Akordiorik ez dago oraingoz, eta hilabeteko greba hasi dute Kristau Eskolan. Azken unera arte negoziatu zuten herenegun arratsean, eta baita atzo ere; pausoak eman dituztela diote aldeek, baina ez dago adostasunik. Hortaz, atzo mobilizazioak hasi zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola erlijiosoetan. Sindikatuen esanetan, «erantzun positiboa» izan du deialdiak langileen aldetik; Kristau Eskolaren arabera, ordea, bost beharginetik bakarrak jo du lanuztera. Kontuan izatekoa da gutxieneko zerbitzuak areagotu egin dituela Eusko Jaurlaritzak. Adostasunik ez badago, abenduaren 5era arte egingo dute greba. Familiak erdian harrapatuta daude: soluzioa eskatu dute.
Ikastetxeetan nabaritu zuten greba atzo. Bilbon, Indautxu auzoko Jesuitak ikastetxean, adibidez, goizeko lehen orduan protesta egin zuten grebara jo duten langileek. Ordutsu berean, guraso andana bat zebilen atzera-aurrera. Etsita daude gehienak. «Espero genuen, baina honek ezin du horrela jarraitu: negoziazio bat arazo bihurtu dute denek». Adostasunerako deia egin zuen ama batek ikastetxe atarian.
Luze doa gatazka, izan ere; azken bi ikasturteetan, 27 egunetan jo dute langileek grebara, eta hilabeteko deialdia dute orain. Azken egunetan urratsak egin dituzte negoziazioetan, orain arte ikusi gabeak: mahai berean eseri dira sindikatuak, patronala eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, eta Lan Harremanen Kontseiluko kide bat ari da bitartekari lanean.
Akordiorik ez dago oraingoz, ordea, eta «nekatzen» hasita daude familiak, areago hilabeteko greba deialdia ikusita. «Gehiegizkoa iruditzen zait. Greba giro iraunkor honek kalte egiten dio haurren hezkuntza prozesuari». Umeen eskubideez mintzo da ama bat: «Greba eskubidea bai, baina iruditzen zait ahazten ari zaiela haurren hezkuntza eskubidea».
Eskolarik ez, zaintza bai
Negoziazioek fruiturik emango ote duten, horren zain daude alde guztiak. Nahiz eta greba hasi, bilerak egiten jarraituko dute. Atzo ere beste bilera bat egin zuten. ELA sindikatuko ordezkari Miren Zubizarretak aitortu du bileretan «aurrerapauso esanguratsuak» eman dituztela, baina tentuz hitz egin du: «Oraindik ez dago ezer itxita». Kristau Eskolako zuzendari Mikel Ormazabalek ere adierazi du urratsak egin dituztela, eta gertu sumatzen du akordioa. Antzera mintzatu da Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria: «asko» aurreratu dutela egunotan, eta «itxaropena» daukala.
Akordioa lortzeko aldarriarekin, manifestazioak egin zituzten langileek eguerdian. Ehunka lagun bildu ziren mobilizazioetan, eta, sindikatuen esanetan, horrek agerian uzten du beharginen egonezina. ELAk dauka gehiengoa Kristau Eskolan, eta harekin bat eginda daude LAB, Steilas eta CCOO; batasun horretan egon da orain arte UGT, baina ez da ados azaldu hilabeteko deialdiarekin.
Protestara deitu duten sindikatuen arabera, lau langiletik hiruk egin zuten grebarekin bat atzo; Kristau Eskolak %19ra jaitsi du parte hartzea. Gutxieneko zerbitzuak aurreko aldietakoen bikoitza dira, Jaurlaritzak hala erabakita: Haur eta Lehen Hezkuntzan, bi irakasle ehun ikasleko, eta Bigarren Hezkuntzan, hiru irakasle.
Ikasleak norbaiten ardurapean daude beti. «Haurrak zainduta daude une oro; moldatzen gara gutxieneko zerbitzuekin eta lanera datozen gainerako irakasleekin», azaldu du guraso batek. Ez dute ohiko eskolarik ematen, halere, eta ikastorduak galtzearekin kezkatuta daude: «Patioan edo filmak ikusten ematen dute denbora». Akordioa lehenbailehen lortzeko eskatu dute, hortaz. Negoziatzen jarrai dezatela eta ados jar daitezela, eskari hori da nagusia: «Hitz eginez konpon daiteke». Izan ere, erdian harrapatuta ikusten dute beren burua. «Ez dakigu zenbat luzatuko den hau. Zain gaude. Kontatzen diguten apurra soilik dakigu».
Greba, negoziazioen zain
Kristau Eskolan hilabeteko grebari ekin diote: sindikatuek «erantzun positiboa» ikusi dute; patronalak, txikia. Bilerak egiten jarraituko dute aldeek, ituna lortzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu