«Konplizitate berriak» Nafarroan, euskararen ofizialtasunaren alde

Euskararen Legeak eragindako diskriminazioa salatu du Kontseiluak, arauaren 36. urteurrenean. Hainbat eragilerekin bilduko dira, ofizialtasunaren aldeko adierazpenarekin bat egin dezaten

Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Gero eta gehiago, euskararen ofizialtasuna ozenago aldarrikatzeko. Euskararen Legeak 36 urte bete berri ditu, eta Euskalgintzaren Kontseiluak efemeridea aprobetxatu du ofizialtasunaren aldeko aldarriari heldu eta horren inguruan «konplizitateak handitzeko». Zehazki, kanpaina bat abiatu dute Nafarroan, euskara herrialde osoan ofizial izan dadila eskatzeko eta hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko xedez.

«Euskaldunak zokoratzeko, herritarren arteko berdintasuna apurtzeko legea da oraingo Euskararen Legea. Beste eskubideak ez bezala, hizkuntza eskubideak bizi diren herriaren arabera aitortzen zaizkie herritarrei», azaldu zuen Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak, Iruñean eginiko agerraldian. Bazterketa horren adibideak ere eman zituen: «Udalerri batean bizitzeagatik, umeak eta haurrak herriko eskolan euskarazko ereduan ez matrikulatu ahal izatea. Herri jakin batean bizitzeagatik, medikuaren edo administrazioaren aurrean euskaraz artatua izateko aukerarik ez izatea, edota tramiteak euskaraz egiteko amaigabeko oztopoak eta ezintasunak jasatea. Sinestezina dela esango genuke, ez bada 36 urtez bidegabekeria hori indarrean dagoela esan beharko ez bagenu».

Eskisabelekin batera, agerraldian izan ziren Hizkuntz Eskubideen Behatokiko, AEK eta IKA euskaltegietako, Nafarroako Ikastolen Elkarteko, EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeko, Sortzen elkarteko eta Topaguneko ordezkariak, besteak beste.

Azken urteetako bilakaerarekin kezkatuta azaldu zen Kontseiluko burua, hizkuntza eskubideak bermatzeko urratsik ez baitute antzeman. Are, atzeranzko joera nabaritu dute: «Kezkatzen gaituzte, zinez kezkatu ere, azken boladan hartzen ari diren zenbait erabakik: tartean, Nafarroan berezkoak ez diren hizkuntzei prestigio handiagoa ematea berezkoa den bati, euskarari, baino. Milaka nafarren bizi hizkuntzaren aurretik eta gainetik jartzea alemana, ingelesa eta frantsesa. Kontua da duela 36 urte onartu zen legeak bide ematen diela horrelako neurriei». Halako atzerapausoak «Euskararen Legearen irakurketa zurrunen ondorio» direla esan du Eskisabelek: «Euskaldunak are zokoratuago bizi dira haien lurraldean, eta ez da justiziazkoa, inondik inora ere ez».

«Hizkuntza justizia, hizkuntza kohesioa eta hizkuntza berdintasuna» eztabaidaren erdigunean jarri nahi ditu Kontseiluak, eta horiek bermatzeko bide bakarra ofizialtasuna dela azpimarratu dute. Hala, Euskararen Nafar Kontseiluak irailaren 16ko bilkuran aho batez onartutako irizpena oinarritzat hartu du Kontseiluak, aliantzak josi eta ofizialtasunaren aldeko «konplizitateak handitzeko».

Oraingoz, 70 sinatzaile

Agiri horretan, Euskararen Nafar Kontseiluak gobernua premiatu zuen euskarari izaera ofiziala ematera herrialde osoan, eta Euskararen Legea aldatzera, «herritar euskaldunen legezko baztertzea amaitu dadin eta herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak bete daitezen, herritar erdaldunenak betetzen diren bezalaxe, jakinik erabaki hori Nafarroako herritar guzti-guztiendako onuragarria izanen dela».

Helburu horren inguruan lortu nahi dute adostasuna, baina ez soilik euskalgintzako gainerako eragileen artean, baita hortik kanpo ere. Hori dela eta, datozen asteetan hainbat eragile sozialekin batzartuko dira Kontseiluko ordezkariak, adierazpenarekin bat egin dezaten.

«Egia esan, aurreko egunotan ekin diogu lanketari, eta harrituta gaude izandako harrera onarekin. Finean, gero eta herritar eta eragile gehiago ohartzen ari dira badela garaia herritarrak bereizkeriaz tratatzen dituen legea bertan behera uzteko, eta eskubide berdintasunean oinarritutako lege berri bat onartzeko».

Oraingoz, euskalgintzako eragileen atxikimenduaz gain (Nafarroako ikastolak, Sortzen, AEK, IKA, EMUN, Topagunea, EHE, Behatokia...), Nafarroa osoko beste hainbat eragileren sostengua ere jaso du ofizialtasunaren aldeko adierazpenak. Sinatzaileen artean dira Altaffayla fundazioa, Paris 365, Nafar Ateneoa, Ondalan kooperatiba eta Nafarroako EHGAM, besteak beste.

Deialdia, baina, zabalik da oraindik, eta agiriari atxikimendua eman nahi dioten eragile eta elkarteek posta elektroniko honetara idatzi beharko dute: [email protected].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.