uste dute Emakundek organo autonomoa izan behar duela. Artolazabalek «konfiantza» eskatu dio mugimendu feministari

Beatriz Artolazabal Berdintasun eta Gizarte Gaietako sailburua lehen aldiz batzartu zen atzo Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin. ASIER BASTIDA.
edurne begiristain
2020ko irailaren 11
00:00
Entzun
Emakunde Lehendakaritzako egituratik ateratzeko erabakiak ezinegona eragin du eragile feministengan. Baita kezka eta harridura ere. Arrangura hori dela-eta egin diote eskaera Eusko Jaurlaritzari:atzera egiteko hartutako erabakian eta Emakunde lehengora itzultzeko, hau da, Lehendakaritzari berriro atxikitzeko.

Emakunderen kokapen organikoa aldatu egin da Eusko Jaurlaritzaren egitura berrian, eta aurrerantzean ez da egongo Lehendakaritzari atxikita. Iñigo UrkulluJaurlaritzako lehendakariak bere sailetik atera du institutua, eta Berdintasun eta Gizarte Gaien Sailaren esku utzi. Erabakiari kritika zorrotzak egin dizkiote talde feminista ugarik. Besteak beste, Euskal Herriko 30 talde feministak baino gehiagok tartean pandemiaren harira sortutako Bizitza Erdigunean plataforma- agiri bateratu bat kaleratu dute erabakia salatzeko, eta talde feministen artean atxikimenduak biltzeari ekin diote. Uste dute hartutako neurria «hanka sartze itzela» dela, eta Eusko Jaurlaritzari galdegin diote«ahalik eta lasterren» zuzentzea. Haien iritziz,erabakiak «bigarren mailan» kokatzen ditu berdintasun politikak, eta gobernuaren eragiteko gaitasuna murrizten du.

Talde feministek gogoratu dute 1995ean Beijingen egin zen Emakumeen Munduko IV. Konferentzian erabaki zela berdintasunerako organoak gobernuetako lehendakaritzetan kokatu behar zirela, politika publikoaren «zentralitatea» eta «genero zeharkakotasuna» bermatzeko, eta irizpide horri jarraitu ziola Emakundek sorreratik, Lehendakaritzari atxikita. Haatik, salatu dute Urkulluk «gainerako sailetan eragiteko gaitasunik ez duen sail batean» kokatu duela berdintasun institutua. Agirian diote administrazio publiko guztietako berdintasun unitateek «posizio organikoa» eta «harreman funtzional egokia» izan behar dutela, eta lehendakariari aurpegiratu diote konpromisorik ez izatea berdintasun politika «eraldatzaileak» martxan jartzeko eta «gizarte berdinzaleago eta bidezkoago» bateranzko urratsak egiteko.

Talde feministek ez ezik, Emakunderen sorreran lagundu zutenek ere atzerapausotzat jo dute Urkulluren erabakia. Txaro Arteaga Emakundeko lehen zuzendariak eta Itziar Fernandez lehen idazkari nagusiak Urkullu lehendakariari galdegin diote hartutako erabakia berriz azter dezala eta Emakunde berriro sar dezala Lehendakaritzako egituran. Uste dute genero politika transbertsalak soilik Lehendakaritzatik bermatu ahal direla, eta aldaketek «bigarren mailan» uzten dutela transbertsaltasuna.

Arteaga eta Fernandez «harrituta» agertu dira erabakiarekin. «Ez genuke sekula uste halakorik gerta zitekeenik», adierazi dute idazki batean. Eta erantsi: «Harritzen gaitu Emakunde bezalako erakunde bat herrialdearen helburuak proiektatzen diren toki instituzionalean inskribatuta ez egoteak».

Gogoratu dute 1988an Emakunde martxan jarri zutenetik lehendakaritzari atxikitako erakunde autonomo gisa jardun duela, eta, hain justu, erakundearen izaera autonomoaren garrantzia azpimarratu dute:«Estatuko gainerako lekuetan eredua izan zen, hain zuzen ere, Lehendakaritzari atxikitako erakunde gisa genero politika transbertsalak ezartzeagatik».

Kritikei erantzuna

Beatriz Artolazabal Berdintasun eta Gizarte Politiketako sailburua sortutako polemika baretzen saiatu da, eta Emakunderen egoitza nagusiari bisita egin dio sailburu gisa egin duen lehen agerraldi publikoan.Han adierazi du ulertzen duela kezka, baina ziurtatu du Jaurlaritzak berdintasunaren aldeko politika transbertsalak bultzatzen jarraituko duela, eta «konfiantza» eskatu die kolektibo feministei. «Lagun gaitzatela eskatzen diet, baita konfiantza tartea eta aukera bat emateko ere». Emakunde ez da Lehendakaritzaren menpe egongo, baina haren zuzendaritzak sailburuordetza maila izaten jarraituko du, eta erakunde «autonomo» izaera ez du galduko, sailburuak azpimarratu duenez.

Zuhurrago mintzatu da Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria. Egitura berriak erakundearen politiketan nola eragingo duen ikusteko dago, baina Landaidak espero du «orain arteko ildoari» segida ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.