Eusko Jaurlaritzak ez du Espainiako Etxebizitza Legea indarrean nahi. Lege horren aurkako helegitea aurkeztu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, argudiatuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren eskumenak urratzen dituela. Legearen zazpi artikuluren eta hainbat xedapenen aurka egin du Jaurlaritzak, bere zerbitzu juridikoek osatutako txosten batean oinarrituta. Espainiako Gobernuari elkarrizketa bat eskatu dio, «legea ulertzeko moduan» dituzten tirabiretan ados jartzeko. PSE-EEko hiru sailburuek jakinarazi dute ez datozela bat helegitea jartzeko erabakiarekin; besteak beste, Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak.
Jaurlaritzaren hitzetan, Espainiako Estatuak «etxebizitzaren funtzio soziala definitzen duen botere publiko bakarra» izan nahi du: «Euskal Autonomia Erkidegoari betearazle hutsa izatea baino ez zaio geratzen, eta, honenbestez, etxebizitzaren arloko EAEko araugintza eskumena erabat hustuta geratu da». Funtsean, Autogobernu Sailak argudiatu duenez, estatua «ukatzen ari zaio euskal gizarteari, demokratikoki hautatutako ordezkarien bidez, etxebizitza politikan bere ereduaren jabe izateko aukera».
Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian, Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak esan du Madrilek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako legediak biltzen ez dituen baina haren eskumena diren gaiei dagozkien lege bat jarri duela indarrean. Horregatik, Zupiriak salatu du jokabide horrek ezarri beharreko legediaren inguruko segurtasun falta sortzen duela: «Euskadiri inposatu dizkiote autonomia erkidego honen eskumenak diren hainbat neurri».
Urradurarik ez
Kazetariek galdetu dioten arren, bozeramaileak ez du zehaztu PSE-EEko sailburuek zergatik ez duten babestu erabakia. Dena den, esan du ez dagoela «inolako urradurarik» gobernua osatzen duten bi alderdien arteko harremanean. Gainera, gogorarazi du Espainiako Gobernuak Jaurlaritzak onartutako hainbat legeren aurkako helegiteak aurkeztu dituela, baina bi aldeen artean elkarrizketa egon denetan lortu dituztela akordioak. Oraingoan ere gauza bera gertatzea espero duela esan du Zupiriak.
PSE-EEk ohar batean azaldu du Etxebizitza Legea babesten duela «euskal legeriaren testuinguruan garatzen dituen politiken errefortzu eta osagai gisa». Hala ere, sozialistek espero dute helegitea ez izatea «oztopo» legea Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzen hasteko. Gainera, gobernukideen egiteko moduarekin kexu agertu da PSE-EE: «Administrazio bakoitzak bere interesak eta eskumenak defendatzeko eskubidea errespetatzeaz harago, uste dugu horien arteko auziak saihestu behar direla ahal den neurrian, eta interes orokorra bilatu behar dela».
Aldiz, PP pozik agertu da helegitearekin. Carlos Iturgaiz PPren EAEko presidenteak uste du erabaki egokia dela helegitea jartzea, eta uste du EAJk eta PPk «elkar ulertu» dezaketela gai horretan, «Etxebizitza Legea aberrazio bat delako, soilik baietz da baietz legea eta Memoria Demokratikoaren Legea bezala».
Etxebizitza Legea apirilaren 27an onartu zuen Espainiako Diputatuen Kongresuak. PSOEk eta UP Unidas Podemosek osatutako gobernuak EH Bilduren eta ERC Esquerra Republicanaren aldeko botoak baliatu zituen lege horretarako. Aurka bozkatu zuen EAJk, «eskumenetan eginiko inbasio bat» dela iritzita. Argudio bera erabili du orain. Legea maiatzaren 26an sartu zen indarrean.
Bestalde, Jaurlaritzak atzoko bilkuran onartu zuen 45,72 milioi euro erabiltzea «etxebizitza politikak indartzeko».
Etxebizitza Legeari helegitea jarri dio Jaurlaritzak, PSE-EEk babestu gabe
Bingen Zupiriak elkarrizketa bat eskatu dio Espainiako Gobernuari, «legea ulertzeko moduan» dituzten desadostasunak konpontzeko. PSE-EEk espero du helegitea «oztopo» ez izatea legea aplikatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu