Ijito herriaren aitortzarako neurriak ditu xenofobiaren kontrako legeak

Nafarroako Gobernuak foru lege proiektua onartuko du eta parlamentuan aurkeztu. Arrazakeriaren aurkako Kontseilua sortuko da politika publikoak garatzeko eta jarrera diskriminatzaileak eragozteko

Eduardo Santos Justizia eta Migrazio Politiken kontseilaria, urrian, Pertsona Migratzaileen Foroaren bilkura batean. MIGUEL OSES / NAFARROAKO GOBERNUA.
joxerra senar
Iruñea
2023ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuaren kontseiluak arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako foru lege proiektua onartu zuen atzo. Kontseilu osteko agerraldian, Eduardo Santos Justizia eta Migrazio Politiken kontseilariak nabarmendu zuen «aitzindaria» dela «estatuan zein Europan». Prebentzio arloan jarriko du ahalegin berezia lege egitasmoak, bereziki administrazio publikoan. Santosen arabera, xenofobia jasateko arriskua dutenentzat alor publikoa, bereziki Nafarroako Gobernua, «babesgune» bat izatea du helburu. Halaber, etorkizuneko legeak bultzatuko du ijito herriarentzako egiaren eta aitortzaren prozesu bat abiaraztea, eta bertaniraganean jasandako diskriminazio historia luzearen erreparaziorako «neurri zehatz, neurgarri eta aztergarriak» jasoko dira.

Gobernuaren proposamena izaki, orain parlamentuan aurkeztuko dute, legealdia amaitu bitartean onartu dadin. PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak 2019an sinatutako akordio programatikoan konpromisoa hartu zuten «gizartearen elkarbizitzarako eta berdintasunerako bereizkeriaren aurka borrokatzea», eta asmo horri erantzuten dio. Martxoan onartutako 2021etik 2026ra bitarteko Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako planaren osagarri izango da.

Gabezia bati erantzuteko asmoz egin dute. Eduardo Santosen arabera, Arrazismoaren eta Intolerantziaren aurkako Europako Batzordeak maiz adierazi du bereizkeria arrazista eta haren prebentzio faltak zerikusi zuzena duela «bereizkeriaren aurkako legedirik ez izatearekin». Batzordeak aholkatzen du diskriminazioaren aurkako legea zehatz zein osoak bultzatu behar direla. Prebentzioarekin batera, xenofobiatik babesteko neurriak ere aholkatzen ditu.

«Parte hartze handia»

Hala, gomendio horiek izan dituzte oinarri, eta hura lantzeko prozesuak hilabete batzuk iraun du, egunero bereizkeria jasaten duten migratzaileen elkarte, kolektibo eta gizarte erakundeen ekarpenak bildu baitituzte. Santosek gaineratu zuenez, departamentu arteko «elkarlan handia izan da,zeharkakotasun handiko legea baita».

Izan ere, edukiari dagokionez, departamentu guztiei eragiten dieten esparruetan eragin nahi du legeak: hezkuntzan, osasunean, zerbitzu publikoetan, etxebizitzan, teknologian, lan munduan, segurtasun publikoan eta larrialdietan, aisialdian, kirolean, komunikazioan, sare sozialetan...

Neurri nagusiak administrazio publikoari berari zuzenduak daude, eta ahalegin berezia jarriko da prebentzioaren arloan. Lege proiektuan zehaztuta dagoenez, administrazio publikoan aritzen diren langileek prestakuntza jasoko dute, eta kontzientziazio neurriak ere hartuko dira.

Horrez gain, Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Kontseilua eratzea aurreikusten dute. Politika publikoak garatzea eta legea betearaztea izango du zeregin nagusi, batik bat zainduz sektore publikoak jarrera diskriminatzaileak ez izatea, eta halakoak eragotziz. «Alor publikoa eremu seguru izatea bilatuko du, non pertsona horiek ordezkatuak eta babestuak sentituko diren».

Kontseiluaz gain, arreta bulego bat ere eratuko da, bere arraza edo jatorri etnikoagatik diskriminazioa jasan dutenak arreta osoa eta doakoa jaso dezaten. Zerbitzu publiko horrek, aholkularitza eta babesa eskaintzeaz gain, etorkizuneko neurriak eta plangintzak egiteko datuak eta informazioa eskuratuko du.

Legeak ez du zigor neurririk. Berritasunen artean dago prozedura administratiboetan diskriminazio digitalari aurre egiteko neurriak daudela, eta kontuan hartzen du arlo horretan adimen artifizialaren bilakaera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.