Urbasako hilketa bortxa bikarioa dela salatu dute ehunka lagunek

Estellerriko Mugimendu Feministak deituta, 7 urteko haurraren hilketa gaitzetsi dute Lizarran. Espainiako Berdintasun Ministerioak ere adierazi du indarkeria bikarioko kasu bat izan daitekeela

Jendetza batu zen atzo iluntzean Lizarrako Koroatze plazan, umearen hilketa gaitzesteko eta amari babesa adierazteko. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2023ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Ehunka lagun elkartu ziren atzo iluntzean Lizarran (Nafarroa), Mateo Apestegi haurraren hilketa gaitzesteko, eta salatzeko indarkeria bikarioko kasu bat dela. Herenegun agertu zen 7 urteko umearen gorpua, Urbasan, Ubabako amildegian, aitarenaren alboan, eta autopsiak baieztatu zuen gizonak semeari heldu eta salto egin zuela. Espainiako Berdintasun Ministerioak adierazi du haurraren hilketa indarkeria bikarioko kasu bat izan daitekeela, eta ikerketa abiatu du. Bortxa bikarioa izan dela egiaztatuko balitz, hamabi lirateke 2003tik Euskal Herrian bortizkeria matxistaren ondorioz hildako haurrak.

Ikusi gehiago:Tere Saez, berdintasun teknikaria: «Indarkeria bikarioak bizi osoko zigorra eragiten die emakumeei»

Estellerrian, berriz, samin handiko egunak dira, baita umearen amari eta senideei babesa adieraztekoak ere. Atzo arratsaldean egin zuten haurraren hileta, Lizarrako eliza goraino beteta, eta iluntzean jendetza batu zen Koroatze plazan Estellerriko Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzera. Izan ere, feministek ere bat egin dute indarkeria bikarioaren hipotesiarekin. «Herrian, hasieratik argi genuen ez zela istripu bat», adierazi dio BERRIAri Patricia Nuñez Pittok.

Nuñezen ustez, gizonaren helburua zen «amari ahalik eta min handiena ematea, semea erabiliz». Hala ere, kasuak hedabideetan izan duen isla txarretsi du: «Gizonaren aurkako salaketarik ez zegoen, eta askok berehala esan dute gizon arrunta eta, are, atsegina zela. Hori da arazoa: gizon hori, erasotzaile hori, beste asko bezalaxe, patriarkatuaren seme sano bat zela». Bestalde, azaldu du hilketak agerian utzi dituela sistemaren hutsuneak: «Argitu behar da pertsona hori gai ote zen umearen zaintza bere gain hartzeko, eta, ezetz ondorioztatzen bada, erantzukizuna nork duen zehaztu beharko da».

Euskal Herri osoan ozendu dira indarkeria matxistaren aurkako hotsak. Emakumeen Mundu Martxak «gizartearen antolaketa sexistari» erreparatu dio: «Indarkeria matxistak hamaika aurpegi ditu, eta emakumeok bizitzako alor guztietan jasaten dugu. Lehen mailako arazo politikotzat hartu behar da». Horrez gain, «autodefentsa feminista» aldarrikatu du: «Gure bizitzak jokoan daude; bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu». Gaur arratsean protesta egitera deitu du: Hegoaldeko hiriburuetan elkarretaratzeak egingo dituzte.

Nafarroako Gobernuak elkartasuna adierazi dio berriro umearen familiari. Halere, Amparo Lopez bozeramaileak adierazi du «zuhurtziaz» jokatuko dutela, eta ez du krimena esplizituki lotu indarkeria matxistarekin: «Zenbait egoera argitu behar dira».

EH Bilduk ere babesa adierazi die amari eta gertukoei, eta bortxa bikario gisa hartu du hilketa: «Amei eragiten zaien muturreko kaltea da; indarkeria matxistaren mota guztiak bezala, giza eskubideen urraketa onartezina da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.