Agintari politiko eta judizialek ez dute ekimenik espetxean gertatutako heriotzak ikertzeko. Hori salatu dute Euskal Herriko, Espainiako eta Kataluniako hainbat elkartek. «Onartezina da ez ikertzea, batez ere kontuan hartuta heriotza horietatik gehienak saihets daitezkeela indarrean dagoen araudia zorrotz ezarrita», adierazi dute elkarteek manifestu batean. Horren harira, gogora ekarri dute Arabako espetxean lau gizon hil direla urte hasieratik: hilabete bakoitzeko bat. «Gertaera horiek iragarritako heriotzen kronika dira».
Salhaketak sustatu du hainbat elkartek sinatu duten manifestu hori. Zaballan gertatu diren azken heriotzak salatzeko elkarretaratzean xehatu ditu manifestuaren nondik norakoak. Elkarretaratze horretan, Zaballa Arabako espetxean hildako bi presoen familiak egon dira: Jonathan Costillasenak —apirilaren hasieran zendu zen— eta Xabier Gonzalez Garciarenak—apirilaren 25ean hil zen—.
Manifestuan bederatzi eskaera jaso dituzte espetxeetan heriotza gehiago egon ez daitezen. Neurri horietako batzuk lotuta daude heriotzen zergatiak ikertzeko ekimen faltarekin; horren harira, Cesar Manzanos Salhaketako kideak gogora ekarri du hildako presoen gorpuak azkar erraustu nahi izaten dituztela espetxeetako zuzendaritzek.
Hori gertatu da, hain zuzen ere, Gonzalez Garciarekin. Haren senideek jakinarazi dute autopsia egin eta gutxira erraustu zutela, azterketa horren txosten osoa senideei helarazi aurretik. Senideek heriotzaren nondik norakoak jakiteko ekinbideak hasiko balituzte, gorpua erraustu ondoren ezinezkoa litzateke bigarren autopsia bat egitea. Adrian Donnay Salhaketako kideak azaldu du hori gertatu zela senideak ez zituztelako «behar bezala» informatu haien eskubideei buruz.
Bilera zuzendariarekin
Xabier Gonzalezen senideek, Costillarenak bezala, auzitegietara jotzeko asmoa dute, heriotzaren erantzuleak argitzeko. Hala adierazi du Donnayk, familiaren izenean. Salhaketako kideak azaldu du familiak telefonoz jaso zuela Gonzalezen heriotzaren berri; gerora, espetxeko zuzendaria senideekin bildu zen, baina elkarrizketak bost minutu baino ez zituen iraun.
Bilera horretan egon zen Marta Aldanondo, Salhaketako abokatua. Zuzendariak azaldu zien ez zutela Gonzalezen egoeraren berri, eta «zerbait jakin izan balute» neurriak hartuko zituzketela. Aldanondok gogora ekarri du urte hasierako egoeraren inguruan galdetu ziotela: «Espetxean arazoren bat gertatzen ari ote zen aipatu genionean, esan zigun bilera amaituta zegoela, eta joan egin behar izan genuen». Donnayk esan du zuzendariarekin izandako bilerek zentzua dutela baldin eta borondatea badu senideak entzuteko eta erantzukizunak onartzeko. «Zuzendariak eman zuen arreta tamalgarria dela uste dugu, eta gurasoak berriz bihurtu ditu biktima».
Gonzalezek 28 urte zituen, eta Bizkaian bizi zen. Bada, bi urte eta lau hilabete zeramatzan Zaballako espetxean; denbora horretan, ez zioten baimena eman hiru alabak ikusteko. Are gehiago, azken hilabeteetan ez zioten baimenik eman bikotekidearekin egoteko ere. Halaber, senideek nabarmendu dute espetxean «nahasmena» dela nagusi. Hori azaldu du Donnayk: «Gonzalezen gurasoei oso zaila egin zaie bermez komunikatzea haren semearekin lotutako espetxe barruko gertakariak».
Donnayk gaineratu du oraindik ez dela argitu zergatik hil zen Gonzalez. Dena den, hausnartu du saihesteko aukera zegoela, «estatuaren zaintzapean gertatzen diren gehienak bezala». Espetxeetako zuzendaritzari eta Espainiako Gobernuari galdetu die nola geldituko duten egoera; Eusko Jaurlaritzari ere bideratu dio itauna, ikusita balitekeela espetxeen eskumena eskualdatzea.
Espetxeko heriotzen zergatiak argitzeko ekimen falta salatu dute
Zaballako espetxean hildako azken presoa erraustu dute, lehen autopsiaren emaitzen azken txostena amaitu aurretik. Hainbat elkartek neurriak eskatu dituzte heriotza gehiago egon ez daitezen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu