Delituon biktimak zer kolektibotakoak diren aztertu dute. Delitu gehienek (231) arrazismoarekin edo xenofobiarekin dute zerikusia; 96k, sexu orientazioarekin eta identitatearekin; 68k, generoarekin; 34k, ideologiarekin eta «orientazio politikoarekin»; bederatzik, elbarritasunarekin; hiruk, sinesmen edo praktika erlijiosoekin; batek, aporofobiarekin; eta beste batek, adinarekin. Bederatzi kasutan, arrazoi batengatik baino gehiagorengatik egin diete eraso.
2022ko erasoei ez ezik, azken urteetako joerari ere erreparatu diote. 2021etik 2022ra, delitu hauek areagotu dira: antisemitismoarekin, sexu orientazio eta identitatearekin, generoarekin, ideologiarekin eta orientazio politikoarekin lotutako delituak. Generoari lotutako erasoak, esaterako, 2021ekoak halako bi baino gehiago izan dira, eta Erkorekak emakumeei egindako ziztadei egotzi die igoera: «Ia guztien biktimak emakumeak izan ziren, eta, ofizialki, gorroto larrigarria duten lesio arin gisa erregistratu ziren». Arrazakeriari edo xenofobiari lotutako gorroto delituak, berriz, %42,6 ugaritu dira urtebetean, eta sexu orientazioagatik edo identitateagatik egindakoak, %31,5.
438 delitu horiek zenbait motatakoak izan dira. Lesioak izan dira 180, mehatxuak 90, derrigortzeak 50, gorroto diskurtsoak 34, kalteak 21, eta «tratu apalesgarriak» beste 21. Sexu erasoak, lapurretak eta irainak ere egon dira, baita giza hilketa, bahiketa eta tortura kasuak ere.
Delituen %56 Bizkaian egin dituzte, %29 Gipuzkoan eta %13, Araban. Jendaurrean izan dira gehienak: %43 bide publikoan eta %11 ostalaritzako edo aisialdiko lokaletan. Aldiz, %15 etxebizitza batean egin dituzte, eta %6, Internet edo telefono bidez. Txostenean azaldu dutenez, horrek badu ondoriorik: «Gorroto delituen ehuneko handi bat biktimaren etxebizitzan edo inguruetan gertatzea erabakigarria da, halakoetan erasoaren inpaktu psikologikoa handiagoa izan baitaiteke, eta biktimaren familiari ere eragin diezaioke».
Datuei kolektiboz kolektibo erreparatuta, arrazari eta xenofobiari lotutako delituetan, esaterako, biktima gehienak (68) arabiarrak izan dira. «Aniztasun funtzionala» dutenen aurkako delituetan, berriz, biktima gehienek (lau) elbarritasun fisikoa dute. Gainerako kolektiboen datuak ez dituzte xehatu. Jatorriari dagokionez, biktimen 226 Arabakoak, Bizkaikoak edo Gipuzkoakoak dira; %26, afrikarrak; eta %16, latinoamerikarrak.
Ertzaintzak 44 pertsona atxilotu ditu halako gorroto delituekin zerikusia izan dezaketelakoan, 2021ean halako bi baino gehiago. Txostenean jaso dutenez, nabarmentzekoa da atxilotutako gehienak (41) gizonezkoak izan direla. Adinari dagokionez, berriz, atxilotuen batez besteko adina 28 urtekoa zen, 2021ekoa baino «askoz txikiagoa». Ideia bat egiteko: hamar atxilotutik bik 18 urte baino gutxiago zituzten. Gainera, 246 pertsonari egotzi diete gorroto delituak egin izana. Kasu honetan ere, gizonak dira nagusi (%77), eta 38 urte dituzte batez beste. Alabaina, atxilotutakoen kasuan ez bezala, delitu gorrotoren bat egin izana egotzi dieten adingabeak 2021ean baino gutxiago izan dira.
Arreta prebentzioari
Erkorekak hizpide izan du delituon aurrean eduki beharreko jarrera ere. Haren esanetan, «oso zaila» da sentsibilizazioaz edo komunikazioaz harago politikoki neurri prebentibo «tertziarioak eta berehalakoak» hartzea gorroto delituak egitea eragozteko: «Liskar baten aurrean, ezin da jakin erasoak gorroto elementurik izango duen». Hortaz, hobetsi du neurri hezigarriak eta sentsibilizaziorakoak hartzea «helburu diren kolektiboekin», egunero jasaten dituzten zenbait gertaera salatzen laguntzeko.