Adingabeen kontrako hamar sexu erasotatik zortzitan, erasotzailea familiako kide bat edo umearen ezagun bat izan ohi da. Hala dio Save the Children erakundeak argitaratu berri duen txosten batek: Por una justicia a la altura de la infancia (Haurrek merezi duten justizia baten alde). Dokumentua egiteko, adingabeen kontrako sexu erasoei buruzko laurehun sententzia inguru aztertu dituzte, eta lurralde jakin batzuetako datuak soilik egin dituzte publiko. Euskal Herriaren kasuan, Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak. Zehazki, 46 kasu.
Ikerketa aurrera eraman badute ere, datuak lortzea zaila izan dela aitortu du erakundeak. Izan ere, sexu indarkeria «haurren kontrako indarkeria motarik larrienetako bat» dela diote, baina oharkabean pasatzen dela. Hala baieztatu du Catalina Perazzo Save the Childreneko eragin sozial eta politikoko buruak: «Datu horiek icebergaren punta besterik ez dira, sexu-abusu kasuen %15 bakarrik salatu ohi baitira. Uste da halakorik ez dagoela, eta gure inguruko ume bati erasotzen badiote nabarituko genukeela, baina datuek ez dute hori adierazten».
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kasuak aztertuta, biktimaren profila nahiko zehatza da: neska eta 10-14 urte bitartekoa; biktimen %80 eta %63, hurrenez hurren. Erasotzaileei dagokionez, gehienak —%80 inguru— ezagunak izan ohi dira umearentzat, familiakoa izan ala ez. Eraso horiek salatzeko prozesua, berriz, biktimak berak eta haren amak aktibatu ohi dute.
2019-2020ko alditik prozesu judizialaren iraupena nabarmen luzatu dela azpimarratu du erakundeak, horrek dakarren guztiarekin. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, erraterako, prozesuak bi eta hiru urte bitarte iraun zuen aztertutako kasuen ia %24an. Bide horretan, biktimak deklaratu egin behar du, hori baita ebidentziarik garrantzitsuenetako bat. Froga hori jasotzeko moduaz hausnartu du Perazzok: «Garrantzitsua da baliabide egokiak izatea deklarazio hori jasotzeko eta epaiketan erabili ahal izateko. Ez da bidezkoa ume batek gertatutakoa behin baino gehiagotan kontatu behar izatea, baina gaur egun ohikoa da».
Aurretiazko froga
Hori ez gertatzeko, eta umeak behin bakarrik deklara dezan, aurretiazko froga delakoa eraman behar da epaiketara. Hau da, biktimaren deklarazioa aditu batzuek hartzen dute behin, prozesuaren hasieran, eta grabatu egiten da, eta, hala, adingabeak ez du behin eta berriz hitz egin behar jasandakoaz. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kasuen ia %80tan ez da froga horri buruzko aipamenik egiten. Hala ere, biktimaren deklarazioa epaiketen ia %70tan erabili zen. Prozesua luzea izanda ere, elkarteak dio gehienetan erasotzailea zigortzea ebazten dela —Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, adibidez, kasuen %90etan—, eta absoluzio gehienak froga faltagatik izan ohi direla.
Salatzen diren kasu bakan horietako gehienetan erasotzailea kondenatzen badute ere, erakundeak argi du oraindik ezartzeko dagoela umeak sexu erasoetatik babesten dituen «justizia sistema espezializatu» bat. Hala, zenbait proposamen bildu dituzte txostenean: epaitegi eta talde tekniko espezializatuak behar direla berretsi dute.
Barnahus eredua
Aurretiazko froga egitearen garrantzia ere azpimarratu du txostenak: «Hori egitea aukera bat da biktima urruntzeko epaitegiko instalazioetatik. Gainera, beharrezkoak ez diren deklarazioak eta azterketak ez egiteko aukera ere bada». Horrekin lotuta, Save the Childrenek proposatu du Barnahus eredua ezartzea: adingabe batek sexu eraso bat pairatzen duenean erantzuteko eredu bat da, arreta integralekoa; esku hartu behar duten eragile guztiak koordinatu egiten dira, eta leku berean egiten dute lan, haurra ez birbiktimizatzeko. Euskal Herrian, Gasteizen abiatuko dute lehena, urte amaieran.
Save the Childrenek gogora ekarri du txostenean egindako proposamenak ez direla berriak, haurrei egindako sexu erasoak nola kudeatzen diren aztertu baitzuten 2017an. Lau urte geroago, bertze dosier bat zabaldu zuten sistema judizialak adingabeen eskubideak errespetatzen dituen ala ez ikusteko. Izan ere, orain bi urte Espainiako Gorteek haurren babeserako lege organikoa onartu zuten, eta aurrerapen handiak ekarri zituen halako prozesuetan; gainera, prebentzioa funtsezkotzat jo zuen legeak adingabeen aurkako indarkeria eragozteko. Hala ere, erakundeak deitoratu du arlo juridikoan adingabeak indarkeriaz babesten dituen arau espezifikorik garatu ez izana, ez Hego Euskal Herrian, ezta estatuan ere.
Indarkeriaren biktima diren hamar adingabetatik zortzi neskak dira
Save the Children erakundeak umeen kontrako sexu erasoei buruzko sententziak aztertu ditu. Prozesu judiziala luzatu egin dela ondorioztatu du; EAEn, adibidez, bi eta hiru urte bitarte irauten du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu