Maria Txibite: «EH Bildurekin ez dugu gobernu akordiorik egingo»

PSNko hautagaiak Geroa Bairi eta Zurekin Nafarroari adierazi die haiekin osatu nahi duela gobernua. Geroa Baiko kide bat nahi du Barkosek Nafarroako Parlamentuko lehendakari; Txibitek, PSNko bat

Ezker-eskuin, PSNko Maria Txibite eta Ramon Alzorriz, eta Geroa Baiko Pablo Azkona, Uxue Barkos eta Maria Solana. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren eskutik gobernua osatzeko bideari ekin dio PSNk, eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakari eta PSNko lehendakarigaiak argi utzi zuen bidaia horretan ez duela ezer hitzartu nahi EH Bildurekin. Atzo goizean, Uxue Barkosekin eta Geroa Bairen ordezkaritzarekin bildu zen Txibite, eta, ondoren, Zurekin Nafarroaren talde batekin, Begoña Alfaro buru zutela. Bi talde horiekin gobernua osatzeko «borondate tinkoa» duela helarazi zien PSNk, eta «baiezkoa» eman zioten Barkosek eta Alfarok. Hiruren artean 21 parlamentari batzen dituzte. 26ra iristeko gehiengo osorik ez dute, eta EH Bildurekin biltzeko asmorik ote duen galdetu zioten Txibiteri: «EH Bildurekin ez dugu gobernu akordiorik egingo», esan zuen.

Bezperan, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak gogorarazi zuen lau urtez funtsezkoak izan direla, eta ondorioz orain ezin dela esan bat-batean EH Bildu ez dela beharrezkoa. Sozialistei ohartarazi zien inbestidurarako abstentzioa ez dagoela ziurtatuta.

Bi bilerak amaituta, kazetariek Otegiren hitz horiek ekarri zizkioten gogora Txibiteri: «Ez da bat-batean ezer aldatu», erantzun zuen. «Gauza bat dira EH Bildurekin aurrekontuez, udal finantzaketaz eta beste kontuez egin ditugun akordio puntualak, eta beste gauza bat da orain aurrean duguna, erabat diferentea. Ustekaberik batere ez. Beti esan dugu EH Bildu ez dugula aintzat hartuko gobernua osatzeko».

Ikusi gehiago:Aznalek sozialistei ohartarazi die ez dela bazterketarako garaia

Horiek hala, baliteke Espainiako hauteskunde orokorren zaratak zeresana izatea. Izan ere, atzo, Madrilen, Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko eledunak hitz bera erabili zuen EH Bildurekin egindako akordioak definitzeko: haren esanetan, «oso puntualak izan dira». Madrilek PSNren asmoak baldintzatu ditzakeen galdetuta, Txibitek aipatu zuen PSOEko zuzendaritza federalak «begi onez» hartu duela hasitako bidea. Haren esanetan, gobernuari buruzko erabakia «Nafarroan hartuko da».

Hiru hilabete dituzte aurretik Txibiteren inbestidura aurrera ateratzeko eta gobernua osatzeko. Tartean, uztailaren 23an, Espainiako hauteskunde orokorrak egingo dira, eta, negoziazioak zailtzeko aukera dagoenez, Txibitek esan zuen «ahalik eta azkarren» osatu nahi duela, baina «itun on bat» lortuta, «gobernu sendo eta iraunkorra» izateko.

Geroa Baik, «lehenbailehen»

Iritzi berekoa da Uxue Barkos. Geroa Baiko hautagaiak garrantzitsutzat jo du «lehenbailehen» akordioa lortzea, baina, aldi berean, esan du horrek ez duela eragotzi behar anbizioz jokatzea eta akordio on bat lortzea.

Beste gaietan, ez dira ados jarri. Adibidez, Geroa Baik uste du udalen osaera eta gobernuarena loturik daudela, eta PSNk bereizi egin nahi ditu bi esparruak. Ekainaren 16an aukeratuko da parlamentuko lehendakaria, eta Geroa Baikoa izatea nahi du Barkosek; PSNk beretzat nahi du. Ekainaren 6an bilduko dira berriz.

EH Bilduk bilkura horietan egon behar lukeen galdetuta, Barkosek esan zuen EH Bilduri dagokiola galdera horri erantzutea. Begoña Alfarok erantzun bera eman zuen. Zurekin Nafarroako ordezkariaren arabera, ondorengo asteetan eduki politikoak negoziatu nahi dituzte, eta ondoren ikusiko dute gobernuan sartu edo ez. «Lehenik, etorkizuneko akordio programatiko horren lehentasunak markatuko ditugu, eta, gure lehentasunekin bat egiten badute, gobernua kudeatzea galdegingo dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.