Nafarroak batxilergoko ituna eten die ikasleak sexuka bereizten dituzten eskolei

Hezkuntza Departamentuaren esanetan, Opus Deiren bi eskolek, Miravalles-Redinek eta Irabia-Izagak, «ez dituzte betetzen itunerako ezaugarriak»

Irabia-Izagaren Izaga egoitza, Cordovillan, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz - Irati Urdalleta Lete
2023ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Irailetik aurrera, Nafarroako Gobernuak ez ditu diru publikoekin finantzatuko batxilergoko ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxe pribatuak. Atzo jakinarazi zien Irabia-Izaga eta Miravalles-El Redin ikastetxeei—Opus Deirenak dira— bertan behera utzi duela finantzaketa ituna, «hezkuntza maila horretan ikasleak bereiziak dituztenez, ez dituztelako betetzen ituna mantentzeko ezaugarriak». Erabaki horrek batxilergoko zikloari eragiten dio soilik.

Izan ere, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, segregazio mota hori bukatzeko akordio bat sinatua dute gobernuak eta eskolek: lehen mailatik hasita ikasleak «era progresiboan» nahasteko konpromisoa hartu zuten ikastetxeek: hori horrela, 2021-2022ko ikasturtean, maila bakarrean eskaini zituzten ikasgela mistoak; aurten, berriz, bitan: LHko 1. eta 2. mailetan, hain zuzen. Hezkuntza Departamentuak 2026-2027ko ikasturtea jarria du epemugatzat ikastetxe horietan sexu bereizketa erabat bukatzeko. Batxilergoan, baina, ez dago konpromisoak mailaka betetzeko aukerarik, ez baita derrigorrezko etapa bat. Eta ituna ere ezin da luzatu: LOMLOE Espainiako hezkuntza legea indarrean sartu zenetik —2020 amaieran—, ikastetxeek ezin dute bereizketarik ezarri batxilergoko ikasleen artean. Miravalles-El Redin eta Irabia-Izaga ikastetxe pribatuetan, baina, ikasleak bereizten jarraitu dute, eta hori «ituna bertan behera uzteko motibo» dela ebatzi du Hezkuntza Departamentuak.

Ituna eteteko prozesuak luze jo du: iazko irailean, Hezkuntza Departamentuko ikuskaritza zerbitzuak salatu zuen Miravalles-El Redin eta Irabia-Izaga itunpeko zentroak ez zirela LOMLOE legea betetzen ari «Batxilergoari dagokionez». Izan ere, Espainiako hezkuntza legean ezarria dago ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeek ezin dutela diru publikorik jaso. Bi ikastetxe horiek legea urratzen ari zirela frogatutzat jo arren, alegazioak aurkezteko epea zabaldu zuen Hezkuntza Departamentuak. Opuseko bi zentroek hainbat alegazio aurkeztu zituzten, baina gobernuak atzo jakinarazi zuenez, atzera bota dituzte denak.

Hala ere, finantzaketa publikoa ez dute berehalakoan etengo: 2023ko abuztuaren 31tik aurrera utziko dute bertan behera, departamentuak ohar bidez argudiatu duenez, «2022-2023ko ikasturteko ikasleei kalterik ez eragiteko».

Erabakiari babesa

Oro har, alderdi politikoek bat egin dute Nafarroako Gobernuaren erabakiarekin; Navarra Suma soilik agertu da kritiko. Carlos Perez-Nievas parlamentariak esan du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak oraindik ez duela ezer erabaki horrelako itunez, eta nabarmendu du zenbait sententziatan ebatzi dutela legezkoak direlaGainera, haren irudiko, Nafarroan arazorik eman ez duen hezkuntza eredua da. Hortaz: «Kontu politikoa da bereziki, inposizio bat».

EH Bilduko parlamentari Adolfo Araizek, berriz, gogoratu du joan den astean galdetu zutela auziaz eta orain iritsi dela erabakia: «Gobernuak ez zeukan itun horiek amaitzea beste aukerarik». Dena dela, luzamendutan aritu izana egotzi dio, ez duelako ikasturte honetan eragingo. Geroa Baiko bozeramaile Uxue Barkosek ziurtatu du erabakiak bat egiten duela bere alderdiak defendatu izan duenarekin, «legezkotasuna betetzearekin». Gaineratu du bi eskolek ez dutela legezkotasun hori errespetatu. Mikel Builek, Ahal Dugu-ren bozeramaileak, berriz, nabarmendu du LOMLOEren debekua «maila guztietan konkista bat» dela. Nafarroako Parlamentuan PSNren bozeramaile den Ramon Alzorrizek positibotzat jo du berria: «30 urteren ostean, amaitu egiten dira sexuaren arabera segregatzen duten ikastetxeen itunak».

Gainerakoak, berdin

Orotara, Euskal Herrian hamabi zentrotan banatzen dituzte neskak eta mutilak: lau Nafarroan—Miravalles-El Redin Iruñean eta Zizur Txikian, eta Irabia-Izaga Iruñean eta Cordovillan—, lau Bizkaian —Arangoya Bilbon, Ayalde eta Munabe Loiun, eta Gaztelueta Leioan—, bi Gipuzkoan —Eskibel Donostian, eta Erain Irunen—, eta bi Zuberoan —Saint Michel Garikoitz Etxarrin, eta Cours l'Immaculee Conception Domintxaine-Berroetan—. Ipar Euskal Herriko bi eskolak ez, baina Hego Euskal Herriko guztiak administrazio publikoek itundutakoak dira. Nafarroan ez bezala, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, oraingoz, ez da mugimendurik egon itunak kentzeko. Baina Hezkuntza Lege aurreproiektuaren zirriborroan jasota dago: «Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoko ikastetxeetan ez da sexu bereizketarik onartuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.